EB, Errusia eta Txinaren azken saioa Iranekiko ituna salbatzeko

Ordainketa sistema alternatibo bat sortzea hitzartu dute, Teheranekin negozioak egin nahi dituzten enpresek AEBen betoa gainditzeko

Bi petroliontzi Irango kargaleku nagusian, Kharg uhartean, artxiboko irudi batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Iranekin energia nuklearrari buruz sinatutako akordioa salbatzeko azken ahalegin bat egin dute Europako Batasunak, Txinak eta Errusiak. Ordainketa sistema alternatibo bat hitzartu dute, Iranekin negozioak egiten jarraitu nahi duten enpresek ez ditzaten AEBen zigorrak jasan.

2015ean sinatu zuten potentzia nagusiek Irani energia nuklearraren erabilpena mugatzeko akordioa. Haren bidez, Teherango gobernuak uko egin zion arma nuklearrak garatzeari; trukean, Mendebaldeak kendu egingo zituen aurreko urteetan ezarritako isun ekonomikoak. Iranek bere konpromisoak bete arren,Donald Trumpek itun horretatik atera zituen AEBak joan den maiatzean, eta iragarri zuen ekonomikoki zigortuko zituela Iranekin tratuan aritzen ziren enpresak.

AEBetako merkatua galtzeko beldurrarengatik, azken hilabeteetan Total, Peugeot, Maersk eta Europako beste enpresa inportante askok utzi egin diote Iranekin negozioak egiteari, eta aztertzen ari ziren hainbat proiektu geratu egin dira. Ihes egite horrek auzitan jarri du Teheranek akordioaren bere zatia betetzea, nazioarteko inbertsioen bitartez gainbehera ekonomikoa eteteko aukerak eraman baitzuen akordio nuklearra sinatzera.

AEBek badute beste bide bat Iranekiko negozioak eragozteko: nazioarteko ordainketa sistema trabatzea. Gaur egun, ordainketa horiek Swift sistemaren bidez egiten dira. Belgikan du egoitza Swiftek, baina AEBetako bankuak ere sistema horretan sartuta daudenez, Washingtonek eragin handia izan dezake harengan.

Halakorik ez gertatzeko ordainketa sistema alternatibo bat osatuko dutela agindu dute akordio nuklearrari eusten dioten bost potentziak, hots, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Errusiak eta Txinak.

Federica Mogherini Europako Batasuneko diplomaziaburuak ziurtatu du akordioaren bitartez EBko konpainiek Iranekin tratuak egin ahal izango dituztela. Baina sistemaren arrakastari buruz zalantza gehiago azaldu ditu Errusiak, Vladimir Jermakov Atzerri Ministerioko ordezkariaren bitartez: «Ikusiko dugu honek guztiak funtzionatzen ote duen, AEBek presio izugarria egingo baitiote EBri, eta, bene-benetan nahi izanez gero, edozein tresna traba dezakete».

Petroliontzi mamuak

AEBetako zigor nagusiak azaroan sartuko dira indarrean, eta batek bete-betean eta oso bizkor egingo dio kalte Irani: petrolioa nahieran saldu ahal izatea. Sekulako kolpea Teheranentzat, petrolioaren irabaziak baitira gobernuaren diru iturri nagusia.

Azken hilabeteetan jada izan ditu arazoak Iranek petrolioa esportatzeko, Trump bere aliatuei presio egiten aritu delako beste lurralde batzuetako urre beltza eros dezaten. Garai bateko bezero batzuk galdu ditu —Frantzia eta Hego Korea—, eta Txina eta India erosle nagusiak gutxiago erosten ari dira.

Hori ikusita, Iranek garai bateko ohitura bat berreskuratu du: petrolioa sekretuan saltzea. Azken asteetan, Irandik hainbat petroliontzi atera dira, zabaldu ez diren portuetara. Ormuzko itsasartetik Irango uretatik atera berritan beren kokapenaren berri ematen duten sistemak itzali dituzte, zailagoa izan dadin nondik nora dabiltzan jakitea. Kalkulatu dutenez, gutxienez hamar milioi upel garraiatzen dituzten ontziak dabiltza erosle baten bila.

Analistek ez dute espero Iranen petrolio esportazioak guztiz geratzea, baina bai, ordea, asko txikitzea. Halaber, uste dute beste herrialde batzuek ekoizpena handitzeak ezingo duela estali Iranek utziko duen zuloa, eta horregatik ari da azken egunetan petrolioa garestitzen. Atzo 82 dolarrean salerosi zen, mailarik handiena 2014az geroztik. Prezio hori handiegia dela uste du Trumpek, eta, atzo, Nazio Batuen Erakundean, haserre azaldu zen Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen jarrerarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.