SAIOA ITXI

Hasiera / Kirola

UDAKO SERIEA. Atezaina bere bakardadean (III). Ana Ruiz Mitxelena.

Oiartzundik oihartzunera

Ruiz Mitxelenak berezkoa zuen kirolerako sena. Atezain bizi eta grinatsua izan zen, eta horrek bere postuan erreferente bilakatu zuen. 1993ko azaroan hil zen, auto istripu batean, 26 urte zituela.
Exijentea. Gelditu bat egiten lan saio batean. Ez zen garaia, baina bai bizkorra mugimenduetan. Asko eskatzen zion bere buruari. ANDER RUIZ

Jon Ander De la Hoz

2020ko abuztuak 6
Garai hartako gazte asko nola, bere talde kutuneko izarraren jarraitzaile zen Ana Ruiz Mitxelena. Luis Miguel Arkonada zen Realeko orduko atezaina, eta haren bideari segika jantzi zituen eskularruak lehendabiziko aldiz, eta, ondoren, kirol ibilbide propioa egin zuen. Pasioa zuen futbola, eta huraxe izan zuen bere biziaren zeharlerroa, harik eta 1993ko azaroan Irurtzunen (Nafarroa) auto istripuz hil zen arte. 26 urte zituen Ruiz Mitxelenak. Ordutik bi hamarkada igaro diren arren, Oiartzungo atezain ohiaren oihartzuna ez da erabat apaldu.

«Garai hartan Realak zuen taldeak eta Arkonada erreferente izateak orain baino atezain gehiago egotea ekarri zuen», esan du Ander Ruiz Mitxelenak, Anaren anaiak. Sei urte gazteagoa da Ander, eta, esan duenez, «txikitatik» ikusi zuen arreba futbolean aritzen. Anak Arkonada nola, Anderrek arreba izan du erreferente.

Atezainak izaera handiko jokalariak izaten dira sarri, eta halakoxea zen Ruiz Mitxelena ere. Jokalari «bereziak» direla esan du Anderrek, eta, hain zuzen ere, zelaian nortasuna zuen ezaugarrietako bat: «Bai jokalari gisa, eta baita etxean ere. Pertsona ona zen, zintzoa, baina metxa laburrekoa».

Kirolzale porrokatua zen, zenbait diziplinatan aritzen zen, eta «oso lehiakorra» zen, haren anaiaren iritziz. Exijentzia maila handia ezartzen zion bere buruari, baita bere taldekideei ere: «Haren kide izandakoekin hizketan, esan izan didate exijentea zela bere buruarekin ere».

Kidetasun estua izan zuen jokalarietako bat izan zen Garbiñe Etxeberria (Hernani, Gipuzkoa, 1967) Realeko kirol zuzendaria: «Atezain ona zen, partidatan eta entrenamenduetan dena ematen duten horietakoa. Halaxe zen zegoen toki guztietan». Biek ala biek gaztetxotan ezagutu zuten elkar, ikasten, eta futbolean ere elkarrekin eskuratu zituzten lorpenik handienak, Oiartzungo taldearekin jokatuz. Huraxe izan zuten beren ibilbideko garai gorena, bitan Espainiako Kopa irabazita, 1987an eta 1988an.

Etxeberriak ere Ruiz Mitxelenaren bi ezaugarri nagusi ekarri ditu hizpidera: altuera eta azkartasuna. «Ez zen oso altua, baina goiko baloietan aise altxatzen zen. Behekoetan, berriz, bizia zen. Ausarta eta indartsua ere bazen». Gaitasun horien zerrendara «erreflexuak» gehitu ditu Anderrek.

Aitzindariak izan ziren

Etxeberriak eta Ana Ruiz Mitxelenak ikastola garaian ekin zioten futbolean aritzeari, «ate txikietan», eta hondartzara igaro ziren gero: «Ate handiagoak ziren, eta jokalekuak ere bai. Halere, hondartzak lurrera botatzean ematen du abantaila. Errazagoa da, beldurrik gabe aritzen uzten duelako», esan du egun Realeko emakumezkoen futbolaren kirol arloko arduradun nagusia denak.

Aritu zen talde guztietan garrantzi handiko jokalaria izan zen donostiarra. Maila bikaina izateaz gainera, zelaian zuen grina azpimarratu du Etxeberriak: «Anarentzat ez zegoen lagunarteko partidarik», esan du irribarrez. Zelaian aritzeko modu horrek eta kokalekuak ahalbidetu zioten taldeko kapitain izatea.

Ana Ruiz Mitxelenak eta haren garaiko jokalariek 1980ko hamarkadaren hondarrean osatu zuten beren futbol ibilbidearen aldirik oparoena. Oso bestelako garaiak ziren emakumezko futbolarientzat; txapelketek ez zuten orain duten oihartzunaren laurdenik ere, eta fitxa federatiboen kopurua ere nabarmen murritzagoa zen oraingoen aldean. Hargatik, ondorengo belaunaldiei orduko bide estua apur bat gehiago zabaltzen lagundu zieten Ruiz Mitxelenak eta enparauek. Ander nebak zehaztu duenez, lagun talde bat bildu zen hondartzan aritzeko, eta Oiartzun taldetik deitu zioten jokatzen ikusi ostean, eta berak lotu zituen beste lau lagun taldera batzeko.

