Lan erreformaren aldaketak estatalizazioari eustea salatu du ELAk

Euskal esparruko gehiengoek Espainiako itunak hobetu ahal izateko lan egiteko eskatu die Pedro Sanchezen inbestidura erraztu zutenei

Amaia Aierbe, Adolfo Muñoz eta Pello Igeregi, atzo, ELAren Bilboko egoitzan. ELA.
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Azken lan erreformaren erreformarekin kezkatuta dago ELA. Euskal Herriko sindikaturik handienak uste du Espainiako Gobernuaren eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko negoziazioak ez duela bertan behera utziko 2012ko erreformaren puntu nagusietako bat: Espainiako lan hitzarmenek lehentasuna izango dutela erkidegoetan eta probintzietan sinatutakoen aurrean. Puntu horrek oso ondorio kaltegarriak izan dituela uste du ELAk, Espainiako lan itunetan soldatak bertakoak baino txikiagoak direnez, «langileen pobrezia» hedatzen dutelako.

Azken asteetan bilera sorta bat egin du ELAk Pedro Sanchezen izendapena ahalbidetu zuten alderdiekin. Guztiei azaldu die zein den bere kezka nagusia, Adolfo Muñoz idazkari nagusiak atzo azaldu zuenez: «Estatuko hitzarmenen atzetik soldaten erorketa handi bat dator, baina baita gehiengo sindikalak ez onartzea eta haiei gaitasunik ez ematea ere negoziazio kolektiboa egiteko». Muñozek oroitarazi duenez, «2018. urteko lehen sei hilabeteetan sinatutako hamasei estatuhitzarmenetatik hamabietan negoziazio edukiak debekatu dituzte». Hau da, badirela lurraldeetako hitzarmenek jorratu ezindituzten gaiak. «Antidemokratikoa» iruditzen zaio neurria ELAri. «Bizkaiko ostalaritzan gertatutakoa ez da anekdota hutsa. Hemen, langileen %80en ordezkaritza dugun sindikatuoi debekatu egiten digute negoziatzeko aukera, eta ondorioa da langilei soldatak %50 murriztuko dizkietela. Hori da estatalizazioa, demokraziaren kontrako neurri bat, langileei lan baldintzak prekarizatzeko».

CCOOren eta UGTren euskal adarrek ukatzen badute ere, sindikatu horiek lan harremanen estatalizazioa bultzatzen ari direla ziurtatu du Muñozek. Horrek lan baldintzak hobetzeko langileen borrokak «asko zailduko lituzke», negoziazio baten bidez lortzerik ez dauden baldintzei buruzko borrokak izango liratekeelako. «Ondorioz, Euskal Herrian soldaten debaluazioa pairatzeko arrisku bizian egongo ginateke. Horri aurre egiteko modu bakarra izango litzateke Euskal Herrian lan gatazkak ugaritzea».

«Lan baldintzen debaluazioaren estrategia» ez laguntzeko eskatu die ELAk Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei. Proposamen zehatz bat helaraziko die: langileek esparru desberdinetan aukeratutako sindikatuek goragoko esparruetan sinatutako akordioak hobetzeko aukera izatea. Hau da, probintziako hitzarmenek hobetu ahal izatea Espainiako itun baten baldintzak, eta «gutxiengoan dauden sindikatuek» beren betorako eskubidea galtzea. ELAk gogorarazi du 1994. urtean hitzartu zutela antzeko neurri bat EAJrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.