mikel elorza
ARKUPEAN

Udazkeneko kalanbreak

2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Garai batean ez genekiela elektrikarik bazela, kantatu zuen bertsolariak, eta trenek ur irakina zerabiltela, eta gero etorri zela hotza. Orain hotza da argindarraren fakturak eragiten digun izerdia, eta trenek mugitzeko ura ez, botoak behar dituzte: azpiegitura proiektu erraldoiak onetsiko dituzten hagintariak hautatzekoak.

Argindarraren fakturarekin arazoak dituenak bestelako fakturekin ere arazoak izango ditu, eta seguruenik bizitzea bera faktura-jasotze etengabea da harentzat. Halako batean merkatuko balitz ere, ez lioke ekarriko horrek aparteko arindurik: uneko sintomaren aurkako pilula izan daiteke, baina ez da pobreziaren aurkako txertoa (pobrezia ez baita gaitz bat!). Tresna elektriko bat jartzeko orduan kontzientziaren zimiko txikiago bat ekarriko lioke, dena den, fakturaren beheratzeak, eta ongi-etorria beraz, alor honetan ere pixka bat mucho izan baitaiteke.

Pobreziaren eremutik kanpo, energia kontsumitzaile handientzat (industria, azpiegiturak, negozioak…) bai, haientzat alde handia egongo da gastuetan halako elementu batek gora edo behera egin; datu makroekonomikoek ihes egiten didate baina inflazioan eraginik ere izango du; eta beraz pentsatzen dut Espainiako Gobernua benetan kezkatuko duela gai honek. Eta orduan beldurra fakturak ez, beste zerbaitek eragiten dit, zeren eta pentsatzen badugu gobernuak benetan nahiko lukeela faktura merkeagoa izatea, eta nik hala uste dut, ba orduan ondorioa da ezin duela, ez dagoela guztiz bere menpe. Horrek bai ematen didala kalanbrea. Badakit neurriak har ditzakeela, eta neurrietako batzuk beste arrazoi komertzialak medio ez dituela hartzen, bai noski, baina era berean zailtasunak sumatzen dira egungo antolamenduan, eta hortik beldurra, hortik kalanbrea, demokrazia deitzen dugun sistema honi oso atxikia ez banaiz ere, latza baita onartu behar izatea herritarren botoa hartzen dutenek ezin dutela, eta ahala dutenak ez dituztela herritarrek hautatzen, ez zuzenean ez zeharka, eta hori funtsezko diren gaietan —ura, argindarra, bizitokia... ondasun komun gutxieneko izendatzea, kasu—. Orduan kalanbrearen ondorioa axolagabetasuna delako, eta apur bat pandemiaren eraginez gertatu bezala, norbera bere baratzeaz bakarrik arduratzen da, beste inor ez delako arduratzen, eta politika deitzen dugun hori herritarrengandik lubaki batera geratzen da. Lubaki gero eta sakon eta zabalago batera. Iritzilariok ohikoa dugu pertzepzio partikularrak orokortzea, eta litekeena da hau ere hala izatea, baina niri iruditu zait zomorroaren erromerian bueltaka gabiltzanetik herritarrok eguneroko partikularrari lotu gatzaizkiola, politika, letra larriz idazten diren Gai horiek, gero eta urrunago utziz.

Eta arriskutsua da. Ondo dago herritarrok eguneroko biziraupenean, gure gaixotasun, parranda asmo, harreman, gabezia, ilusioetan zentratuta egotea, behar dugu, ea erabakiak hartzen dituztenak konturatzen diren haien inguruan bilbatzen dela nagusiki bizitzaren haria, eta pribatua ere politikoa dela, politiko behar duela, baina era berean ezin diogu uko egin erabakitzeko ahalmena izateari. Ordezkaritzan oinarritutako jendarteek, konturatzerako, film eta telesailetan aurkezten dizkiguten distopien antza hartzen dute, jendarte automatizatu abduzituena.

Gure errealitateetako aktoreak guk gerok izan behar dugu, baina gidoia idazten eta zuzendaritzan ere esku hartuz. Gurea ez baita filma, bizitza baizik.

Filmak orain Donostian (lata ederra eman behar dute, ematen ari dira!), aurten ez baina halako batean, konpainia elektriko bat babesle nagusi dela, limusinak aparkatu eta aktore eta zuzendariak alfonbra gorrira zuzenean metroz eramango dituen jaialdian. Metro elektrikoa, glamurosoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.