EBren abokatuak dioenez, ordezkoak bota daitezke kalte-ordainik eman gabe

Espainiako kasu baten harira eman du iritzia, baina Justizia Auzitegiak erabakiko du. Osasun publikoko behin-behinekotasuna kritikatu du

Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Administrazioan ordezko gisa kontratatutako langileek ez dute eskubiderik kaleratzean kalte-ordainik jasotzeko. Hau da, bete gabeko posturen baterako kontratatuz gero, ordezko gisa kontratatutako langileari ez diote zertan kalte-ordainik eman enplegua galtzean. EBren abokatuak eman du iritzia gaiari buruz, Madrilgo Udaleko kasu baten harira: langile bat zortzi urtez aritu zen postu batean, ordezko gisa. 2013an kaleratu zuten, funtzionario batek postu hura bete ondoren. Kalte-ordaina eskatu zuen langileak, baina ukatu egin zioten. Atzo Maciej Szpunar EBren abokatuak azaldu zuenez, justifikatuta dago funtzionarioen eta ordezko langileen arteko diferentzia hori. Dena den, EBko Justizia Auzitegiak eman behar du azken ebazpena.

Normalean, EBren abokatuen iritziak aintzat hartu dituzte EBko Justizia Auzitegiko epaileek. Szpunarrek epaileei eskatu die ebazpenean jasotzeko EBko akordio esparruak ez duela Espainiako legediaren aurka egiten. Hau da, Madrilgo Udalaren erabakia bateragarria dela lan harremanak finkatzeko EBren irizpideekin. Espainiako legeek ez dute jasotzen ordezko langileei kaleratzeagatik kalte-ordaina emateko aukera. Gainera, beste auzi bat argitzeko ere eskatu dio EBren abokatuak Justizia Auzitegiari: eaEuropako araudiekin bateragarria ote den kalte-ordaina ematea langile finko gisa ari direnei, haiek kaleratzeko «arrazoi objektiboak» baldin badaude.

Behin-behinekotasunaz

Madrilgo osasun zerbitzuko beste bi kasuren inguruko iritzia ere eman zuten atzo EBren abokatuek. 12 eta 17 urtez behin-behinean aritu ostean, langile batzuek finko egiteko eskatu zuten, baina ukatu egin zieten eskaria. Juliane Kokott abokatuaren iritziz, behargin haiei emandako erantzunak ez du urratzen EBren araudia; hau da, baztertu egin du, konpentsazio edo zigor gisa, langile horiek finko bihurtu beharra.

Kokottek azaldu du behargin horiek eskubidea zutela lanpostuan jarraitzeko «enplegatzaileak lan beharrak aztertu eta dagozkion betebeharrak bete bitartean», baina ez horren ondoren. Haiek kaleratzeko eskubidea duela administrazioak, alegia, nahiz eta kalte-ordaina eman behar dien egoera horretan egondakoei. Ez du, ordea, haien lanpostua bermatzeko obligaziorik.

Kritika ere egin du, dena den, EBren abokatuak. Kokotten ustez, ondoriozta daiteke «behin-behineko zerbitzuen bidez bete nahi dela langile premia iraunkorra». Alegia, aldi baterako kontratuak behin eta berriz lotuz bete dutela eskaria, eta hori ez datorrela bat EBko araudiarekin. 2016an, Justizia Auzitegiak ebatzi zuen gehiegizko behin-behinekotasuna zegoela Espainiako osasun publikoan.

Gaiari buruz galdetuta, Espainiako jarduneko Ogasun ministro Maria Jesus Monterok kritikatu du EBn ez dutela «zehazki ezagutzen» Espainiako administrazioko aldi baterako langileen figura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.