mikel elorza
ARKUPEAN

Manual debozionezkoa

2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Jurista eta lege-urratzaile bitarteko nire izaera bipolarrean kezka sortu zait: nola bete dezake etxeratze agindua etxerik ez duenak? Arau-urraketa iraunkor batean bizi da? Lehengoan ernetu zitzaidan itauna. Sebastian bat ba omen da zeruan, Donostia bakarra munduan, eta Donostian Infernua. Eta aste honetan Infernutik bota egin dituzte hainbat lagun, etorkinak gehienak. Infernutik ere bota egin dituzte, ez da marka makala. Nik uste nuen su betiereko eremuan, autoktonorik ez denez, denak migrante izango ginela baina, inozoa ni!, Caronte Lines-en ontzian ez suitea ez eserleku arrunta pagatzeko ez daukana pateraz iristen da, nonbait, infernura. Eta handik ere, paperik ezean, bota egin zaitzakete. Denak migrante, baina batzuk bisarekin, alegia, Visarekin. Zeruan Jaunak bereiziko omen ditu zintzoak eta bekatariak; infernuan, nonbait, Administrazioak banatzen ditu igarobideak.

Lehengoan, Donostian, galdera zehaztu egin zen: kalera bota eta gauez artean aterperik lortu ez zutenei, isuna jarri zieten?

Izan ere, bada etxerik ez daukan jendea. Bizitoki bat topatua dute hainbatek, pabilioi abandonatuetan, lau pareta antzeko eta teilatu deitzerik ere ez dagoen estalkia duten etxoletan—lehen erne, orain beldurrak jota bizi behar okupazioaren aurkako enbatarekin—. Haien ondasunak plastikoko poltsetan kabitzen dira, ikus dezakegu desalojoen irudietan. Eta guk bitartean, eskrituradunok, deus materialik ez edukitzearen eder eta askea aldarrikatzen dugu, baina poemetan, artikuluetan; errealitatean etxeak, garajeak, bodegak, trastero eta mandioak noizbehinka garbigunera eraman beharreko ondasunez beteak dauzkagu. Normala ere badena, bestalde: liburuak, altzariak, oroigarriak, arropak, tramankuluak… gure bizitzaren parte dira. Haiek gabe bizi gaitezke, baina helburua ez litzateke hori, denak gabe bizitzea; eduki edo ez denek erabaki ahal izatea baizik (eta denak pixka bat gutxiagorekin bizitzea ere txarra ez). Munduaren beste banaketa bat hortxe dago: garbigunera gauzak eramatera edo hartzera joaten direnena.

Buelta nadin, baina, etxegabeengana. Gizarte justuagoa egin dugu, hori ere aitortu beharra dago, eta inor ez da hemen goseak hiltzen. Hori hala izango da. Lotarako tokia eta otartekoren bat, seguru, denei eskaintzen zaie. Konforme. Baina lotarako tokia ez da etxe bat, bizileku bat. Eta gosea nola hala berdintzea ere ez da jatea. Ez dut uste, kalean kartoizko kartel normalean ezinago tristeekin egoten direnentzat ere. Horietarik ere bai baitago gurean.

Bazeuden. Badaude. Egongo dira. Ez baititugu jada ikusi ere egiten. Gel hidroalkoholikoz garbitzen dugun gure bizimoduan gero eta gutxiago ikusten dugu kalea. Ibiltzen gara etxetik kanpo —orain neurrian ez ezik, neurtuan—, baina ez dugu kalea ikusten. Herri kuriosoak egiten ari gara, zaborra ere pasahitzez babestuta gordez, eta tokirik ez dago zikinarentzat, itsusiarentzat. Eta hiriarekin batera, gure bizitzak ere kristalez eta egur zuriz eraikitzen ari gara, aratz, gure denbora ordu eta minututan beharrean app-etan antolatuz. Eta gure zerutik kanpo dagoenari gero eta zailagoa da erreparatzea ere. Inoiz baino pantaila eta leiho gehiago dugu eskura, baina ez gara kristalaz bestaldekoa ikusteko gauza.

Eta hala ere, ez gara distopia moduko honetan laketzen. Errealitatea sumatzen dugu eta gauza batzuk ez zaizkigu gustatzen, solidarioak izan eta ahalegintzen gara aldatzen, saiatzen gara ikusten, infernutarrekin bat egiten. Baina distantzia soziala gero eta handiagoa da, eta ez dauka inolako zerikusirik pandemiarekin.

Gauza bat behintzat ikasi dut: zein da zerura iristeko bide motzena? Infernua gentrifikatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.