Bidenek ez du Palestinako gatazkarako proposamenik eraman Ekialde Hurbilera

AEBetako presidenteak bi estatuen irtenbidean sakontzera deitu du. Israelen egon eta gero, bihar Zisjordaniara eta Saudi Arabiara joatekoa da

Joe Biden AEBetako presidentea, atzo, Israelera iritsi berritan. GIL COHEN-MAGEN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
AEBetako presidentea denez geroztik, Ekialde Hurbilera lehen bisita ofiziala hasi du Joe Bidenek. Atzo iritsi zen Tel Avivera (Israel), eta iazko urtarriletik Etxe Zuriko maizterra denak ez du Israelen eta Palestinaren arteko gatazka konponbidean jartzeko proposamen «formalik» egiteko asmorik. Hala adierazi zien kazetariei Jake Sullivan AEBen Segurtasun Nazionaletako aholkulariak. Aireportuan lur hartu eta berehala Bidenek berak agerraldi labur batean nabarmendu zuenez, irtenbide «egokiena» bi estatuena da. « Oraindik ere israeldarrei eta palestinarrei etorkizunean askatasuna, demokrazia eta joritasuna bermatzeko erarik egokiena da». Gaur ere Israelen izango da, bihar Zisjordaniara joatekoa da, eta ostiralean bertan Saudia Arabiara ere heltzekoa da.

Proposamen zehatzik ez, baina, Sullivanen esanetan, Etxe Zuriko maizterrak «animatuko» ditu bi aldeak «ikuspegi bateratu» batera eramango dituen «bide bat» hartzera; hau da, bi estatuen irtenbidean sakontzera. Horiek horrela, Bidenek gogo onez hartu ditu azken egunetako keinuetako batzuk, hala nola Yair Lapid Israelgo jarduneko lehen ministroak eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko telefono bidez izandako elkarrizketa.

Lapidek aireportuan adierazi zuenez, Bidenen bisitak adierazten du Israelen eta AEBen arteko harremanak «hautsezinak» direla. AEBetako presidentearen arabera, aldebiko harremana «inoiz baino indartsuagoa eta sakonagoa» da. Dena den, aintzat hartu behar da AEBek PANekin harremana dutela berriro —Donald Trump presidente izan zen garaian (2017-2021) etenda egon zen—, eta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa laguntzen hasi dela atzera.

Trumpek atzerri politikan hartutako erabaki esanguratsuenetako bat izan zen Jerusalem Israelgo hiriburutzat hartzea, eta ez dirudi Bidenek horretan esku hartuko duenik. Trumpek, gainera, palestinarren auzietarako Washingtonek Jerusalemen zuen bulegoa itxi zuen. Bidenek esan izan du, ordea, hori irekiko duela, baina oraingoz ez du aurrerapausorik eman. Sullivanen hitzetan, bidaia diplomatiko honetan horri buruz ere hitz egingo dute Israelgo zein Palestinako agintariekin.

Goi kargudun gisa hamargarren aldiz joan da Biden Israelera —2009 eta 2017 bitartean, Barack Obama presidente zenean, presidenteordea izan zen—. Atzo, iritsi berritan, misilen kontrako sistema bat ikustera joan zen, Benny Gantz Defentsa ministroak lagunduta.

Hamasen erantzuna

Hamasek ez du gogo onez hartu Bidenen bisita. Palestinako erakunde politiko islamistak Efe berri agentziari esan zionez, bidaiaren helburu da «mundu arabiarreko barne zatiketak indartzea», eta Israeli «mesede» egitea. Bestalde, Ebrahim Raisi Irango presidentearen esanetan, AEBetako presidentearen bisitak ez dio «segurtasunik» emango Israeli, baldin eta asmoa bada «erregimen sionistaren posizioa indartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.