Zerri transgeniko baten bihotza txertatu diote gizon bati AEBetan

Lehen aldiz egin dute halako ebakuntza bat arrakastaz. 57 urteko gizonak probatuak zituen bestelako prozedurak, eta ez zuen itxaropenik

Zirujauak, bihotza eskuetan dutela, ebakuntza egiteko unean, Baltimoren, AEBetan. EFE.
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
AEBetako Marylandeko Unibertsitatean egin dute historiarako urratsa. Lehen aldiz, arrakastaz lortu dute gizaki bati genetikoki eraldaturiko zerri baten bihotza txertatzea. Joan zen ostiralean egin zuten ebakuntza, eta, oraingoz, pazientea ongi dago.

The New York Times egunkariak eman zuen atzo ebakuntzaren berri. Kazeta horren arabera, gaixoak 57 urte ditu, eta David Bennet du izena. Haren bizia arriskuan zegoen, bihotzeko gaitz baten ondorioz. Bestelako prozedurak probatuak zituen; gaixoegi zegoen gizaki baten bihotza jasotzeko, eta ez zuen itxaropenik bizitzen jarraitzeko. Horregatik onartu zuen ebakuntza esperimentalarekin arriskatzea. «Hiltzea eta bizirik jarraitzearen artean aukeratu behar nuen. Agian alferreko ahalegina izango da, baina nire erabakia da», azaldu du Bennetek berak.

Zortzi ordu iraun zuen prozedurak. Zirujauen arabera, bihotza ondo ari da lanean: pultsua sortzen du, eta odol presioa. Bihotz «normala» ematen duela adierazi dute. Edonola ere, ikusi behar da nola egiten duen aurrera datozen egunetan, halakorik ez baita inoiz egin orain arte.

Saioak arrakasta badu, itxaropena emango die mundu osoan organo baten zain dauden milaka gaixori. Izan ere, horien falta da halako ebakuntzak egiteko arazo nagusia. Orain arte, bakarrik beste gizaki batetik erauzitako organoekin egin zitezkeen halako txertaketak, eta ez beti arrakastaz, organoa jasotzen duenaren immunitate sistemak askotan arbuiatu egiten baitu organo arrotza. Zerrien organo askok gizakien baliokideen antza handia dute, eta, beraz, organo iturri ia mugagabe bihur daitezke. Baina, horretarako, arbuioaren arazoa gainditu behar da.

Eraldaketa genetikoa

Azken hamarkadan asko garatu dira geneak editatzeko teknikak. Horien helburuetako bat izan da zerrien bihotzak genetikoki eraldatzea, gizakien immunitate sistemaren arbuioa eragozteko. Hamar mutazio genetiko zituen zerriak. Gizakiengan arbuioa eragiten duen molekula bat kodetzen duen gene bat indargabetu zioten, besteak beste.

Duela hilabete batzuk zerri transgeniko baten giltzurruna arrakastaz txertatu zioten gizaki bati, baina ezin da parekatu orain jakinarazi duten operazioarekin, kasu hartan bestelakoa baitzen organoa jaso zuen gizakiaren egoera: garun heriotza.

Adituek nabarmendu dute ebakuntza mugarria izan arren oraindik ezingo dela arrunt bihurtu, arbuioaren afera oraindik ez delako erabat gainditu. Ohartarazi dute terapiak heltzeko denbora asko beharko duela.

Izan ere, Bennet bihotz eta birika lanak egiten dizkion makina bati lotuta dago oraindik, halako kasuetan ohikoa den bezala. Arbuioaren zantzurik ez da agertu lehenengo egunotan. Aurreneko 48 orduak erabakigarriak izaten dira halako ebakuntzetan.

Prozesuan parte hartu duen Bartley Griffith zirujauaren esanetan, organo nahikorik ezaren arazoa amaitzeko urrats bat egin dute ebakuntza horrekin. Izan ere, soilik AEBetan hamazazpi pertsona hiltzen dira egunero transplante baten zain. Gaur egun 100.000 lagun inguru daude transplante baten zain herrialde hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.