Eutanasia zigortzea konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi dute Alemanian

Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak argudiatu du norbanakoek «hiltzeko modua eta momentua erabakitzeko eskubidea» dutela

Andreas Vosskuhle Auzitegi Konstituzionaleko presidentea, atzo, erabakiaren berri ematen. THORSTEN WAGNER / EFE.
ander perez zala
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen atzo eutanasia zigortzea. Hortaz, erabaki horrekin, epaitegiak babesa eman dio pertsona baten sufrimendua laburtzearren heriotza eragitea legeztatzeari—herrialde horretan legezkoa da tratamendu bat etetea, gaixoak eskatuz gero—.

Alemaniako Parlamentuak 2015ean onartu zuen Zigor Kode eguneratua, eta, testu horretako 217. artikuluaren arabera, suizidio lagundua eskaintzen zutenek bost urte arteko espetxe zigorra jaso zezaketen.

Ordea, Andreas Vosskuhle Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak erabakiaren berri ematean argudiatu zuenez, legeen bidez susta daiteke suizidioaren prebentzioa, baina eutanasia zigortzea konstituzioaren aurka doa: «Norbanakoek hiltzeko modua eta momentua erabakitzeko eskubidea dute. Erabakia deitora dezakegu, ahal dugun guztia egin dezakegu iritzia aldarazteko, baina onartu behar dugu [erabakia] modu librean hartu duela».

Vosskuhlek aipatu zuen eskubide horren barruan legoke, hortaz, bere buruaz beste egiteko aukera, baita horretarako beste pertsona bati laguntza eskatzekoa ere.

Ez da lehen aldia Alemaniako auzitegiek artikulu horren aurkako erabaki bat hartzen dutela: iaz, Auzitegi Gorenak errugabetzat jo zituen hiru gaixori beren buruaz beste egiten lagundu zieten bi mediku. Giza hilketa leporatzen zieten biei, gaixoek eskatuta hiltzen laguntzeko botikak prestatzeagatik.

Atzoko erabakiaren ondorioz, parlamentuko diputatuek legedia berritu beharko dute; 2015eko eguneraketa onartzean azaldu zutenez, 217. artikuluaren helburua zen suizidioa «negozio mota bilakatzea» eragoztea taldeei eta norbanakoei. Horrek eragin zuen eri zeuden norbanako asko Herbehereetara edo Suitzara joatea eutanasia egiteko, eta bidaia hori egiteko ahulegi zeudenek edo gastu horiek jasateko babes finantzarioa ez zutenek senideei eskatu behar izaten zieten euren sufrimendua amaitzeko.

Testuinguru horrengatik, hainbat gaixok Auzitegi Konstituzionalera eraman zuten kasua.

Europako lau herrialdetan

Alemania ez da azken asteetan eutanasiaren aldeko jarrera agertu duen lehen herrialdea: iragan astean, Portugalgo Legebiltzarrak eutanasia despenalizatzearen alde bozkatu zuen. Agintean den Alderdi Sozialistaren eta Ezkerreko Blokearen eta ekologisten aldeko botoei esker onartu zuten.

Portugalen bigarren saialdian onartu dute despenalizazioa; 2017an, gutxigatik eman zioten ezezkoa, Alderdi Komunistak kontra bozkatu zuelako.

Harekin, lau dira dagoeneko neurria ontzat eman duten Europako herrialdeak, Belgikan, Herbehereetan eta Luxenburgon ere legezkoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.