FVEM:«Lan ituna ona da, bai enpresarientzat eta bai langileentzat ere»

Bizkaiko metalgintzako akordioa beste lurralde batzuetara zabaltzea nahiko luke patronalak. ABLEak erabiltzeko askatasuna goratu du

Metalgintzako langileen manifestazio bat FVEMen bulegoaren aurretik pasatzen, greba egun batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Hemezortzi urteren ondoren mugarri bat izatea nahiko genuke. Bizkaiko metalgintzan ikusi dugu sindikatuak eta enpresariak gai garela akordioak lortzeko, eta beste arlo eta lurralde batzuetara zabaltzea nahiko genuke». Jose Luis Lopez Gil FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioko presidenteak sektoreko lan hitzarmena berritzeko akordioa txalotu zuen atzo, CCOO, LAB eta UGT sindikatuekin lorturikoa. «Lan itun ona da, bai enpresarientzat eta bai langileentzat ere, eta oso garrantzitsua lurraldearentzat».

Sindikatuek aurretik egin bezala, patronalak lan hitzarmenaren eta negoziazioen inguruko balorazioa egin zuen. Gustura daude lorturikoarekin, baita iraupenarekin ere. «Hiru urterako sinatu dugu, hasieran hitz egindakoa baino pixka bat luzeagoa. Horrek epe ertaineko erabakiak hartzen lagunduko digu», aurreratu zuen. 58.000 langileri eragiten dien lan hitzarmena da, eta FVEMen arabera, sektoreko lanpostu bakoitzak beste hiru sortzen ditu zeharka.

Hitzarmenaren negoziazioak oso luzeak izan dira; 39 bilera guztira aro ezberdinetan. Horietatik zortzi, azaroan, eta udazkenerako zortzi greba egun mahai gainean zeudenean. Greba aurreko azken bileran, baina, egoera aldatu egin zen. «Sindikatuek maiatzaren 10eko plataforma bateratu [lau sindikatuek elkarrekin negoziatzea erabaki zuten] onartezina alboratu zutelako izan da posible akordioa. Horrek jarrerak gerturatzeko bidea eman du». Alde horretatik, FVEMeko buruak hainbat enpresarik jasandako «intimidazioa» gaitzetsi zuen.

Esan zuen ELAk ere hitzarmena sinatzea nahiko lukeela, baina haren falta ez dela traba izango jarrerak bateratzeko. «Ez da ezer berria, 1994az geroztik ez du hitzarmenik sinatu. Proposamen batzuk jarri genituen mahai gainean, eta sinatzea espero genuen, baina ez da hala izan». ELAk, herenegun, Lan Harremanen Kontseilutik kanpo beste sindikatuekin bildu izana egotzi zion FVEMi. Gilek ez zuen ukatu. «Sindikatu guztiekin izan ditugu harremanak, baita ELArekin ere. Aurtengo bost eguneko lehen grebaren ondoren [maiatzaren 23tik aurrera] izan ziren».

FVEMek hitzarmenaren puntu batzuk xehatu zituen, eta, besteak beste, ABLE aldi baterako lan enpresak erabiltzeko askatasunaren garrantzia nabarmendu zuen, «gure enpresariek horrela eskatu zigutelako». Soldatak eguneratu egin direla zehaztu zuen, baina atzerapenak ez direla ordainduko. Subrogazioa ere kontu «eztabaidagarria» izan zela onartu zuen, eta mantenura zabaltzea berritasuna dela.

Akordioa «beste lurralde» batzuetara zabaltzeko aukera aipatu zuen Gilek, eta Arabari buruz galdetu zioten. Akordioak Arabako ituna erraztu dezake? «Nahiago genuke hala balitz. Bizilagun ditugu, eta harreman ona dugu, baina ezin dugu haien ahotik hitz egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.