garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Hiru istorio arrunt

2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Iruna ezkondua eta ume bakarra koskortu orduko dibortziatua, emakume sortzez kubatarrak hilabete eskas zeraman Hendaiako hondartza aldeko apartamentu batean bizitzen, eraikineko atezainaren senarrari sekula ez bezalako lotsagarrikeria entzun behar izan zionean. Hura, gerraosteko goseak atzerrira bultzatutako asturiar emigranteen seme eta jendarme erdizka erretiratua, agiraka aritu zitzaion atezain titularra berau bailitzan, emakumearen leihopean mandarina azalak aurkitu zituelako, goizeko errondan. «Zikin hori!», bota zion pareko espaloitik, goitika zetorkion gaztelaniari frantses doinua gehituz, «Espainian zaudela uste al duzu?!». Alferrik helduko ziren andre etorri berriaren harridura, mina eta espantuak, gizonak ez baitzuen inolako interakziorik ametitzen, andreak burua lurreraino makurtzea besterik. «Horretarako zoaz atzera, utikan, hona ekarri zaituen bide beretik!».

Handik kilometro eskasera, Hendaiako hondartza aldean betiere, frantses jakobinista adintsua oldartu zitzaion ama gazte bati, atzean lotuta zeraman haurraren marruak isildu nahian, autoa bere garajeko atearen aurrean gelditu eta txupetea ahora eman artean sarbidea trabatu ziolako. Uda beteko egun sargori hartan espresuki izorratzeagatik egin zuela pentsatuko zuen, segidan egundoko kasketa harrapatuta eta ukabilaz aurreko panela behin eta berriz jotzen zuela, «espainolak, beti espainolak! Madarikatuak! Zorri lotsagabeak!», egin baitzion orro futbolzale porrokatuek aurkariei nola, bere espazioa inbaditu zuen autoaren matrikulari erreparatu orduko. Emakumeak, ama berriaren ezinegonak jota bestela ere, lanak izan zituen entzungor egitearekin konformatzen, baina txintik atera gabe egin zuen ospa, haurrak txupetea berriz ere botako zion beldurrez.

Autoan askatzen omen ditugu gure deabrurik gaiztoenak, baina kasta beltzaraneko neska euskaldun petoa oinez zihoan Bakar Xoko ostatutik aurrera, bidegorrian barrena tipi-tapa, telefonoz isildu gabe tar-tar-tar ari zitzaion adiskide berritsuari lasai ederrean utzita, eta bere zakur urduriari, berriz, nahi bezala ibiltzeko baimena emanda. Lagun-mina, zakurra eta belazea bat eginik, beraz. Ez zitzaiokeen plan hoberik bururatuko, udazkeneko ekaitzaren osteko arratsalde oskarbi hartarako. Berritsuak beti berritsu, eta zakurra beti zakur. Usnaka-usnaka, jabearengandik urrundu eta likrazko praka elastiko finetan bildutako bi berna parerekin egin zuen topo. Heldu egin nahi izan zituen, beharbada larru exotiko baten taxua hartu zielako, edo beharbada Jabugo urdaiazpikoak iruditu zitzaizkiolako ezin zehazki jakin, baina zakurrak, atzeko hanken gainean zutitu, isatsa gogotik astindu eta aurreko bi atzaparren artean estutu nahi izan zituen bernak, lehenik bat, gero beste bat eta atzetik hurrenak, jolasti, txeraz, grinaz. Berna pareen jabeak, Irundik hasi eta bidegorriaren zirkuitu osoa egiten ari ziren bi emakume, gogaituta, garrasika, zalapartaka, zakur madarikatua nola uxatu asmatu ezinik.

Bernez jabetu nahi zuen zakurraren jabea ez zen, ordea, gertatzen ari zenaz berehalakoan jabetu. Lau hankadun adiskidea konpainia berrian ikusirik, patxadaz joan zen hurreratzen, telefonoa belarrian beti, baina irribarre ezin ederragoa ahoan, bere adiskidearen adiskideak bereak ere badirelakoan. Likrazko prakatan zihoazen emakumeei laidoan ari zitzaiela iruditu zitzaien, zakurrak eraso egin eta gainera barre egiten ziela neska beltzaranak, eta mutur-busti isats-luzeari ez ezik, hari ere garrasika eta zalapartaka egin zioten, gaztelania batuan. «Ergela zara ala zer?! Lotu zure munstro lerdetsua!», batek. «Ez da erniatuko ez! Joan dadila bere herrira, putakumea halakoa!», besteak, zakurraren jabeak, gertatzen ari zitzaiona telefonoz bestaldean zegoenari deskribatzen zion bitartean.

Eta bada —nire inguruan nagusi— erreakzio neurrigabe hauen errua pandemiak eragin duen giro petralari egozten dion inozenterik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.