Hebronen greba orokorra egin dute kokaleku berri baten eraikuntza salatzeko

Israelek beste kokagune bat egin nahi du hiri historikoaren bihotzean. Palestinarrek ohartarazi dute parte zaharra judu bilakatu nahi dutela

Palestinar bat, atzo, Hebronen. Alde Zaharreko dendak itxi egin zituzten. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Dendak, eskolak eta bulegoak itxita. Horixe izan zen atzoko irudia Hebronen. Zisjordaniako hiririk handienaren erdigunean beste kokagune bat eraikitzeko iragarpenari greba orokorrarekin erantzun zioten palestinarrek. Dagoeneko bost kokagune daude erdigunean, eta beste horrenbeste periferian. Eta Israelek beste urrats bat egin nahi du: parte zaharreko azoka zaharra suntsitu,eta eraikin babestu horretan kolonoentzako 70 etxebizitza eraiki nahi ditu. Zeev Jabotinski sionismo ultrakontserbadorearen sortzailearen irudia jarri dute leku sinboliko horretan. Palestinarrentzat, parte zaharra judu bilakatzeko asmoa dago egitasmo horren atzean.

Azoka zaharra leku sinbolikoa da. 1994an kolono batek 29 palestinar hil zituen han, eta armadak, orduz geroztik, 400 denda eta negozio itxi ditu, palestinarren mugimenduak ere mugatuz. Inon islatzen bada palestinarrek bizi duten apartheid egoera hiri sakratu eta zatitu horretan da. Xalala kalea, merkatarien kale historikoa, ia hutsik dago gaur egun.

Patriarken Hilobia dago hantxe. Musulmanentzat leku sakratua da, baina tenplu bera toki santua da juduentzat ere; Ibrahimen Meskita. Israelgo Gobernuak tenplua bitan banatzea erabaki zuen 1997an. Baita hiria bera ere.

Hiri zatitua

Hebron, bada, bitan zatitutako hiria da. H1 eremua palestinarren esku dago, eta 200.000 palestinar bizi dira han. H2 eremuan, berriz, 30.000 palestinar eta 800 kolono bizi dira. Bi komunitateen artean, ehunka soldadu. Issa Amro Hebrongo Kokaguneen Kontrako Gazteak erakundeko kidearen hitzetan, euren identitatea ezabatzen ari dira: «Kontrolgune gehiago, kale itxi gehiago, apartheid gehiago».

Hebronen zatiketa okupazioaren azken pausoa izan zen palestinarrentzat, baina badirudi ez dela azkenekoa izango. Saeb Erakat PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkariaren esanetan,«anexioaren testuinguruan» ulertu behar da iragarpena: «Estatu Batuek kokaguneak zilegi direla esan ostean, begien bistako lehen emaitza da kokagune berria eraikitzeko erabakia». Nazioarteko zuzenbidearen arabera, kokaguneak legez kanpokoak dira, baina okupazio politikaren emaitzarik sendoena da.

Zisjordanian 2,8 milioi palestinar bizi dira. Israelek 132 kokagune eraiki ditu 1967tik, eta kolonoek, gobernuaren baimenik ez duten beste ehun bat. Guztira,413.000 kolono bizi dira han —Jerusalem ekialdean, 200.000—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.