Uber baimenik gabe utzi dute Londresen, aplikazioa ez delako segurua

Uberrek hirian dituen 45.000 gidariak hiru astez aritu daitezke, harik eta erabakia gauzatzen den arte. Bigarrenez ukatu diote baimena

Taxi tradizional bateko gidaria Londresen, Uber aplikazioa duen sakelako baten jabeari begira. WILL OLIVER / FOKU.
xabier martin
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Londresen, Uberren auto bat hartutako bezeroek uste dute ezagutzen dutela batetik bestera eraman behar dituen auto gidaria, zerbitzua kontratatzean haren nortasuna ezagutzeko aukera izan dutelako, baina ez da beti horrela gertatzen. TfL Transport for London garraioaren agintzaritzak salatu duenez, Uberrek ez du aplikazio segurua, eta 14.000 zerbitzutan behintzat, benetako gidaria ez da izan zerbitzua kontratatzean aplikazioan azaldu dena. Uberren gidariek oso erraz esku har dezakete aplikazio informatikoan, eta beren nortasuna faltsutu gidariaren argazkia aldatuta,ez dagozkien zerbitzuak egiteko.

Segurtasunaren arazoa oinarri hartuta, TfL agintaritzak bidaiarien garraiorako baimena ukatu dio AEBetako konpainiari, eta,hiru aste iraungo duen helegite epea agortzean, Londresen ibiltzeari utzi beharko diote Uber autoek, betiere helegite bat onartu eta agintzaritzak atzera egiten ez badu.

45.000 gidari aritzen dira egun Ingalaterrako hiriburuan zerbitzuak ematen. Urtero 3,5 milioi bidaia egiten dituzte, baina Sadiq Khan alkatearen hitzak argiak dira: «Uberren erabiltzaileek ez dute gustura hartuko erabaki hau, baina haien segurtasuna da kezka nagusia».

Helegitearen zain

TfL agintzaritzak bigarren aldiz ukatu dio jarduerarako baimena Uberri; 2017an izan zen lehena, konpainiak ez zuelako gidarien aurrekari judizialen berri ematen. Edonola ere, goiz da oraindik segurutzat jotzeko Uber Londrestik kanpo geratuko dela. Segurua dena da Uberrek helegitea jarriko diola hiriko garraio agintzaritzak hartutako erabakiari, eta, azkenean, epaile batek erabakiko duela Uberrek hirian jarraituko duen ala ez.

Garraio publikoaren atalean city handiak bizi duen muturreko egoerak ez du ematen testuinguru egokia Uber jokoz kanpo uzteko. Black cab taxi tradizionalen tarifak asko garestitu dira, eta erabiltzaile askok diote garraio publikoa, oro har, bere gaitasunaren mugan dagoela. Horregatik egin du Uberrek bere lekua Londresen. Ostiral eta larunbatetan, metroak soilik zerbitzu bat eskaintzen du gauetan, eta aste barruan 23:00etan dute azken zerbitzua linea ugarik.

Hala ere, agintzaritzak garbi dio bere txostenean: 14.000 bidaia behintzat ez zegokion gidari batekin eskaini dituela Uberrek azken bi urteetan, eta horrek esan nahi du zerbitzu horiek guztiak asegururik gabe egin direla. Lege urratze larria da, eta ikusteko dago zein den horren emaitza.

Taxi gidariek Uberren aurka duten gerra Euskal Herrira iritsi da aurten, eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du urtea amaitu aurretik Uber mugatuko duen dekretua onartzeko. Dekretu horren arabera, ibilgailu gidaridunak aldez aurretik kontratatu beharko dira, eta ordu erdiko tartea izango da kontrataziotik zerbitzua hasi arte. Taxilariek soilik izango dute bezeroen bila zirkulatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.