elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Txipiroi tinta

2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Komunikazio-Inkomunikazio. Mikel Laboak 70-80ko hamarkaden artean sortutako ikuskizunaren aitzakian, erakusketa antolatu du Donostiako Tabakalerak. Han dago, pantaila txiki batean, Laboak eskaintzen zuen performancea; ETBren grabazio xume bat da, baina bere sinpletasunean bikain jasotzen du Lekeitioak oinarri zituen saio antologikoa. Gogora, nola ikusle askok barre lotsatiekin erreakzionatzen zuten Laboaren jardun surrealistaren aurrean, kantaria umoristarena egiten ariko balitz bezala; adituagoek ixoka isilarazten zituzten barreak.

Laboa ez dago bakarrik erakusketan; ezin falta Jose Luis Zumeta, kantariaren txoriak irudikatu zituen artista: Zumetaren Gernika da erakusketako pintura lan nagusia; hurbiletik jarraitzen dio Bixente Ameztoiren Ahoa koadroak, landaretzaren artetik hortzeria erakusten duen obrak. Hortik aurrera, komunikazio/inkomunikazio binomio antagonikoaren inguruan dauden lanek askotariko formak hartzen dituzte. Dora Garciak urrezko esaldi bat itsatsi du paretan: «Lengoaia espaziotik datorren birus bat da». Maria Salgadok eta Fran MM Cabeza de Vacak zortzi kanaletako audioarekin egin duten muntaia inkomunikazio asaldatzaile bihurtzen da. Eta horrela, erakusketako proposamen anitz eta ezustezkoek bisitaria sarean harrapatzen dute.

Artearen zelaia utzi eta beste komunikazio mota batera noa: hedabideetan zabaltzen den komunikazio politiko-instituzionalera; izan ere, egungo establishment-aren totemetako bat da adar hori. Ikusi besterik ez dago politikagintzan diharduten esparru horretako adituen botereak nola egin duen gora azken urteotan. Adibidea —txutxu-mutxu hauetan aritzen diren kazetarien arabera—, Ivan Redondo, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen kabineteko zuzendaria. Maila horretara iritsi gabe, itzaletik hariak mugitzen dituzten komunikazio aholkularien eskua sarritan nabari da politikarien —batez ere agintean daudenen— agerpen eta adierazpenetan: metafora borobilegi hura; halako jarrera gotor edo, alderantziz, likatsuegia; entzuleak in albis uzten dituen suspense giroa; bronka botatzeko joera, azkenaldian nabarmena, pandemia tarteko. Politikariek karaokean jarduten dutela entzun berri diot norbaiti.

Azpeitiko Corrugados lantegiaren auziak tankera horretako sobreaktuazioak erakutsi ditu, bereziki Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren aldetik. Telebistan entzun nionean, Azpeitiko alkate Nagore Alkortari buruz, «ez dezala txipiroien tinta bota dena belzteko!»... Aiba! esan nuen nire baitan, txipiroiaren estrategia iritsi da euskarazko hizkera politikora. Gero ikusi dut, Lexikoaren Behatokian, noiz edo noiz erabili izan dela lehenago ere.

Tapiak «aberats berri» gisa jokatzea ere leporatu zion Alkortari, dena haserre plantan eta tonu autoritarioan jaurtiz. Hori ikusita, galdera ikurra datorkit betaurrera: Azpeitiko alkatea gizonezkoa balitz, Jaurlaritzako sailburuak horrela tratatuko luke? Tapia Espainiako Gobernuko ministro bati ari balitzaio, modu horretan zuzenduko litzaioke? Komunikazio aholkulariak ez ote lituzke, badaezpada, bestelako erregistro batzuk hautatuko?

Urretxutik Azpeitirako bidegorrian nenbilela jabetu nintzen Corrugados lantegitzarra Azpeitiko herriguneraino iristen dela. Hori hala izanik, zentzu komunak dio aukera bakarra orubea industriaz bestelako erabilpenetarako libratzea dela; ulertezina gertatzen da Tapiaren eta EAJren tema lantegiari hor bertan eusteko. Kanpotik begiratuta, artifizial itxura hartzen zaio burrunbari. Ez ote du zerikusirik bi urte barruko udal hauteskundeekin? Legegintzaldi batzuk daramatzate jeltzaleek Azpeitiko alkatetza lortu gabe. Komunikazioaren eta inkomunikazioaren artean, bistan da, deskomunikazioa ere existitzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.