'Impeachment'-aren txostenak dio Trumpek «arduragabe» jokatu zuela

Kongresuaren ikerketa «oztopatu» izana leporatu dio. Inteligentzia Batzordeak dio «froga nabarmenak» daudela presidentearen aurka

Donald Trump AEBetako presidentea, azaroaren 22an, impeachment ari buruzko galderak erantzuten. YURI GRIPAS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidentearen kontrako txostena aurkeztu zuen, atzo, Ordezkarien Ganberako Inteligentzia Batzordeak, haren aurkako impeachment prozesuan. Dokumentuaren arabera, «froga nabarmenak» daude presidenteari leporatzekooker jardun duela. Zehazki, Ukrainarekin izandako harremanetan «arduragabe» jokatzea eta Kongresuaren ikerketa «oztopatzea» egotzi dio. «Nabarmenak dira presidentearen arduragabekeriaren eta Kongresuko ikerketa oztopatu izanaren frogak», dio 300 orrialdeko txostenak.

AEBetako hainbat komunikabidek irailean argitaratu zituzten informazioek eragin zuten lurrikara politikoa. Horien arabera, Trumpek Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteari eskatu zion ikertzeko Joe Biden politikari demokrataren semeak Ukrainan dituen negozioak —Biden AEBetako presidenteordea izan zen 2009tik 2017ra, eta baliteke 2020an AEBetan egingo dituzten presidentetzarako bozetarako hautagai demokrata izatea—. Hedabide batzuek kaleratu zutenez, gainera, Trumpek blokeatu egin zuen Ukrainari ematekoa zen laguntza militarra, Zelenskik eskatutakoa bete artean.

Informazio hori berretsi du txostenak. Dokumentuaren arabera, Trumpek «bi ekintza ofizial» baldintzatu zituen Ukrainako presidenteak «hauteskunde lan zikina» betetzera: batetik, «Etxe Zurirako bisita preziatu bat», eta, bestetik, «Ukrainak Errusiaren kontra borrokatzeko behar zuen laguntza militar ezinbestekoa».

Trumpek ez du impeachment prozesuan laguntzeko asmorik agertu. Uko egin zion Kongresuko Batzorde Judizialak bertan parte hartzeko helarazi zion gonbitari. «Sorgin ehiza» salatu zuen, eta impeachment-a ahal bezain laster amaitzeko eskatu zuen. «Oso txarra da herrialdearentzat».

AEBetako gobernuburuak berak ez, baina haren administrazioko hainbat karguk hitz egin dute batzordean, eta hark Ukrainarekin izandako jokabidea kritikatu dute prozesuan. Esaterako, Gordon Sondland AEBen Europako Batasuneko enbaxadorearen esanetan, «mesede trukea» izan zen Trumpen eta Zelenskiren artekoa. Sondlanden adierazpenekin bat datoz Bill Taylor AEBek Ukrainan zuten bitarteko enbaxadorearen hitzak.

Sondlandek gaineratu zuen Trumpek berak ematen zituela Ukrainaren aferarekin lotutako agindu guztiak, eta Ukrainari eginiko presioen jakitun zirela AEBetako Estatu Departamentua, Segurtasun Nazionalerako Batzordea eta Etxe Zuria bera. «Guk presidentearen aginduak betetzen genituen».

Gehiengo demokratak idatzi duen dokumentua bozkatu beharko du orain Inteligentzia Batzordeak, ondoren, Batzorde Judizialaren esku uzteko. Azken horrek idatzian aztertu beharko du eta erabaki Trumpen kontrako karguak aurkezteko adina oinarririk baden ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.