Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Gu, Herria

2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Turista batzuk azaldu dira herrian, nekazaritza-ostatua hartuta. Ez datoz gu ezagutzera, ezta Gaztelugatxera ere, hitz-aspertu laburrean A Game of Thrones serie ospetsuko gaztelura zetozela esan digute eta. Azken urte hauetan askotan gertatu zaizkigu honelakoak eta jadanik ez dugu azalpen luzeagorik ematen. Bisitari hauek, baina, interes antropologikoa dute antza, zeren eta hauteskunde-kanpainako afixak kokatzen ari zirela ikusi dutenean, «guk» zer bozkatzen dugun galdetu digute. «Guk?». «Bai, herriak», esan dute, horrela errazago ulertuko diegulakoan.

Gurean, apur bat atzeratu egin dira hauteskunde-afixak kokatzeko panelak jartzen. Kale nagusirik ez dago hemen, dena da zentro eta dena da periferia aldi berean, eta, nonbait jartzekotan, autobus-geltokitik gorako kalexka, taberna eta parkea bistan dituena, baliatzen da horretarako. Herriko langileek metalezko xafla berberak kokatzen dituzte errenkadan urtez urte, ertzak gero eta herdoilduago dituztenak. Azken hauteskundeetako kartel zaharren gainean ipintzen dira gero irudi berriak, eta, euriak busti egiten dituenean, aurpegiak eta mezuak nahastu egiten dira.

Metafora ederra iruditzen zait, eta aitortuko dut nahaspila horretan argi gehiago aurkitzen dudala nik alderdiek laborategian diseinatutako bideoetan baino. Xafla bakoitza bihurtzen da horrela ausazko parlamentu txiki bat, edo udaletxe bat, eta ez nuke esango konbinazio meteorologikoa demokraziaren beraren arauak baina absurdoagoa iruditzen zaidanik.

Oporraldiaren erdian eta hilabeteko tartean, Espainiako Gorteak eta Senatua, udaletxeak, Foru Aldundiak, Nafarroako Gobernua eta Europako Parlamentua berritzea dagokigu. Guri, herritarroi, errolda-txartelak jaso ditugunoi, botoa emateko eskubidea (ez betebeharra) dugun hautesleoi. Euripean, gure herriko sarrerako kartelei begiratzen diet, eta neure buruari galdetzen diot nor garen gu, herria. Zenbat «gu» desberdin kabitzen diren gure baitan.

AEBetako Konstituzioaren lehen hiru berbak dira, We the People, euskaraz hitz bitan eman daitekeena. Horrela hastean da lege gorena han, eta paragrafo bakar baten laburtzen du testuaren egitekoa: «Batasuna perfektuago egiteko, Justizia ezartzeko, barne-Lasaitasuna bermatzeko, elkarren Defentsa hornitzeko, Ongizate orokorra sustatzeko eta guretzat zein ondokoentzat Askatasunak segurtatzeko, konstituzio hau agindu eta ezarri egiten dugu». Letra larriak ausaz kokatuta daudela pentsatu izan dut beti, baina apur bat erreparatzen bazaio, berba horiek nabarmentzeko moduan emateko nahita aukeratu direla ere uler daiteke.

«Gu, herria» oso bestela ageri da gertuen dugun Konstituzioan. Aurrekoarekiko aldea ez da txikia Espainiakoan, hasi eta buka: «Don Joan Karlos I.ak, Espainiako Erregeak, berau ikusi eta ulertzen duten guztiei, jakin ezazue Gorteek onetsi dutela, eta Espainiako herriak berretsi, honako konstituzio hau». Letra larriak ere aukerakoak direla esango nuke, eta ez da bereziki azkarra izan behar diferentziak, hitzak gora-behera, ulertzeko.

Gure herria mapan ez baina alegiazko erresumaren erdian kokatzen gaituzten turisten galdera absurdoa zen, jakina, ez baitago herri bakar bat. Baina pentsakor utzi nau. Aukera bat baino gehiago dago, noski, baina funtsean bitara ekar daiteke dena: Helburu komunak aurrera ateratzeko «gu» bat sortzeko gauza den herria gara ala beste norbaiten helburuak berresatearekin konformatzen garen herria?

Geure kostaldera turista-saldoa ekarri duen telesail ospetsuko protagonistetako batek esan zuen bezala, «izar berberei begiratzen diegu, baina oso gauza desberdinak ikusten ditugu. Ados jarri arte, ezin izango dugu gauean bakea izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.