Sirian egiten ari den eraso «arbitrarioak» amaitzeko eskatu dio Errusiak Israeli

AEBek erretiratzea erabaki zutenetik lehen aldiz bildu dira Erdogan eta Putin. Damaskoren eta kurduen arteko elkarrizketen alde dago Putin

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, atzo, Moskun. ALEXANDER NEMENOV / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Neurri batean, behintzat, egoera aldatu da Sirian, AEBak han dituzten soldaduak herrialdetik ateratzen hasi zirenetik. Aste pare bat baino ez dira igaro orduz geroztik, eta jokaleku berria zein den aztertzeko bildu ziren atzo, Moskun, Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoa. Hainbat gai jorratu zituzten, eta horietako bat izan zen Israelgo armada azkenaldian Sirian egiten ari den erasoak. Tel Avivek dio Iranek Damaskon dituen posizioak dituztela helburu bonbardaketek. Bi agintarien arteko bileraren aurretik, horri buruz mintzatu zen Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramailea, eta Israeli eskatu zion eraso «arbitrario» horiek amaitzeko.

Ankarak «irtenbide politiko bat» eman nahi dio Siriako egoerari, Fahrettin Altun Turkiako presidentetzaren komunikazio arduradunak atzo esan zuenez. Herrialdearen iparraldera begira jarri da Ankara. Erabat mendean hartu asmo du eremu hori —orain ipar-mendebaldea du kontrolpean—, eta bertan 32 kilometroko «eremu seguru bat» sortzeaz mintzatu da Erdogan Donald Trump AEBetako presidentearekin. Turkiako presidentearen esanetan, eremu hori Ankarak kontrolatu beharko lukeela iradoki dio Trumpek. Ipar-ekialdea YPG Herriaren Babes Unitateek dute kontrolpean —kurduen miliziak—, eta Siriako armadari laguntza eskatu zion duela aste batzuk, Turkiaren balizko erasoaldi bati aurre egin ahal izateko —lehen, AEBen laguntza zuten milizia kurduek—.

Atzoko bileraren ondoren, Putinek esan zuen «babestu» egiten dituela Siriako Gobernuaren eta kurduen ordezkarien arteko elkarrizketak, nahiz eta Erdoganek argi utzia duen kurduen ordezkariak ez dituela mintzakidetzat onartzen. Hala ere, Putinen arabera, bi presidenteek babesten dute Sirian batzorde konstituziogile bat sortzea. «Zoritxarrez, oraindik ezin izan da eratu».

Iranekin batera

Putinek esan zuenez, batzorde hori sortzeko lanean ari dira Errusiako, Turkiako eta Irango diplomazialariak, eta hiru herrialde horiek laster goi bilera bat egiteko asmoa dute. Moskuk joan den astean jakinarazi zuenez, atzoko bileraren ondoren dira hori prestatzen hastekoak. Gerrari irtenbide bat emate aldera hiru herrialdeek duela bi urte hasitako Astanako elkarrizketei jarraipena emango diote. Bi hilabete barru, zortzi urte beteko dira Sirian gerra hasi zenetik. Ordutik, ehunka mila lagun hil dira, eta beste milioika lagunek etxea utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.