elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Begietara so...

2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
…egiteko garaiak dira. Ezinbestean, musukoa zeharka ezina baita. Begietan igarri behar aurrekoaren aldartea: irribarrea daukan ahoan, ala kezkaren edota muzinaldiaren ezpain estuak, edo tristuraren etsipenezko keinua.

Begietara so egiten ikasten ari naiz, orain arte ahora begiratzen bainuen, belarriak helarazten ez didana konpentsatzeko. Eta kosta egiten zait begien kontaktu hori, ez bakarrik ohitura faltagatik, baita begietara so egitea norbaiten barrunbeetan sartzea ote densentitzen dudalako ere.

Soa hurkoaren begietan iltzatzeko garaiak dira, ordea, oraingoak. Begiradari eusten dionak, lotsatia ez izatez aparte, ezkutatzekorik ez daukala adierazten du. Ez dakit txertoa hartzeko ilaran tranpa egin duten horiek begiradari eusteko gai izangodiren. Agian bai, baliteke azala ondo gogortua izatea.

Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabasen afera paradigmatikoa gertatzen da: biak Bilboko udalean zinegotzi jeltzale izanak, EAEko administrazioan kudeaketa lanean luzaz jardundakoak, konfiantzazko karguetan betiere. Soberako konfiantza adierazten du Sabasek Gotzone Sagardui Osasun Sailburuari eta Rosa Perez Esquerdo Osakidetzako zuzendariari bidalitako mezuen tonuak. Egindako ibilbidearekin, zeuzkaten postuekin, eta Bizkaian EAJ indar ia omnimodoa izanik, boterearen hegalpean seguru sentitzen ziren nonbait Basurtuko eta Santa Marina erietxeetako buruak. «Kasta» eta «elite» gisa definitu zituen Arnaldo Otegik.

Espainiar Estatuan ilarako tranpati gorena zein izango eta Miguel Angel Villarroya, Defentsako Estatu Nagusiaren burua, lehen itxialdiko prentsaurrekoetan Fernando Simonekin-eta agertzen zen hura, krisiaren kudeaketarako staff-ean; iazko martxoan, pandemiaren aitzakian, Gasteizera soldaduak bidali zituen berbera.

Iruzurra: maskarapeko garaiotan modu askotara deklinatzen ari den hitza. Txertoak ez datoz debalde, eta, hala ere, hor dabil Ursula von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea,demandan AstraZenecarekin; kontratua, badaezpada, zentsuratuta zabaldu du Batzordeak. Txertoa ekoizten ari diren gainerako enpresa farmazeutikoekin ere nahikoa lan darabil Bruselak.

Beste herrialde batzuetan arazoa pre-arazoa da. Kolonbian, adibidez, ez omen daukate txertorik. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundetik jakinarazi dutenez, txertoa munduko berrogeita hamar herrialdetara iritsi da soilik; esan beharrik ez, herrialde aberatsenetara bereziki. Adibide grafiko bat: Israel biztanleen ehunekorik handiena txertatu duen herrialdea den bitartean, Palestina beste muturrean dago. Sputnik txerto errusiarraren zain daude. Geopolitikaren kontuak inoiz baino ageriagoan.

Abelera honetan merkatu persiar batean musika pieza ezaguna datorkit behin eta berriz burura; ez naiz oso originala, beste batzuei ere entzun eta irakurri diet aipamena hedabideetan. Duela ehun urte idatzi zuen Ketelbey konpositore britainiarrak; Bagdadeko azoka bateko giroa eraman zuen musikara: gameluzainak iristen, eskaleak hurrena, printzesa bere damekin, juglareak, suge-sorgintzaileak, kalifa eskoltarekin...Ukitu folkyarekin leundu arren, arrakala handitako gizartea deskribatzen du musikariak. Ba, hala ere, Ketelbeyren konposizioak ez luke balioko txertoaren merkatua errepresentatzeko. Txertoaren merkatua merkatu persiarretik haratago doa: merkatu beltz ari da bihurtzen. «Merkatu beltzak krisi ekonomiko edo gerra garaian garatu ohi dira»; hori dio Wikipediak. Laster aldatu beharko dute artikulua: «Merkatu beltzak krisi ekonomiko edo gerra eta pandemia garaian garatu ohi dira».

Izurriak eraman berri du begietara so egiten zekien emakume bat: Maite Berasategi Zabalo, Otsaurteko alaba, urritasun fisikoa gainditzeko borroka pertsonal eta kolektiboan aritua eta aditua. Zenbakiak ezagun baten izena hartzen duenean... begiak busti egiten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.