Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Bihotza eta burua

2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Bihotza uzkurtu egin digute Ukrainatik etengabe iristen ari diren gerra-irudiek. Min egiten dute, eta minak ez du zergatiez ulertzen. Bihotzari ezin zaio galdetu zergatik ukitu egiten gaituen horren sakon gerra honek, antzeko beste askoren aurrean bihotzaren erritmoa batere aldatzen ez den bitartean. Bere egiak ditu bihotzak, buruak ez dakizkienak. Mina hurbiltzen ikusten ez duzun gezi bat da, eta zuzenean jotzen du barruan, dianaren erdi-erdian. Hori gertatzen denean, hunkitu egiten gara, eta horixe da, hain zuzen ere, egunotan barra-barra zabaltzen ari diren gerra-irudien helburua: izuaren hauspoari eraginez, borrokaren ankerkeriak zuzenean sufritzen ez dituenarengan ere iristea. Izua kolektiboki barreiatzen da noranahi: informazioa gerra-munizioa da.

Gerra-irudiek astindu egiten dute gutariko bakoitza bizitzan zehar pilatuz joan den buruko artxiboa, eta horregatik dira bereziki eraginkorrak, sekula gerrarik bizi izan ez dugunok ere berehala egiten dugulako geure min hori. Begien aurrean ikusten ari garena nahastu egiten zaigu lehenago hamaika aldiz ikusitakoarekin, eta berdin dio suntsituriko hirien izenak gogoratzen ez baditugu ere: oraingoan ihesi ateratzen ikusten ditugun emakume eta haurrak ezagunak zaizkigu, lehenago Bosniatik, Siriatik edo aitona-amonen herrietatik ihes egindako emakume eta haur berberak direlakoan.

Iturri desberdinek datu desberdinak ematen dizkigute, eta horrek ez gaitu jadanik harritzen, gerra-jokoaren arauetako bat baita. Datu zehatzik ezin segurutzat hartu, baina batera edo bestera 10 milioi herritar inguru omen dira errefuxiatu bilakatu direnak hilabete eskasean. Europan Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez da munta honetako giza-dramarik ikusi, ez zen horrelakorik aurreikusten, baina gertatu egin da, eta gure sakelako telefonoraino sartu zaigu.

Eta honela, konbinaziorik perfektuena eta arriskutsuena osatzen da: izu kolektiboa eragiten da, batetik, eta hunkidura sortzen da, bestetik. Bihotzak agintzen du horrelakoetan, ez buruak. Elkartasuna, baina, entrenatu behar den muskulua da. Laguntza humanitarioan urteak daramatzan adiskide batek maiz esan izan dit hori, azken aldiz joan den astean. Ukraina eta Polonia arteko mugako harrera-zentro baten ari da lanean, eta handik erantzun zidan, telefonoaren beste aldetik, zertan lagun nezakeen galdetzeko deitu nionean. Ā«Trabarik ez egin, mesedezĀ», esan zidan.

Tapakiak, eskularruak, galtzerdiak. Autobusak, kamioiak, auto partikularrak eta baita taxiak ere. Goraino bete dugu laguntza garraiatzeko balio duen edozein garraiobide, eta milaka kilometrotara dagoen mugetako pasabideetara iritsi direnean, laguntza-ilarak sortu dira, drama eta traumaren eraginpean doazen errefuxiatuei zernahi eskaintzeko, baita behar ez dutena ere.

Zerbait egin beharra dagoela esaten diogu elkarri, zernahi, ezer egin gabe egote hutsean geratzea zantarregia zaigu-eta. Zerbait egin behar dugu, eta, zintzoki hitz eginda, guregatik egin behar dugu dena delako hori, gu lasaitzearren, gure bihotz minberatua solidaritatearen ukendu magikoarekin laztanduz.

Traba egiten ari gara, borondaterik onenarekin bada ere. Ihesi irten diren milaka errefuxiatuen beharrik latzena ez da arroparik ez izatea, arropa hori eta behar izango duten beste guztia erosteko modurik ez izatea baizik. Aldi baterako bada ere, bizitza berri bat hasteko orduan zer behar duten galdetuz gero, berehala erantzungo dute: etxe bat, haurrentzako eskola, osasun-zerbitzuak eta diru-iturri duina, eskale ez direla sentiaraziko dien modu duin batez aitortuta. Dagozkien eskubideak bermatzea behar dute.

Bihotza ez da nahikoa horrelakoetan: burua behar da laguntza benetan eraginkorra izango bada.

Jario etengabea da, eta ez dago inpaktu bisualari ihes egiteko modurik: nonahitik sartzen zaizkigu barruraino suntsitutako hiriak, bonbek zartatutako ospitaleak, umezurztegiak ei ziren barrakoi modukoak eta segida luzea. Gerra-eszenatokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.