Haien artean zen Etxeberria. Jokalari ohiak dio «zorteko» izan zirela, lagun talde hark zaletasun bera izan zuelako, futbolean jokatzea: «Hasi ginen jolas moduan, eta erreferenteetan, mutilen Reala genuen. Guk futbolean jokatu nahi genuen, baina ez genuen bestelako erreferenterik. Orain baloratzen dugu orduan egin genuena, eta argi dago merezi izan duela».

Garai hartan puntako taldea izan zen Oiartzun, eta, tituluak lortzeaz gain, nazioarteko lehiaketetan jokatzeko ateak zabaldu zizkien horrek. Ruiz Mitxelenaren kasua izan zen; Espainiako hautatzailearen deia jaso zuen lehen atezain euskal herritarra izan zen, eta talde horrekin aritu zen lehen jokalari gipuzkoarra. Ander anaiak ondo gogoan ditu ordukoak: «Garai hartan, ez zegoen horrenbeste telefonorik, eta Gipuzkoako Federaziotik abisatzen zioten telegrama bat iritsi zela eta bila joateko. Telegramak non, noiz eta nola aurkeztu behar zuen jartzen zuen. Pozgarria izaten zen federaziotik halako dei bat jasotzea».

Artean Oiartzungo atezain zela, Italiako ligara joateko eskaintzak izan zituen. Han, profesionaltasun maila handiagoa zuten emakumezko jokalariek, eta baita soldata baten truke aritzeko aukera ere. Ezezkoa eman zuen, ordea, Ruiz Mitxelenak, lanean hasita baitzegoen Donostian: «Deitu zioten, eta pozez hartu zuen, baina argi zuen Donostian segitu nahi zuela», esan du bizipen haiek «etxeko eremuan» pilatu zituen Anderrek.

Atean aritu izanagatik, gisa guztietako espazioetan jokatu zuen Ana Ruiz Mitxelenak. Hondartzan eta soropil gainean ez ezik, areto futbolean ere jokatu zuen. Maxim's taldearen, eta, bereziki, Sanpedrotarraren koloreak eraman zituen soinean. Hasieran, bi moldeko futbola uztartu zuen, baina, amaierarako aretokoaren aldeko hautua egin zuen. «Ondo moldatzen zen», azpimarratu du anaiak. Atezainaren parte hartze handiagoak gozatzeko tarte handia ematen ziola nabarmendu baitu. Areto barruan ere izan zuen loriarako astirik: «Oiartzunen gertatu bezala, Sanpedrotarran ere oso talde ona egokitu zitzaion».

Heriotza, eta segida

Ruiz Mitxelena gazterik heldu zen futbolari onenen artera, eta artean gaztea zela hil zen, ezbeharrez. Auto istripu batean galdu zuen bizia atezain donostiarrak, 26 urte zituela. 1993ko azaroaren 26an izan zen, astelehenez: «Lanegun batean, Zaragoza [Espainia] aldera abiatu zen autoz. Istripua izan zuen, eta aita eta arreba zaharrena joan ziren harantz». Orduan, 20 urte zituen Anderrek.

Etxeberria taldekideak ere oroitzen du zorigaiztoko egun hura. «Egun zailak» izan ziren harentzat eta beren gertukoentzat: «Kolpe handia izan zen». Laguna zuen Ruiz Mitxelena, gertukoa. Garai «gogorra» izan zen, «goizetik gauera» lagun hura gabe geratu zelako: «Denborarekin, pixka bat gainditzen duzu, baina ahaztu, inoiz ez».

Arreba hil eta urte batzuetara, atezainen entrenatzaile hasi zen anaia gaztea, non eta Oiartzunen. Haren urratsei segitzeko modu propioa izan zuen hori: «Arreba ez duzu sekula ahazten, eta esku bat botatzeko asmoz hasi nintzen. Neure burua eskaini, eta beso zabalik hartu ninduten; ezagutzen nuen zuzendaritzako jendea, taldekide izandakoak... Etxean bezala sentitu ginen, eta nire gurasoak berriz ere nesken futbola ikusteko zelaira joatea oso polita izan zen».

Hiru urte egin zituen Oiartzunen, eta, gaur egun, Realeko emakumezkoen taldeko atezainen prestatzailea da Ander. Han batu da berriz ere Etxeberriarekin, eta hernaniarrak bien arteko lotura horri egin dio azpimarra: «Berezia da Anderrek nahi hori izatea. Betidanik ezagutu dut, bere arrebarekin jokatzen nuelako futbolean. Beti entzun diot horren segida izan nahi zuela, eta atentzioa eman dit nola barneratu duen hori. Zer-nolako meritua duen. Gaiaz ez dugu sarri hitz egiten, baina lotzen gaituen gaia da, zalantzarik gabe».

Kanpoan ere Anderrek izan du arrebarekin jokatu zutenen berri: «Zelaietan hurbildu izan zait jendea berarekin jokatu zuela esatera, eta, iaz, esaterako, Coruñako [Galizia] aireportuan geundela, Ana ezagutu zuen pertsona batek idatzi zidan». Ordu eta erdi igaro zituzten hotelean, hizketan: «Ikusten duzu oso pertsona maitatua izan zela, eta polita da hori».Haren izaerak eta jokoak utzitako oihartzunaren seinalea da hori.

Bihar: Atezaina bere bakardadean (IV): Andoni Zubizarreta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.