Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Laguna, abenduak 3

2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Abenduaren 3a bizitzeko mila modu daude. Aurten etxetik urrun bizitzea suertatu zait. Eta zerbait berezia izan da, zirraragarria. Zer da euskara euskaldunak ez direnentzat? Maiz geure buruari egin diogun galdera da. Nola ikusten dute gure hizkuntza Euskal Herritik kanpo? Zer pizten du euskarak? Harridura, maitasuna, gorrotoa, ezertxo ere ez?

Atzo amaitu zen La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife, Kanariar uharteak) Latinako Gizarte Komunikazioari buruzko X. Nazioarteko Kongresua. Inaugurazio ekitaldia justu euskararen nazioarteko egunean izan zen, astelehen honetan, alegia. Egun horretako ekitaldi nagusian, Rogelio Botanz kantautore eta ikertzaileak distira berezia lortu zuen. Udane Goikoetxea EHUko irakasleak gidatu zuen aurkezpena. Rogelio duela 40 urte La Lagunara bizitzera joan zen 62 urteko legazpiarra da. Bere bizitzaren ardatzak hezkuntza, musika eta herri kultura izan dira. Egun ere horiexek dira. Eta horixe bera islatu zuen modu ezin ederragoan aipatu ekitaldian zeuden mundu osoko hamarnaka ikerlariren aurrean. Rogeliok interpretatu zituen kantetan gaztelania, amazigera (guantxeen hizkuntza) eta euskara fusionatu zituen. Uztarketa horri gehitu zitzaion Gomerako txistuaren erakustaldi harrigarria. Bere alaba, Ico, euskalduna bera ere, laguntzaile izan zuen zeregin horretan. Gomerako txistua guantxeek elkarrekin komunikatzeko erabiltzen zuten hizkuntza txistukatua da. 2009an Unescok Gizateriaren Kultura Ondare Immateriala izendatu zuen.

Rogeliok kantatu zuen euskaraz duen bere abestirik kutunena: Gabriel Arestiren Nire poesia. Kongresukideek hunkituta jarraitu zuten poema musikatua: «Nire poesia oso merkea da/ herriaren ahotik hartu nuen debalde/ eta debalde ematen diot herriaren belarriari». Komunikazioa eta musika zen batzarraren leloa. Fusio perfektua lortu zuen. Hamar minutu baino ez zuen iraun Rogelio Botanz eta bere taldearen kontzertuak. Bertan bildutakoen oroimenean, berriz, hamar minutu baino askoz ere gehiago iraun zuen hark sortutako konplizitateak. Bildutakoek sutsuki txalotu zuten bere lana eta, batez ere, erakutsitako maitasuna. Han zeuden, besteak beste, otomi hizkuntzan mintzo diren akademikoak.

Sortzaile ugarik idatzi dute musikak jendearen emozioak adierazteko duen ahalmenaz. Oscar Wildek, esaterako, uste zuen musika malko eta memoriatik gertuen dagoen arte-mota bat dela. Ildo beretik jo zuen Leonard Bernsteinek. Haren aburuz, «musikak izendaezina izendatu eta ezezaguna komunikatzeko ahalmena du». U2 talde mitikoko Bonok botere ikaragarria aitortu dio beti musikari. Bere ustez, musikak pertsonak alda ditzake eta, hori egiteko gai bada, mundua bera ere alda dezake. Nik ez dakit hainbesterako denik, baina joan den astelehenean Botanz eta bere Puntos Suspensivos taldea gure barruak astintzeko gai izan ziren. Etxetik urrun geunden, 2.200 kilometrora; hala ere, inoiz baino euskaldunago sentitu ginen. Egun berezia izan zen, zalantzarik gabe. Oso desberdina guretzat.

Hasierako galderara bueltatuta: zer pizten du euskarak Euskal Herritik kanpo? Erantzun bakarra onartzen ez duen itauna da, jakina. Aurreiritzi dezente eta ezjakintasun ugari dago gure hizkuntzaren inguruan. Behinik behin, aurten La Lagunan, euskara baliagarria izan zen kongresuan geunden joera ideologiko desberdineko euskaldunak batzeko. Baina ez hori bakarrik, bertan bildutako euskaldunok konprobatu genuen euskal herritarrak ez direnen artean ere euskara miresmena sortzen duen artefaktu ikaragarri indartsua dela, herriak batzeko eta jendearen arima konkistatzeko duen ahalmena handia baita. Hizkuntza, musika eta komunikazioaren magia sentitu genuen.

Euskalduna izan edo ez, euskarak batu egiten gaitu. Eta galdera da: zergatik ez da abenduaren 3a ofizialki jai eguna? Zergatik ez dago gorriz gure egutegian? Abenduaren 6ak edota 8ak gehiago batzen gaitu akaso?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.