Ekonomia sozialari 5.000 enplegu falta zaizkio krisi aurreko mailara itzultzeko

2017an, 58.444 langile ari ziren kutsu sozialeko enpresetan; hamarretik ia bederatzi, kooperatibetan. Jaurlaritzak laguntzak handitu dizkie

Langileak Mallabiako Orbea kooperatiban, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Hiru urteko suspertzea ez da nahikoa izan krisiak suntsitutako enplegua berreskuratzeko. Ez da halakorik gertatu ekonomia osoan, ezta ekonomia sozialeko enpresetan ere—kooperatibak eta langileak akziodun diren enpresak—. Atzo zabaldutako datuen arabera, 2006tik 2014ra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa sozialetan galdutako 8.898 lanpostuetatik 3.862 berreskuratu dira. Oraingo erritmoan, 2026 edo 2027ra arte itxaron beharko da krisi aurreko kopuruetara iristeko.

2017 amaierako datuen lehen aurrerapena eman zuen atzo Maria San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak. Horietan ikusten denez, 58.444 langile zituzten ekonomia sozialeko enpresek, urtebete lehenago baino 1.400 gehiago, eta 2014an baino ia 3.900 gehiago. Sektoreko ia hamar lanpostuetatik bederatzi kooperatibetan daude, eta haietan ari dira sortzen enpleguak; lanpostuak eta pisua galtzen ari dira, berriz, lan elkarteak: 7.259 langile zituzten 2014an (%13,3), eta 7.136 2016an.

1990eko hamarkadatik 2006ra gora egin zuen enpleguak enpresa horietan, eta 2006an jo zuen goia, 63.480 beharginekin. Baina krisiak enplegu horien %14 desagerrarazi zituen. Kopuru hori %7,9ra murriztu ahal izan dute kooperatibek eta ekonomia sozialeko beste egiturek.

Fakturazioan ere badute zer berreskuratu ekonomia sozialeko enpresek. 2008an jo zuten goia, 9.757 milioiren salmentekin. Sei urte geroago, %21 gutxiago saldu zuten. Orduz geroztik, urtetik urtera handitu dute fakturazioa, eta 8.109 milioira iritsi da orain, 2010-2012ko mailara. Zenbaki hobeago horiek industriaren garai onaren eskutik etorri dira. 2016tik 2017ra %6,5 gehiago saldu dute sektore horretako enpresek; eraikuntzakoek %2,8 handitu dituzte, eta zerbitzuetakoen salmentak ez gora ez behera daude. Azken atal horretan batzen dira enpleguen erdiak baino gehiago.

Lurraldeka, Debagoieneko kooperatiben indarra antzematen da. Eskualde horretan, langileen %46 ari dira ekonomia sozialean (2016ko datua). Hortik oso behera daude beste eskualdeak: %11,1 Tolosaldea-Goierrin, %10,8 Durangaldean, %8,7 Bizkaiko kostaldean... Gipuzkoan, langileen %9,8 ari dira ekonomia sozialean, eta han biltzen dira mota horretako enpleguen %51,8. Bizkaian, enpleguen %4,7 dira, eta Araban, berriz, %4,2.

Laguntzak, %15 gehiago

Ekonomia soziala «funtsezkoa da hazkunderako, gizartearen kohesiorako eta garapen jasangarriko helburuak betetzeko», aldarrikatu du San Jose sailburuak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak 4,4 milioi euro inbertituko ditu aurten mota horretako enpresak sustatzeko, iaz baino %15 gehiago. Helburua da luze gabe 5,5 milioi eurora iristea. Ekintzailetza proiektuak laguntzeak hartuko du diruaren ia erdia. Horiei esker, 143 enpresa sortu ziren 2017an—129 kooperatiba, eta hamalau lan sozietate—, 420 bazkiderekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.