Sozialistek gobernua osatu ez, eta bozak errepikatu beharko dituzte Bulgarian

Borisoven kontra sortutako ITN alderdiak bizkarra eman dio BSPri. Inork ez du gehiengorik, eta alderdiek elkarri betoa jarria diote

Pertsona bat BSPren afixez betetako horma baten aurretik igarotzen, apirilean, Sofian. VASSIL DONEV / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Urtebeteko epean hirugarren aldiz egingo dituzte parlamenturako hauteskundeak Bulgarian, gobernua osatzeko gidaritza hartua zuen alderdiak eginahal horretan porrot egin ostean.Rumen Radev presidenteak BSP Bulgariako Alderdi Sozialistari eman zion azkenekoz horretarako enkargua, baina beste hiru alderdiren babesa ere behar zuen, parlamentuko 240 eserlekuetatik soilik 36 baititu. Atzo, ITN Bada Herri Bat alderdiak jakinarazi zuen ez diela emango babesik sozialistei. Tozhko Jordanov alderdi horretako buruetako batek jakinarazi zion asmo hori Kornelia Ninova sozialisten buruari, bost minutu eskas iraun zuen bilera batean. Hala, BSP aliaturik handienaren sostengurik gabe geratu zen, nahiz eta gobernua osatzeko beste bi alderdiren beharra ere bazuen, eta horiek ere bizkarra eman zioten.

Bulgariak bost hilabete daramatza gobernu egonkorrik gabe. Apirilaren 4an egin zituzten urteko lehen hauteskunde orokorrak, eta Boiko Borisov presidente ohiaren GERB Bulgariaren Garapen Europarrerako Hiritarren alderdia gailendu zen, baina, babesa galdu, eta gobernabidea zaildu zitzaion. Hauteskundeetatik hamar egunera, Borisovek dimisioa eman zuen, kargua utzita haren alderdiaren kontrako blokeoa amaituko zelakoan. Ez zen gertatu halakorik, ordea, eta berriz ere hauteskundeetara deitu zuten.

Hiru hilabetera errepikatu zituzten legebiltzarrerako hauteskundeak, orduan ere Borisov GERBen hautagai zela. Oposizioak haren urteetako nagusitasunarekin amaitzea lortu zuen —11 urtez izan da lehen ministro: 2009tik 2013ra, 2014tik 2017ra eta 2017tik aurten arte—; izan ere, gobernuaren aurkako protesten abaroan sortutako ITNk irabazi zituen bozak, alde txikiarekin. Bazirudien ITN gai izango zela oposizioa bateratzeko, Borisov agintetik kentzeko gogoak albo batean utziko zituela euren arteko desberdintasun ideologikoak. Hala izatetik urrun, ITNren aliatu izan behar zutenetako bik atzera egin zuten, harekin tirabira bat izan ostean.

Presidenteak berriz ere GERBi eskatu zion gobernua eratzeko, baina hark uko egin zion, nahikoa babes ez zuela jakitun. Horrenbestez, bozetan hirugarren alderdi bozkatuena izan zen BSPri eman zion ardura —gobernua osatzeko gehienez hiru saiakera eman ditzake presidenteak, berriz hauteskundeetara deitu aurretik—, nahiz eta jakina zen ez zela gauza izango koalizioa osatzeko.

Izan ere, ITNz gain, haren moduan gobernuaren kontrako protestek hauspotuta sortu ziren beste bi alderdi konbentzitu behar zituen BSPk: Altxa, Bulgaria! Mafiosoak Kanpora! eta DPS Eskubideen eta Askatasunen Aldeko Mugimendua. Hiru alderdi horientzat, ordea, sozialistak GERBen sistema ustel beraren parte dira. Gainera, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren oinordekotzat eta Errusiaren aliatutzat daukate.

Oraindik legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeek datarik ez duten arren, baliteke azaroaren 7an izatea, presidentetzarakoekin batera. Alderdiek elkarri ezarriak dizkieten betoak altxatu ezean, ordea, ez dirudi blokeo politikoa hauteskundeak eginda amaituko denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.