Soldatak igotzen ez diren susperraldia

Krisiaren aurretik bezainbeste jende dago lanean, baina ez da nabaritu ordainen hazkundean. OCDEk dio «inoiz ez bezalako egoera» dela
ESK, Steilas, eta CGT sindikatuek joan den Maiatzaren Lehenean Bilbon egin zuten manifestazioa.
ESK, Steilas, eta CGT sindikatuek joan den Maiatzaren Lehenean Bilbon egin zuten manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ivan Santamaria -

2018ko uztailak 5
Krisiaren eskaera premiazkoena izan da: lanpostu gehiago sortzea. Bada, fase hori gainditu da: Atzeraldi Handiaren aurretik baino jende gehiago dago lanean. Enplegu sorrera gizartearen sektore ahulenetara heldu da —adinekoak, haur gazteak dituzten emakumeak, gazteak eta migratzaileak—, baina susperraldi horri zerbait falta zaio: soldatak ez dira igotzen ari.

Ordainen igoerari buruzko eztabaida ohikoa bihurtu da azken hilabeteotan. Eusko Jaurlaritzak berak esan izan du behin baino gehiagotan hazkundea soldatetan islatzeko garaia dela, baina enpresaburu elkarte batzuei ez zaie gustatu mezu hori. Arazoari nazioarteko oihartzuna eman dio orain OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Elkarteak.

Soldata igoera eskasa da, non-nahi. 2017.urtearen amaieran, esaterako, ordain nominalak erdia hazi dira, hamar urte lehenago zeukaten hazkunde tasarekin alderatuta. Soldata errealarekin ere antzera gertatzen ari da: %1 igo dira batez beste OCDEko herrialdeetan —krisiaren aurreko igoeraren erdia—.

Ondorioak izan ditzake egoera luzatzeak, elkarteak ohartarazi duenez. «Herrialdeak ziklo hau hausteko gai ez badira, publikoak susperraldian duen fedea ahulduko da, eta lan merkatuan dagoen desorekan sakonduko da», dio OCDEren txostenak.

Desoreka hori da garai berrien ezaugarrietako bat. Hala, soldatak ez hazteak bereziki sari txikienak dituzten langileei eragiten die. Soldata onenak dituzten langileen %1en ordainak askoz azkarrago igotzen ari dira. Are gehiago, ordain handienak dituzten %1ek ez dute sekula gaur bezainbeste kobratu. «Soldata igoerarik gabeko hazkundeak desoreka horiek larriagotzen ditu», zehaztu du dokumentuak.

Desoreka horiek soldata arrakalari lotuta daude, era berean. Batez beste, gizonek baino %39 gutxiago kobratzen dute emakumeek OCDEko herrialdeetan. Arrakalaren parte handiena lan bizitzaren lehen erdian gertatzen da, ikerketaren arabera.

Faktore ezberdinak daude egoeraren atzean. OCDEk hiru multzotan sailkatu ditu. Lehenik eta behin, produktibitatearen igoera txikia dago, eta, horri lotuta, inflaziorik eza. Bigarrena, lan merkatuak eskatzen dituen abileziak aldatu izana da. Hirugarrena eta azkena, enpleguak kalitatea galtzea bera da: geroz eta langile gehiago nahi ez dituzten lanpostu partzialak hartzera kondenatuta daude. Gainera, soilik langabeen herenek kobratzen dute langabezia sariren bat.

Kualifikazioa handitu

Langileen kualifikazioa handitu beharra azpimarratu du OCDEk txostenean, lehentasun modura. Automatizazioak arriskuan jarriko ditu lanpostuen %14 laburrera begira, eta digitalizazioak goitik behera aldatuko du beste heren baten nolakoa.

Lanpostu batetik bestera lekualdatzeko formakuntza eta tresna egokiak ematen ez bazaizkie, langile askok ez dute irteerarik aurkituko. Horrekin batera, eta ia lehen aldiz, negoziazio kolektibo koordinatu baten aldeko mezua bidali du erakundeak, gizarte eragile «indartsu» eta autonomoekin, «kalitate handiagoa duten lan baldintzak» egotea bermatzen duela iritzita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna