EBk zerrenda beltzetik ken ditzake bederatzi zerga paradisu, Oxfamen ustez

Gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du EBko ministroek «zuritu» egin ditzaketela «benetako bederatzi paradisu fiskal» datorren astean

Oxfamen protesta paradisu fiskalen kontra Europako Batzordearen aurrean, Bruselan, 2017an. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Zerga iruzurraren bitartez ogasuneko altxorrari ihes egiten dion dirutza tokian tokiko herrialdean zerbitzu publikora, ongizate estatura eta pobreziaren kontrako borrokara bideratuko ez den dirutza da. Eta Oxfamek gogora ekarri du dirutza handiak daudela jokoan: 2015ean konpainia multinazionalek euren irabazien 523.000 milioi euro bidali zituzten zerga paradisuetara, eta diru horren heren bat zehazki Europako Batasuneko zerga paradisuetan ezkutatu zen. Hori jakinda, Oxfamek ohartarazi du, hain zuzen ere, EBko finantza ministroak prest daudela datorren asteko bileran, martxoaren 12koan, zerga paradisuen zerrenda beltzetik kentzeko «bene-benetako bederatzi paradisu fiskal»: Bahamak, Bermuda, Birjina Uharte Britainiarrak, Kaiman uharteak, Guernesey, Hong Kong, Man uhartea, Jersey eta Panama.

«Europako Batasuna ausartu zen paradisu fiskalen zerrenda beltz bat egitera, zerga ihesa geldiarazten laguntzeko», azaldu zuen atzo Johan Langerockek, Oxfamek zerga paradisuei buruz aurkeztu berri duen txostenaren egileak. «Baina harrezkero, badirudi galdu egin duela kemena», jarraitu zuen. «Badirudi Europako gobernuak orain prest daudela munduko zerga paradisurk txarrenetako batzuk zuritzeko. Diru zuriketari buruzko EBko azken eztabaidek erakutsi dute nola botere politikoen eta ekonomikoen presioak atera dezaketen errailetatik printzipioetan oinarritutako apustu sendo bat. EBk indartu egin behar du zerrenda beltza; bestela, hau guztia fartsa hutsa izango da».

EBk 2017an adostu eta ondu zuen munduko paradisu fiskalen zerrenda lehenengo aldiz, eta, hasieratik, oso meharra da zerrenda beltza. Bost herrialde baino ez daude oraintxe: Samoa Estatubatuarra, Guam, Samoa, Birjina Uharte Amerikarrak, eta Trinidad eta Tobago. Bruselak zerrenda grisa osatu zuen zerrenda beltzean sartzen ausartu ez zen herrialde askorentzat, eta 63 herrialde sartu zituen hor, argudiatuta, paradisu fiskal izan arren, konpromisoa agertu dutela erreformak egiteko.

Oinarrizko hiru irizpide

Oxfamek EBk zerrenda osatzeko erabilitako irizpideak erabili ditu, eta ondorioztatu du hasieran aipatutako bederatzi herrialdeak ez dituztela zerrenda beltzean sartuko; are gehiago, zerrenda grisetik ere atera egingo dituztela.

Gobernuz kanpoko erakundeak bere zerrenda propioa egin du, hiru irizpide erabilita: lehenik, informazioaren trukatze eta gardentasun maila; bigarrenik, jarduera fiskal kaltegarriak erabiltzen dituen ala ez, besteak beste, irabaziak lekualdatzeko erraztasunak eta enpresa opakoak sortzekoak; eta azkenik, ea betetzen ote duen nazioarteko legedia zerga oinarria txikitzea saihesteko (BEPS, ingelesezko akronimoan).

Hiru irizpideok erabilita egin ditu kalkuluak Oxfamek, eta ondorioztatu du Suitza eta AEBak ere zerrendan sartu beharko liratekeela, baina badaki Bruselak ez dituela sartuko, «oso boteretsuak direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.