Pentsioak eguneratzeko sistemak ezker-eskuin banaketa azaleratu du

KPIa soilik aintzat hartzea eskatu dute Espainiako Kongresuko ezkerreko taldeek. Faktoreetako bat izatea nahi dute eskuinekoek

Pentsiodunak eta poliziak, aurrez aurre, atzo, Espainiako Kongresuko atarian. MARISCAL / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Hain gertu eta hain urrun. Horrela daude Espainiako Kongresuko alderdi politikoak pentsioen eguneratzeko formula berria adosteari buruz. Kaleko presioak eraginda, hilabete batzuk badira adostu zutela KPI kontsumo prezioen indizea berriro aintzat hartuko zutela urte batetik bestera pentsioak zenbat igo behar diren erabakitzeko. Baina hizki txikiak zer esan behar duen erabakitzean bi taldetan banatuta daude, ezker-eskuin dialektika klasikoan.

Zatiketa hori berriro agerian geratu zen atzo: Toledoko Itunaren bilera egitekoa zuten arratsaldean —pentsioak aztertzen dituen Kongresuko batzordea—, baina, ordu batzuk lehenago, bertan behera geratu zen, akordioa lortzeko ezintasunarengatik.

Alde batetik, ezkerreko taldeak daude,Unidos Podemos, ERC eta EH Bildu, haien artean. Urtero pentsioak «gutxienez» KPIaren arabera igotzea nahi dute, horrela bermatuko dutelako pentsiodunek erosteko ahalmena ez galtzea. Eta dirua dagoenean gehiago igotzea nahi dute.

Parean, eskuin aldean, PP, Ciudadanos eta PDeCAT. Ados daude KPIa kontuan hartzearekin, baina pentsioak eguneratzeko beste faktore bat izatea nahi dute,BPGaren hazkundearekin, soldata hazkundearekin eta soldata igoerarekin batera. Hau da, ziklo ekonomikoa aintzat hartzea, egoera oso txarra denean igoera KPIaren azpitik gera dadin.

Bi taldeen artean hautatu ezinik dago gobernuaren alderdia, PSOE. Joan den asteko bileraren porrotaren ondoren, bazirudien sozialistek ezkerrarekin lerratu behar zutela, baina atzo ez zen urrats hori egitera ausartu, eta adostasuna lortu nahi zuela aldarrikatu zuen Magdalena Valerio Lan ministroak. «Ez eskatu gobernuari alde bakarreko lege bat egitea, aurrekoak egin zuen bezala. Toledoko Itunaren gomendioak dituen lege bat ekarriko du».

Tentsioa kalean

Lege berria egin bitartean, 2013an PPk bere gehiengo osoarekin erabakitakoa dago indarrean. KPIaren eta pentsioen eguneratzearen arteko lotura hautsi zuen lege horrek, eta, Gizarte Segurantzaren defizit handiaren ondorioz, orduz gero pentsioak urtero soilik %0,25 igotzea ekarri du.

Igoera txiki horrek pentsiodunen haserrea eragin du, eta protestan aritu dira urtarrilaz geroztik, Hego Euskal Herrian batez ere. Atzo Kongresuaren aurrean elkartu ziren ehundik gora pentsiodun, eta bultzaka aritu ziren Kongresura hurbiltzea eragotzi nahi zien polizia multzo handi batekin. Unidos Podemoseko diputatuen babesa jaso zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.