CAFek modu ezin hobean amaitu du urtea: 300 milioi euroko kontratu batekin

Zazpi moduluko hamahiru tranbia egingo ditu Sydneyko auzo baterako. Lan poltsa 6.900 milio eurora igo du konpainiak, markak hautsiz

CAFek Sidneyn salduko dituen tranbien irudikapena. CAF.
Xabier Martin. Iker Aranburu
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Beasaingo CAF konpainia dena emanda doa, eta 2018. urtean errekor bat ezarriko du bere eskaera poltsan. 6.900 milioi euroren balioa duten kontratuek etorkizun oparoa bermatzen diote trengileari; epe ertainera are hobea izango da, Andres Arizkorreta presidentea sustatzen ari den errentagarritasunean aurrerapauso bat ematen badu.

Sydneytik (Australia) iritsi da 2018. urteari aparteko distira emango dion azken kontratua, eskaera garrantzitsua inondik ere. Great River City Rail Light partzuergoari adjudikatu diote Parramatta auzoko tren arineko lehen fasea. Horren barruan daude CAF Rail Australia eta Transdev Australasia. CAFek zazpi moduluko hamahiru tranbia hornituko ditu, Urbos modelokoak. Gainera, tren lineako sistemak eta integrazioa hornituko ditu, eta trenbideak izango dituen hamasei geltokietako plataforma, eta mantentze lanetarako eta euskarria emateko instalazioen diseinua eta eraikuntza ere egingo ditu. Azken lan horiek LaingO'Rourke ingeniaritza enpresari azpikontratatuko dizkio. CAF taldeak 300 milioi euro inguru jasoko ditu kontratu horren bitartez. Trenbideak 2023. urterako egon beharko du erabiltzeko prest.

Gaur egun, Parramattako tren arina da Hegoaldeko Gales Berriko gobernuak abian jarritako azpiegitura proiektu garrantzitsuenetako bat. Sydneyn eta Parramatta Handiaren hazkunde handiari aurre egitea eta eskualdeko garapen ekonomikoa lortzen laguntzea du xede.

CAF, munduari begira

CAFek mundu zabalean egiten ditu bere salmenta gehienak (%86), eta munduaren beste aldetik iritsi den kontratu handiak argi erakusten du Beasaingo konpainiaren lehiakortasuna ia merkatu guztietan aritzeko. Txina eta haren itzalekoak dira gaur egun ere oso urrun daudenak. CAFek 2010. urtean sortu zuen Australiako adarra. 2012an, Transport for New South Wales enpresarentzako bere lehen kontratua eskuratu zuen, sei tranbia egiteko.Ondoren, kontratua handitu zuten: beste sei tranbia. Hamabi unitate horiek Sydneyko Inner West linean dabiltza.

2016. urtean, berriz, Transport for New South Wales enpresak berriro hautatu zuen Newcastleko tren arinerako ACR sistemarekin hornitutako sei tranbia hornitzeko. Linea 2019ko otsailean jarriko dute martxan, eta ibilbide osoan katenariarik ez duen Australiako lehen linea izango da. Urte berean, gainera, Canberrako metroaren partzuergoko kide gisa, CAFek hamalau tranbia hornitzeko eta haien mantentze lana 20 urtez egiteko kontratua sinatu zuen. Eskaria Canberrako tren arineko lehen linearako izan zen.

Abenduan bertan beste kontratu sorta bat lortu zuen CAFek. Hil hasieran jakinarazi zituen Irlanda, Kolonbia eta Italiatik jasotako eskaera handiak. Trenak ez ezik, autobus elektrikoak ere egiten ditu CAFek, Vectia filialarekin, Nafarroan, eta Solarisen bitartez, Polonian. Azken horrek 88 ibilgailu egingo ditu Rigarako (Letonia). Abenduan, guztira, 525 milioi euroren eskaerak lortu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.