Madurok irabazi ditu parlamenturako bozak, botoen %67 eskuratuta

Parte hartzea %31koa izan da. Hauteskundeak «iruzurtzat» jo ditu Guaidok, eta salatu du «emaitzak aldez aurretik prestatuta» zeudela

Nicolas Maduro presidentea, emaitzen berri izan osteko agerraldian, Caracasen. RAYNER PEÑA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Nicolas Maduro presidentearen GPPSB Simon Bolivar Polo Patriotiko Handiak irabazi ditu Venezuelako Batzar Nazionalerako hauteskundeak, botoen %67 eskuratuta. Hauteskundeetako Batzordeko Nazionaleko buru Indira Alfonsok atzo zehaztu zuenez, botoen %82 zenbatuta. Oposizioko alderdi nagusiak abstentziorako deia egina zuten, eta, beraz, jakina zen alderdi ofizialista izango zela nagusi. Horri dagokionez, parte hartzea zen gobernuaren kezka nagusia, eta ez zen heldu %40ra. Herritarren %31 joan zen igandean bozkatzera, 5,2 milioi hautesle. Hala ere, parte hartzea 2005ekoak baino sei puntu handiagoa izan zen urte hartan ere abstentziorako deia egin zuen oposizioak.

Maduro pozik agertu zen lortutako emaitzekin: «Garaipen handia da hau, batzar horrek herriaren aurka zer egin zuen jakinik: estatu kolpeak, esku hartzerako deiak, zigorrak... Bost urte geroago, Batzar Nazional berria dugu. Guk badakigu irabazten eta galtzen, eta gaur irabaztea egokitu zaio Venezuelako herriari».

Oposizioko hainbat alderdik ere hartu dute parte hauteskundeetan. Horien artean, Aliantza Demokratikoa koalizioak jaso ditu boto gehien, %18; Venezuela Batuak botoen %4 eskuratu ditu; eta Venezuelako Alderdi Komunistak, %2,73.

Emaitzak ontzat eman zituen Venezuelako Fiskal nagusi Tarek Wiliam Saabek ere, eta ukatu zuen inolako «kanpo esku hartzerik» izan zenik. Harekin bat etorri zen Defentsa ministro Vladimir Padrino Lopez ere, zeinak herritarren jarrera txalotu zuen: «Herriak irakaspen bat eman die gerra zibila piztu nahi duten horiei».

Aitortzarik ez Europan

EB Europako Batasunak orain arteko ildoari eutsi dio, eta ez ditu ontzat eman hauteskundeetako emaitzak. EBko Atzerri Politikarako goi arduradun Josep Borrellen esanetan, ez ziren bete «gutxieneko baldintzak», eta, beraz, ezin liteke esan emaitza venezuelarren borondatearen isla denik.

Bide beretik jo dute AEBek ere. Jarduneko Estatuko idazkari Mike Pompeok «iruzur politikotzat» jo ditu hauteskundeak, eta iragarri du Etxe Zuriak Juan Guaido oposizioko kidea babesten jarraituko duela, eta oharra ere helarazi zion nazioarteari: «Maduro legez kanpo dago agintean, 2018ko bozak lapurtu zituelako, eta ezin dugu onartu bigarrenez gauza bera gertatzerik. Horregatik, demokrazia babesten duten herrialde guztiei eskatzen diegu ez ditzatela onartu hauteskunde hauek, eta jarrai dezatela oposizioa babesten».

Guaidok ere «iruzurtzat» jo zituen bozak, eta emaitzak aldez aurretik prestatu izana egotzi zion Maduroren gobernuari. «Iruzurra egin dute. Venezuelako gehiengoak bizkarra eman dio Madurori; herritarren babesa galdu dute. Jakin badakite inoiz ez dituztela irabaziko hauteskunde aske batzuk. Emaitzak aspaldi prestatuta zituzten: gezurrezko hauteskunde batzorde bat, hautagai faltsuak, gezurrezko oposizio bat...».

Bestalde, larunbatean hasi zuten Guaidoren Herri Borondatea alderdiak antolatutako «herri kontsulta». Helburua da herritarrei galdetzea eurek zuzendutako Asanblea Nazionalari eusteko prest ote dauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.