Benetako negu gorriak

Mundu mailako gerra nuklear batek izango lituzkeen ondorioez kezkatu da sarritan gizateria; urteotan arreta handiagoa jarri da gerra nuklear mugatu baten ondorioetan.

Juanma Gallego.
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Bitxia da jolas hau. Irabazteko modu bakarra dago: ez jolastea». Tentsio puntu gorenera heldu eta gero, WarGames filmean erabateko protagonismoa eskuratu zuen adimen artifizialak esandakoak dira hitz horiek. Hiroshiman eta Nagasakin (Japonia) lehenengo aldiz erabili zituztenetik, bonba nuklearrak kezka iturri izan dira. Gerra Hotzaren garaian erabateko protagonismoa izan zuten: 1962an, Kubako misilen krisian mundua gerra nuklear baten atarian izan zela jakina da, baina une erabakigarriagoak ere egon ziren. Astelehen honetan jakin da, adibidez, maiatzean hil zela Stanislav Petrov koronel erretiratua. 1983ko irailean, Sobietar Batasuneko alerta goiztiarreko sistema ikuskatzen ari zela, Ameriketako Estatu Batuetatik bide zetorren eraso nuklear baten berri izan zuen Petrovek. Protokoloari jaramonik egin ez, eta itxarotea erabaki zuen, bere nagusiei ezer esan gabe. Arrazoi izan zuen: radarraren akats bat izan zen. Gaur goizean gehienontzat eguzkia ohi bezala atera bada, hein batean, zendu berri den 77 urteko koronel horren balentriari zor zaio.

Petrovek erakutsitako odol hotza premiazkoa da edonon: Washingtonen, Moskun edo Pyonyangen. AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko liskarrean, elkarren arteko suntsiketa ziurtatuaren doktrinan oinarritu zen bi potentzien arteko oreka. Biek onartzen zuten WarGames filman azaldutako paradoxa; jokatuz gero, garailerik ez. Baina antzinako arauek ez dute balio jada,teknologiaren garapena aurrera doan heinean, aktore berriak sartu baitira jokoan. Egunotan Ipar Korearen inguruko tirabirek hartu dute protagonismoa, baina Indiaren eta Pakistanen arteko lehia ere kezka iturri da.

Horregatik edo, eta klima sistemaren inguruko ezagutza handitzen den heinean, gero eta gehiago dira gerra nuklear txiki batek izango lituzkeen ondorioak ikertzen dituzten zientzialariak. Balizko gerra batean erabiliko liratekeen buru nuklearren kopuruaren arabera egin dira kalkuluak. Ikerketa askotan, 50 bat leherketa hartu dira abiapuntutzat. BERRIA iritzi bila joan zaionean, Paul N. Edwars Standforreko Unibertsitateko (AEB) zientzia historialariak kalkulatu du halako gerra batean 30-60 buru nuklear erabil daitezkeela. Marraztu duen panorama ez da polita: «Ehunka edo milaka lagun hilko lirateke; milioika agian, hiri handietan jaurtiz gero. Munduko eremu askotan haizeak eramango luke leherketek eragindako hautsa, animaliak, landareak eta gizakiak pozoituz. Bonba handiak balira, kea eta hautsa estratosferara helduko lirateke, eta planetan zehar hedatuko lirateke, atmosfera ilunduz eta bi graduko hozte globala eraginez».

Boulder (Colorado, AEB) hirian dagoen Atmosferaren Ikerketarako Zentro Nazionaleko ikertzaile Michael Millsek ohartarazi du ke horrek planeta inguratuko lukeela urte askotan. «Eguzkiaren argia blokeatuta, lurrazaleko tenperaturak eta prezipitazioak jaitsiko lirateke. Horrek mundu osoko uzten galera ekarriko luke, sufrimendu globala eraginda». Bestalde, eta keak lurrazala hoztuko lukeen bitartean, estratosfera berotuko litzateke. «Hainbat urtez 50 graduko tenperatura eragingo luke han. Beroketa dramatiko horrek ondorio lazgarriak izango lituzke Lurra babesten duen ozono geruzan». Mills 2014an Earthís Future aldizkarian argitaratutako ikerketa baten egile nagusia da. Ikerketa horretan 15 kilotoiko 100 buru nuklearreko kopurua hartu zuten erreferentzia bezala, Indiaren eta Pakistanen arteko gerra irudikatuz. Simulazio horretan, atmosferara igorritako bost milioi tona ke kalkulatu zuten. Baina atmosferan eta lurrazalean sorraraziko aldaketa termiko handiez gain, ozono geruzan suertatuko zen hondatzeaz ohartarazi zuten. Hiru urte geroago, ideia hori berretsi du Millsek. «Maila erregionaleko gerra nuklear batek ozono zulo erraldoia sortuko luke. Ondorioak asko dira: eguzkiak sortutako erredura azkarra, azaleko minbizien ugaritzea eta kalteak soroetan eta ekosistemetan».

