Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Maitasunaz galdezka

2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Ez daukat maitasunaren inguruko teoria zehatzik. Ez nuke jakingo nola definitu, nola osatu maitasunari buruzko diskurtso koherente eta borobil samar bat. Hala ere, susmoa daukat, azkenaldian maitasuna bera susmopean jarri dugula; maitasunarekin zerikusia daukana ez dugula begi onez ikusten. Zer dela eta? Ez da gurea horri buruz hitz egiteko garaia?

Aurreko mendean, adibidez, maitasunaren gaia ardatz izandako saiakera mamitsuak idatzi ziren: horra Denis de Rougemont, Simone Weil, André Breton... Egun, berriz, ez zaio maitasunari hainbeste idazten. Salbuespenak maitasun erromantikoa kritikatzeko edo ezbaian jartzeko idatziak dira. Eta ez naiz ni maitasun horren alde jarriko, baina, oro har, maitasunaren inguruko susmo, kondena eta bazterketa orokorrak zer pentsa ematen dit. Egungo kultura indibidualistarekin dauka zerikusia, beharbada?

Nitasun neoliberalak ni erabat autonomo eta independentea goraipatzen du, bere hazkunde pertsonalarekin baino arduratuta ez dagoena. Publizitateak eskainitako merkantziekin aseta egon beharko lukeen nia. «Zu berezia zara, zu desberdina zara, zuk merezi duzu...». Hori da iragarkiek bezeroa lausengatzeko erabili ohi duen mantra. Merkantziak personal branding gisa saltzen dira eta den-dena pertsonalizatu behar da: mugikorraren zorroa zein futboleko kamisetaren izena. Gizabanakoak, marka pertsonala dela medio, mundua garaitu eta menperatu behar du. Horren seinale, auto aurrizkiak azken urteetan izandako arrakasta dugu. Hiztegiak kolonizatzeko moduko arrakasta! 1939. urtean, adibidez, 55 hitz hasten ziren aurrizki horrekin gaztelerazko hiztegietan. Gaur egun, aldiz, 176 dira: autoerrealizazioa, autolaguntza, autoerregulazioa, autoafirmazioa, autodefinizioa, autoestimua... Ez al da igoera sintomatikoa?

Maitasuna oztopo baino ez omen da «autismo sozial» orokor honetan... ez bada, betiere, norbere autoerrealizaziorako lagungarri. Soilik maitasunaren zentzu nartzisistak dirudi onargarria; besteek gu goraipatu eta laudatu gaitzatela, baina ez diezagutela denbora gehiegi kendu. Egun, adibidez, bada lagunak alokatzeko aplikazio bat: 120 dolarren truke, ordu pare batez, norbaitek izugarrizko arretaz entzungo zaitu, kontatzen dituzun txiste guztiei zalapartatsu egingo die barre, nahi dituzun planak baikor jarraituko ditu... Aplikazioak, dagoeneko, 600.000 erabiltzaile dauzka.

Finean, inork ez zaitu mugatu behar. Kontua zu zeu izatea da, zeure benetako niarekin aurrera egitea. Kanpotik datorren oro, gizartetik edo besteengandik datorren oro, susmagarria baita, faltsua, eraikia baino ez. Barrukoa soilik omen da benetakoa. Ez al da barrukoaren eta kanpokoaren arteko bereizketa sinpleegia egiten? Ez al dator kanpotik niaren aldeko diskurtso hori ere? Ez ote da historikoki eraikia?

Onartu behar dut, berriz ere eta hasieran esan bezala, ez dakidala oso ondo zer maitasun motaren alde ari naizen. Baina, egun, badirudi maitasuna ez datorrela bat irabazle, ekintzaile eta norbere buruaren erabat jabe izatea goraipatzen duen diskurtsoarekin. Agian maitasunak gabeziarekin, hutsunearekin, ez garen horrekin lotzen gaituelako? Pobrea da betiere maitalea, zerbaiten faltan dago: hala erakutsi zion Sokratesi Diotimak. Pobrea zentzu zabal eta baikorrean. Erantzunetan ere pobre?

Horregatik, erantzun gisa baino, galdera gisa hurbildu nahiko nuke maitasunera. Galderak zabaldu egiten du, irekiera bat dakar; gaia, tokia zein pertsona interesgarri bihur dezake. Berataz, edo berarekin, gehiago jakin nahiko genuke, entzun egin nahiko genuke. Kuriositatea piztuta dago, bizirik. Besteari buruz dena jakitea ez da maitasunaren seinale: kontrakoa ere badela esaten zuen Jacques Lacanek. Bestea erabat ezagutzeak gure menpe, gure kontrolpean izateko helburu ezkutua dauka. Zaindu ote genezake maite dugun hori galdera gisa tratatuz? Erantzun borobilik eta argirik gabeko hauskortasunean, berezko ziurgabetasunean. Badira elkarrekin bizitza erotizatzen jarraitzeko galderak. Zergatik ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.