Ekintza sindikala babesteko, LABek mobilizaziora deitu du gaurko eta biharko

Elkarretaratzeak egingo ditu egoitzetan, eta bihar manifestazioa Iruñean. Ezarritako ordena zalantzan jartzeagatik zigortu nahi dituztela diote

LABek atzo Iruñean, CEN enpresaburu elkartearen aurrean egindako agerraldia. LAB NAFARROA.
joxerra senar
Iruñeaa
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«LABeko sindikalistok protesta ekintza bat egin genuen CENen egoitzan, bai; ISN enpresa ustiatzaile bateko kamioi batera ere igo ginen». Yolanda Forcelledo eta Ines Calabuig LABeko garbiketa sektoreko ordezkariak asteartean atxilotuak izan ziren sindikatuko beste lau kiderekin batera, eta leporatutako ekintzak aitortu zituzten. Alta, «burugabekeriatzat» jo zuten ekintza publiko horien aurka polizia operazio batekin erantzutea, eta argi dute zergatia: «Ezarritako ordena zalan- tzan jartzen ari gara, eta garesti ordainduko dugula adierazi digute, emakume eta langile gisa». Horregatik, ekintza sindikala babesteko asmoz, LABek mobilizazioak iragarri ditu: gaur, Euskal Herri osoko sindikatuaren egoitzetan egingo dira elkarretaratzeak; bihar, berriz, 17:00etan manifestazio bat egingo da Iruñean, Baluarte jauregitik irtenda.

Atxilotutako sei kidetatik bostek 24 ordu eman zituzten Poliziaren egoitzan. Abokatuarekin batera deklaratu zuten asteartean bertan Poliziaren aurrean, baina hori amaituta adierazi zieten ezin zituztela aske utzi epailearen aurretik pasatu arte. Alta, biharamunean epaitegira joan zirenean, deklaratu nahi al zuten galdetu eta ezezkoa eman ostean, aske utzi zituzten. Mehatxuak egitea, bortxaz jokatzea eta errepide segurtasunaren aurkako delituak egitea leporatu diete CENen egoitzan protesta bat egiteagatik, eta garbiketako lan gatazkan, ISN enpresako kamioi batera igo eta N-121 errepidea trabatzeagatik.

Atzo, atxilotutako kideek berretsi zuten hori ez dela delitu; baina poliziek zantzurik ikusiz gero, nahikoa zela jakinarazpen bat bidaltzea, halako operaziorik egin behar izan gabe. CEN patronalaren aurrean egin zuten agerraldia, atzo. Inguruan, polizia talde bat zegoen, enpresaburu elkartearen eraikina babesteko.

Agerraldian, LABeko kideek esan dute operazioak bestelako helburuak izan dituela uste dutela. «Kapitalak ezin du jasan lan baldintza eta bizitza duinak eskuratzeko gure determinazioa». Forcelledok gogoan izan zuen protesta horietan eta garbiketa sektorearen lan gatazkan «planto egitea» erabaki dutela, eta irmo jarri direla soldata arrakalaren aurka, lan baldintzen prekarizazioaren aurka, lanaldia bizitza pertsonalarekin uztartzeko ezintasunaren aurka, lanaldi bikoitz eta hirukoitzen aurka... Azpimarratu zuen egunero lantokietan diskriminazioa jasaten dutela, eta euren nahia dela zaintza lan guztiak berrantolatzea.

Eraso «antolatua»

Dena den, Forcelledoren arabera, botereak ez ditu atsegin protesta ekintza horiek, eta euren jarduna mugatzen ahalegindu dira. «Poliziaren aste honetako azpijokoa patronalaren eta haren zerbitzura dagoen aparatu judizial eta polizialaren artean antolatu da». Haren ustez, sektore prekarizatu eta feminizatu batek egindako borroka sindikalari erantzun nahi izan diote. «Ez da kasualitatea borroka sindikal feminista gero eta indartsuago den honetan erreakzio gogor eta bortitza egotea». Era berean, uste dute ez dela kasualitatea hori Nafarroan gertatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.