Aldaketak kliman

Millsek ehun leherketako erreferentzia hartu badu ere, uztailean Environment Magazine aldizkarian argitaratutako beste txosten baten arabera, leherketa nuklear bakarra nahikoa izango litzateke mundu osoko kliman eragina izateko. Ikerketa horretan nabarmendu dutenez, 15 kilotoiko erreferentzia erabili ohi da bonba nuklear bakoitzeko, baina gaur egungo sistema askoren potentzia 90 kilotoitan hasi eta 5 megatoira doa, hau da, 6-330 aldiz indartsuagoak dira gaur egungo bonbak. Egin duten zenbaketaren arabera, guztira 100-300 kilotoiko 1.682 bonba, 300-800 kilotoiko 697 bonba eta 1-5 megatoiko 41 bonba daude egun bost potentzia nuklear handienen armategietan. Horregatik ohartarazi dute halako bonba bakar bat aski izango litzatekeela kliman eragina izateko. Udazken nuklearra kontzeptua erabili dute egoera irudikatzeko.

Orain arte ezagunagoa izan den negu nuklearra baino xamurragoa izango litzateke egoera hori, baina, era berean, lazgarria. 1980ko hamarkadan garatu zen negu nuklearraren teoria, hein handi batean, Carl Sagan zientzialariari esker. Dibulgatzaile gisa nazioartean ezaguna zen Sagan, eta atmosfera planetarioetanaditua zen. Bereziki Artizarraren atmosfera ikertu zuen, eta hor ikusi zuen hango infernuaren eta gerra nuklear baten biharamunaren arteko parekotasuna. AEBetan zein Sobietar Batasunean eman zuen bere ikerketen berri. Aditu askoren esanetan, teoria horrek eragina izan zuen garaiko politikarien eta militarren artean, eta, neurri batean, armategiakgutxitzeko joera indartu zuen. Batez beste, negu nuklearrak 7 graduko beherapena eragingo luke munduko tenperaturan, fotosintesiaren amaiera, uzten galera eta, ondorioz, gosetea.

Saihesteko bideak

Orain erretiroan egonda ere, Aurora Bilbao mediku eta EHUko irakasle izandakoak gertutik aztertzen du arazoa. IPPNW Gerra Nuklearraren Prebentziorako Nazioarteko Medikuen Elkarteko kidea da Bilbao, eta hilaren hasieran erakundeak Yorken (Erresuma Batua) egin duen kongresuan parte hartu du. Korean halako gerra bat izatekotan, nolako eragina izango luke Euskal Herrian? «Galdera zaila da hori. Zenbat arma nuklear erabiltzen diren, horren araberakoa izango da erantzuna. Dena dela, inor ez litzateke libratuko ondorioez», azaldu du. Erradioaktibitatea fenomenoa naturala dela esan du, baina bere erabileran dauden arriskuen inguruan kezka agertu du. «X izpiak aurkitu zirenean, modu selektiboan zelula kantzerigenoak hiltzeko erabili ziren. Ondoren, Maria Sklodowska-Curiek radioa aurkitu zuen; hortik aurrera etorri da beste guztia».

Zientzialarien rola aldarrikatu du Bilbaok, eta zin hipokratikoa eta sen ona ekarri ditu gogora. «Prebentzioa ez den beste aterabiderik ez dago». Horrek eskatzen du, ezinbestean, arma nuklearren erabateko desagerpena. Hori ez al da, ordea, utopikoa? «Utopikoa da pentsatzea arma nuklearrekin batera existitzeko aukera dagoela». Millsek, bestalde, Saganek erabili zuen kontzeptu bat nabarmendu du: oinarrizko higiene planetarioa. «Horrek eskatzen du arma nuklearrak ahalik eta azkarren ezabatzea. Guk erabiltzen ez baditugu ere, norbaitek erabil ditzake-eta». Edwarsen ustez, berriz, erabakigarriena arma nuklearren ugaritzea geratzea da. «Diplomaziak, errespetuak eta komunikazio zabalak mehatxuak eta zigorrak baino hobeto funtzionatzen dute, nahiz eta zenbaitetan zigorrak ere behar diren. Orain dauden potentzia nuklearrek, bereziki AEBek eta Errusiak, tentsioa asko motel dezakete, alde bakarretik haien armategi atomikoak urrituz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.