Ocalanen senideek iazko apirilean izan zuten azken aldiz haren berri

PKK-ko buruzagi historikoa kartzelan hil den zurrumurruak zabaldu dira sare sozialetan. Turkiak ukatu egin du, eta adierazi du bizirik dagoela

Ocalanen alde 2018ko urtarrilean Kolonian (Alemania) egindako manifestazio bat. EFE.
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Abdullah Ocalan kartzelan hil den zurrumurruak zabaldu ziren joan den igandean sare sozialetan. PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi historikoaren senideek esan dute ez dutela haren berririk. «Iazko apirilaren 27tik ez dakigu nola dagoen», azaldu dio Ocalanen senide batek Rudaw Kurdistango hedabideari. Turkian dago preso Ocalan, 1999tik, Imrali uhartean, Bursa probintzian, eta hango fiskalarentzat «oinarririk gabekoak» dira zurrumurruak. «Bizirik dago, osasun onean». PKK-ko liderraren abokatuek garrantzia kendu diete zurrumurruei, baina Turkiak ezarritako baldintzen ondorioz harekin komunikatzeko dituzten zailtasunak kritikatu dituzte. Bien bitartean, Ocalanekin gertatzen ari dena salatzeko manifestazioa egin zuten herenegun Siriako kurduen Kobane hirian.

COVID-19aren izurria Turkiako kartzeletan ere hedatzen hasi zenean hitz egin ahal izan zuten Ocalenen senideek azkeneko aldiz harekin. «Ondo dago», esan zion haren anai Mehmetek iazko apirilaren 27aren ondotik Rudaw komunikabideari. Baina orduz geroztik ez dute haren berririk. Kurdistango HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa alderdiaren parlamentari batek Turkiako Osasun Ministerioari eskatu dio Ocalanen senideek aukera eduki dezatela hura bisitatzeko. «Baina ez dute erantzun». Herenegun, parlamentari berak salatu zuen Recep Tayyip Erdogan buru duen gobernua ez dela ikertzen ari nork argitaratu zituen zurrumurruak. «Nahi izango balu, gobernuak webgune horiek identifikatuko lituzke».

Turkiako Gobernuaren irizpideen arabera, PKK erakunde «terrorista bat» da, eta haren burutzat du Ocalan. Kenyan atzeman zuten, 1999an, eta berehala eraman zuten Turkiara. Bizi guztiko espetxe zigorra betetzen ari da, bakartuta. 73 urte dauzka.

Bursako fiskalak esan du ez dagoela hilda, baina Ocalanen senideak ez dira fio hark esandakoaz. «Ocalan nola dagoen jakingo da senideei eta abokatuei uzten baldin bazaie harekin elkartzen», adierazi zion PKKren liderraren iloba batek Rudaw-ri. Abokatuek ia bi urte daramatzate harekin aurrez aurre elkartu gabe. Gertatutakoaren harira kaleratutako ohar batean zehaztu dute 2019ko abuztuaren 7an batzartu zirela harekin azken aldiz —Mehmet anaia, berriz, iazko martxoaren 3an—. Ez dakite nork sortu dituen zurrumurruak, baina badakite zergatik zabaltzen diren noizean behin: «Tartean-tartean sortzen dira zurrumurru horiek. Hori gertatzen da Imralin bakartuta dagoelako, eta inondik ere ez zaigulako uzten informazioa jasotzen». PKK-koak izatea leporatzen zaien beste hiru pertsona ere kartzela berean daude: Veysi Aktas, Hamili Yildirim eta Omer Hayri Konar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.