Militarren arabera, egoera «egonkortu» arte ez dute bozik egingo Myanmarren

Estatu kolpetik urtebete bete den egunean, oposizioak «greba isila» egin du. Junta militarrak beste sei hilabetez luzatu du larrialdia

Pertsona bat, atzo, Yangon hiriko kale huts batean. «Greba isila» egin zuten. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Urtebete bete zen, atzo, junta militar batek estatu kolpea eman eta Myanmarren boterea hartu zuenetik. 2022an hauteskundeetara deitzeko konpromisoa azaldu zuen orduan, nahiz eta geroago 2023ra atzeratu data; hain zuzen, urte horretako abuztura. Baina juntaren buruzagi eta lehen ministro autoizendatu Min Aung Hlaing jeneralak atzo nabarmendu zuenez, herrialdean «egonkortasuna, segurtasuna eta baretasuna» bermatu arte, ez dute hauteskunderik egingo. Iragarri zuen, gainera, kolpea eman zutenetik indarrean dagoen larrialdia beste sei hilabetez luzatu dutela; uztailaren 31ra arte.

Efemeridea baliatuz, oposizioak «greba isila» egin zuen, eta sei orduz, 10:00etatik 16:00etara, herrialdean ia erabateko geldialdia gertatu zen. Nolanahi ere, militarrak ahalegindu ziren greba oztopatzen. Mandalay hiriko azoka bateko saltzaile batek Efe berri agentziari kontatu zionez, militarrek behartu zituzten saltzaileak dokumentu bat sinatzera, saltokiak zabaltzeko konpromisoa hartuz. «Izan da grebak porrot egiteko ahalegin alferrikako bat, eroslerik ez dagoelako, kaleak hutsik daudelako». Joan den abenduaren 10ean ere antzeko ariketa bat egin zuten militarren diktadura salatzeko.

Estatu kolpea eman zuten iaz, argudiatuz hilabete batzuk lehenago, 2020ko azaroan, egindako bozetan «iruzurra» gertatu zela. Independente denetik —1948, Erresuma Batutik— urte askoan, ia mende erdiz, egon dira militarrak agintean. 2015eko bozak Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren alderdiak irabazi zituen; baita 2020koak ere. Estatu kolpeaz geroztik etxeko atxiloaldian dago Aung San Suu Kyi, eta haren aurkako hainbat auzibide daude irekita.

Indarkeria «areagotzen»

Militarrek atzo kaleratutako oharrean azpimarratu zutenez, oposizioa «sabotajeak» egiten ari da herrialdea «suntsitzeko». Militarren indarkeriari aurre egiteko, Batasun Nazionaleko Gobernua deitutakoak —bere burua gobernu legitimotzat dauka— diktaduraren aurkako «gerra defentsiboa» iragarri zuen iazko maiatzean, eta Herriaren Defentsarako Indarrak bultzatu zituen. Gutxiengo etnikoen miliziak dira, hain zuzen, horien indar nagusia, eta, guztira, 5.000 bat kide dituzte.

Armadaren aurka ari dira, eta Preso Politikoen Babeserako Elkartea GKE gobernuz kanpoko erakundeak berriki adierazi du estatu indarrek 1.500 bat pertsona hil dituztela azkeneko urtean. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere kopuru hori bera plazaratudu. NBEren Myanmarrerako ordezkari berezi Noeleen Heyzerrek, atzo, prentsa agerraldi telematiko batean adierazi zuenez, Myanmarren egunero «areagotzen eta hedatzen» da indarkeria.Gogorarazi zuen, esaterako, estatu kolpeaz geroztik 400.000 pertsonak herrialdeko eremu seguruagoetara desplazatu behar izan dutela, herritarren erdiak —25 bat milioi pertsona— pobrezian bizi direla, eta 14 bat milioi pertsonak laguntza humanitarioa behar dutela.

Europako Batasunak eta AEBek militarren jarrera kritikatu dute, eta atzo eskatu zuten errepresioa amai dadila. Myanmargo buru militarrak azpimarratu zuen, bestalde, harreman onak dituztela Txinarekin eta Errusiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.