'Brexit'-a atzeratu nahi duela gezurtatu du Erresuma Batuak

Parlamentuak akordioa baztertu dezakeela aurreikusita Londres eta EB 50. artikulua luzatzeaz hitz egiten ari direla kaleratu du hedabide batek

Igor Susaeta -

2019ko urtarrilak 9
Gaur-gaurkoz, Komunen Ganberak ez du onartuko Erresuma Batuak eta EB Europako Batasunak brexit-erako onartutako ituna. Datorren asteartean dira horri buruz bozkatzekoak. Halere, Theresa May lehen ministroak ez du Lisboako Ituneko 50. artikulua luzatzeko asmorik, eta, horrenbestez, akordioarekin edo gabe, Erresuma Batuak EBko kide izateari utziko dio martxoaren 29an, aurreikusitako datan. Badira, ordea, kontrakoa diotenak. Herenegun, azken orduan, «beharbada» 50. artikulua luzatu beharko dutela adierazi zien kazetariei Margot James Kultura Digitalerako ministroak; eta, atzo, Londres eta Brusela artikulu hori luzatzeaz hitz egiten ari direla kaleratu zuen The Dayly Telegraph egunkariak, batasuneko iturriak aipatuz.

Hori guztia gezurtatu zuen Stephen Barclay Erresuma Batuaren brexit-erako ministroak atzo bi hedabidetan, eta gaineratu ez dela Erresuma Batuak har dezakeen «aldebakarreko» erabaki bat: «27 estatu kideen baimena beharko litzateke horretarako». Gehitu zuen «arazo praktikoak» eragingo lituzkeela gisa horretako erabaki batek. Bide batez, Mayk azkeneko asteetan azpimarratutakoa errepikatu zuen: «Horri buruzko gobernuaren politika argia da: Europako Batasunetik aterako gara martxoaren 29an. Ez daukagu epea luzatzeko asmorik».

Downing Streeteko 10. zenbakiko zenbait iturriren arabera, Londres eta Brusela hizketan ari dira, Mayk Irlandako mugarako ezarritako backstop delako protokoloari buruzko «berme gehigarriak» nahi dituelako akordioarentzat. Europako Batzordeak herenegun berretsi zuen ez dutela ituna berriro negoziatu, eta atzo antzera mintzatu zen Nathalie Loiseau Europarako Frantziako ministroa. Haren esanetan, Erresuma Batuko diplomaziarekin ez dute hitz egin 50. artikulua luzatzeaz. «Besterik ezin dugu egin. Irteerakoa akordio ona da... Bete egin behar dugu». Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroarentzat, ez da 50. artikuluaren luzapenaz hitz egiteko garaia. Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroak herenegun adierazi zuenez, ez du baztertzen Mayk eskatzen dituen berme horiek eskaintzea Bruselak.

Akordioaz eztabaidatzen hasiko dira gaur Komunen Ganberan. Barclayrentzat, Alderdi Kontserbadoreko zenbait diputatuk orain aste batzuk baino jarrera «irekiagoa» dute. Bitartean, akordiorik gabeko brexit baterako argibideak ematen dituen webgune bat ireki du gobernuak.