ARKUPEAN

Normalak bagina bezala

Xabier Mendiguren Elizegi -

2018ko abenduak 12
Azken urteetan, behin baino gehiagotan defendatu izan dut ez direla egin behar gauzak euskararen alde, baizik eta euskaraz. Barregarria eta agian kaltegarria dela euskara goratzeko hitzaldi edo mahai-inguru bat antolatzea erdarazko ekitaldien itsasoaren erdian, eta askoz onuragarriagoa litzatekeela mahai-inguru edo hitzaldiak egitea, bai, futbolaz, sukaldaritzaz edo zernahitaz, baina euskaraz; udal guztietan euskara sail bat (bere zinegotzi, teknikari, itzultzaile, administrari, bulego, aurrekontu eta batzordearekin) edukitzea baino praktikoagoa litzatekeela hirigintza, pertsonal eta udaleko gainerako departamentuek euskaraz funtzionatzea; nagikeria itzela ematen didatela hizkuntza sustatzeko lip-dubek, ginkanek eta osterantzeko kirol probek, eta probetxuzkoagoa litzatekeela horko partaideek, etxeko patxadan, euskarazko liburu bat irakurriko balute, noizean behin.

Nire pentsamendu horiek bazuten zerbait alferkeriatik, erosokeriatik, baita elitismotik ere, baina funtsean nahi bat zeukaten gordea: normala izateko ametsa; munduko beste hizkuntza normal guztietan bezala, neure hizkuntzan mintzatzeko, irakurtzeko, bizitzeko gogoa, horri buruz pentsatzen eta horren aldeko aktibismoan jardun beharrik gabe.

Zoritxarrez, amets hori ezinezkoa da, eta hobe da horretaz garaiz konturatzea, paretaren kontra buru joka tematzea baino.

Hizkuntza minorizatuetako hiztunak ez gara dilema hori bizi dugun bakarrak: gutxiengo edo bazterketa egoeran dauden talde guztiei gertatzen zaie, eta kontzientzia garatua dutenek horretaz jabeturik ekiten diote lanari. Har dezagun, adibide moduan, arraza diskriminatu bat: zu azalez beltza bazara, helburutzat eduki zenezake koloreak axola ez duen gizarte batean bizitzea, inork ez erreparatzea zure ile kizkurrari edo sudur zapalari, eta zu zeu ere ahaztea ondokoak zu baino zurbilagoak ote diren edo ez. Normaltasuna amets izatea ona da, noski, baina dagoeneko normala bazina bezala jokatzea biderik aproposena ote da horretarako, jakinda diferente begiratuko dizutela alokairu baten bila zoazenean, lanpostu baterako elkarrizketa bat egiten dizutenean, diskoteka batean sartu nahi duzunean, zure bikotekideak bere gurasoak aurkezten dizkizunean?

Arraza aipatu dudan lekuan, beste hainbat kontu aipa litezke: joera sexual ez hegemonikoa, esate baterako, edo emakumea izatea bera. Gizartean besteak bezalakoa izateko ez da aski besteek bezala jokatzea, milaka mekanismo sozial daudelako homosexualak gutxiesteko, emakumeak bigarren mailan uzteko, zuriak ez diren arrazetakoak existituko ez balira bezala egiteko. Mekanismo horietaz ohartzea, agerian jartzea eta salatzea ezinbesteko pausoa da bazterturik dagoena erdigunera ekartzeko, anormaltzat jotzen dena normaltzat hartzen hasteko.

Horregatik onartzen dut hemen oker nengoela nire usteetan. Ez dela nahikoa euskaraz hitz egiten saiatzea, euskal kultura kontsumitzea, gizarte euskaldun batean bizi nahi izatea, nahi hori ezinezko egiten duten faktoreak ezin konta ahala direlako eta haiei ez ikusia egitea itsukeria besterik ez delako. Horrenbestez, oso positibotzat daukat iragan berri den Euskaraldia, eta jarraipena emateko moduak asmatu beharko ditugu; beharrezkoa da Durangoko Azoka, bere oasitasunean arnasa ematen digulako euskaraz sorturiko kulturan sinesten dugun guztiei; eta beste horrenbeste esango dut datorren urtean egingo den Korrikari buruz.

Hori esanda, baina, utz iezadazue amets alfer bat egiten, non euskaraz bizitzeko ez dudan beharko txapa bat jantzi paparrean, non euskarazko disko eta liburuak nagusi izango diren eguneroko bizitzan, non neure etxeko sofan sentitu ahalko naizen euskaldun, makila bat eskuan lasterka ibili beharrik gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna