ARKUPEAN

Estereotipoen mende

Elixabete Garmendia Lasa -

2020ko irailak 17

«Nola hainbeste gripe dagoen, unibertsitatea itxi egin behar izan dute. Harrezkero, anaia eta biok etxean bizi gara, Palafrugellen, familiarekin. Bi estudiante alfer gara». Hortik aurrera, Josep Pla idazle eta kazetariak kontatzen du ez daukala Bartzelonaren oroiminik, eta are gutxiago unibertsitatekorik: «Herriko bizitza hemen dauzkadan lagunekin atsegin dut».

Apunte horiekin abiatu zuen Josep Plak Koaderno grisa, bere obrarik esanguratsuena. Euskarri modura dietarioa dauka, «gripe espainiarra» deitu zitzaion pandemiaren garaian idatzia. 1918ko martxoaren 8an datatzen du lehen izkribua; egun hartan bete zituen hogeita bat urte Josep Plak (Palafrugell, 1897-Llofriu, 1981).

102 urte geroago 2020ko abuztuan hogeita bat urte bete berri dituen gazteak etxean konfinatu behar izan du. Uda osoa darama lanean denda batean. Ostiral goizean, ezusteko albistea jaso du: astelehenean berekin aritu zen lankideari koronabirusa atzeman diotela. Estreinako testa egin diote, eta ezezkoa eman du berak, %50 fidagarri. Agindu diote etxean geratzeko, berrogeialdian; aztarnariek deituko diotela PCR proba egiteko.

Lehen momentuko sustoa pasatuta, itxi da etxean, izebak kontrabandoan bezala ekarri dizkion amonaren kroketa eta guzti. Zorionez, ez dauka inolako ondoezik. Pasatu da asteburua geldo aztarnarien albisterik gabe. Iritsi da astelehen buruzuria… telefonoa mutu. Eguna aurrera doala, deitu du Osakidetzako anbulatoriora: hurrengo egunean hots egingo diotela. Biharamunean, hauxe komunikatu diote: joateko anbulatoriora laneko baja eta alta jasotzera. Izan ere, PCR probarik egin gabe ere, ondorioztatzen dute ez dagoela kutsatuta, eta bizimodu normalera itzul daitekeela.

Joan da, hurrengo egunean, anbulatoriora, baja-altaren agirien bila. Bat-batean, harrerako emakumeak eraso dio deiadarka, sarreran dagoen jende guztiaren aurrean: «Gu gure bizia arriskuan jartzen, eta zu, nola zatoz bajaren bila, gu denok kutsatzera!». Gaztearen masailak gorritu dira, ez lotsaz bakarrik, baita amorrazioz ere. Halako batean, harrerako langilea konturatu da baja eta alta, biak dauzkala aldi berean jasotzeko gazteak, eta utzi dio garrasi egiteari. Marmarka jarraitu du; ez dio barkamenik eskatu mutilari, emandako tratuarengatik.

Pandemiak adin-tarte guztiei pasatzen die faktura, bakoitzari berea. Edo bereak, fakturak, pluralean. Pandemiak hauspotu egiten ditu giza-talde jakinei buruzko aurreiritzi eta estereotipoak. Zaharrei iraungitze-data gaindituta daukatela transmititzen zaien bitartean sotilki, gazteei axolagabekeria kriminala leporatzen zaie idatzi gabeko dekretuz.

Josep Plak 1918ko martxoaren 14an egindako ohar ironikoa: «Orain, azkenean, poza ematen du Katalunian bizitzeak. Adostasuna erabatekoa da. Jende guztia bat dator. Denok izan dugu, dugu, edo nahitaez izango dugu, gripea». Handik hilabete batzuetara, bestelakoa da idazlearen aldartea: «Gripeak jarraitzen du jendea hiltzen, inolako errukirik gabe. Egun hauetan hainbat hiletetara joan behar izan dut». Eta segidan, deitoratzen du berezkoak diren heriotzarekiko sentipenak «errutina administratibo» bihurtu izana berari.

Josep Plaren Koaderno grisa ez da gai eta kolore bakarrekoa. Gripearen pandemiak ekarritako egoera aitzakia besterik ez zen izan, haren inguruan, eta urteen buruan, obra entziklopediko bat osatzeko, ortzadarraren paleta osoa erabiliz. Genero ikuspegitik badauzka boligrafo gorriz zirrimarratu beharreko iruzkin eta kontakizunak, onartezinak. Muinari, ordea, zaharmindu gabe eusten dio mende bat pasatu eta gero ere.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Gero eta gaixo gehiago daude ZIUetan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 387 kasu atzeman dituzten Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. 57 gaixo daude ZIUetan hiru lurralde horietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna