mikel elorza
ARKUPEAN

Ilararen aitona-amonak

2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Joan den astean imajinatzen ditut senide asko,Hego Euskal Herriko hainbatek geneuzkan ez-oporren atarian, elkarri «segi zuek kanpora, ni geratuko naiz amarekin», «aitona gure kontu, zuek aprobetxatu» eta antzeko leloekin, muga guztiak kendu direla eta zaindu beharrekoak gertutik zaintzeko pronto. Akabo kristala bitarte zeukaten argazkiak, utikan hesiaren bestaldetik malko bat masailean behera kasu egin beharra. Aukera guztiak dauzkagu gure zaingaiekin egoteko, eta beraz, pandemia garaiko deitoreen tamaina kontuan izanda, espero izatekoa da egongo zela, eta egongo dela, borroka fratrizida zaintzeko pole-a lortzeko.

Kasu batzuetan ez.

Kasu batzuetan ez zen senide arteko xextrarik izango, seniderik akaso ez dagoelako. Ez seniderik, ez administraziorik, ez gau eta eguneko zaintzaile latinoamerikarrik.

Ikerketek diote familia pobre batean hazitakoek aukera handiagoak dituztela heldutan pobre izateko. «Aukerak» esaten dugunean, probabilitateak esan nahi dugu. Gure jendarte demokratiko honetan, aukera berdintasuna goiburuen artean ezarria duen honetan, batzuek iskin egiten diote gurasoen prekaritate eta gabezia bizimoduari, baina beste askok ez. Ez da soziologian doktorea izan behar horren egiaz, eta kausa askoz, jabetzeko. Ezaguna zaigu fenomenoa, aldamenean bizi dugu (askotan ikusten ez badugu ere, fenomenoa ikustea, eta artatzea, gizarte zerbitzuei utzia diegulako). Ikerketak normalean izaten ez duen segida da txirotasunean bizi izandako horiek halaxe iristen direla zahartzarora. Eta, tenore horretan, aukerarik jada ez dago, gabezia txikiena ere larri bihurtzen da. Zahartzaroak guztioi erasaten digu, baina batzuek ezin dituzte egoitzak ordaindu, ezin dute inor kontratatu, eta Administrazioak egoitza batean tokia egin diezaien zain egotea baino ez daukate, plaza edo Herio, nor lehenago iritsiko.

Adinekoen eremuak, haien zaintzarenak, ertz asko ditu, kasu guztiak dira bakanak eta baten osasun arazoak eta bestearen senide faltak eta bestelako inguruabarrek lausotu ditzakete muga batzuk, baina ez dituzte ezabatzen. Zenbait ahaldunek ere zahartzaro sufritua izan dezakete, ezinduta, edo gaixo, eta horrek haien eta haien ingurukoen bizimoduak baldintzatuko ditu, bai noski. Baina horri ezintasun ekonomikoa eransten bazaio, egoera mortala da. Eta batzuek hortik abiatzen dute amaiera.

Zaintza eta arreta minimoa ordaindu ezinda, Administrazioa iritsi zain egon besterik ez dute. Ongintzaren ilara besterik ez dute ilararen aitona-amonok. Pandemiak denok berdindu gintuen une batez, denok jarri gintuen denda eta atarietan ilaran—denda desberdinetan, hori bai—, baina lilurakeria soziala zen. Normalidadera iritsi gara, bi ilara klase dauzkan normalidadera: bizi ahal izatekoa, eta sarrerak lortzekoa (zinemaldikoa, kontzertu errepikaezinekoa, modako diskotekakoa).

Norberak hautatuak ez diren ilarak desagerrarazteko aldarria egiteko asmoa neukan, eta, ezin bestela izan, zein femeninoak diren, baina errealitateak aiztokada batez moztu dit gogoeta. Nor zaindu edukiko ez duten bi gazte Gasteizen, matxismo hiltzaileak ez duelako amore ematen. Matxismo guztiak direla hiltzaile esango du inork, eta eztabaidatu besteak, eta ez dakit nik, baina gauza bat argi dago: gizonezkoek hiltzen dute, dugu, eta emakumezkoak izaten dira hildakoak. Eta ilara baino zerrenda den horrek ez du etenik.

Tira, batzuetan hildakoak gizonezkoak ere izan daitezke. Zenbait ilaratan gizonezkoen presentzia ere handia izaten da: ilara koloretsuak... azala, etorkizuna bezala, beltzaranagoa dutenena. Hildakoa gizonezko migrantea—emakumezkoak ere bai, jakina— eta hiltzailea trena, edo ibaia, edo kontainerra, edo norberak botatako soka edo... Modalidade asko dira, baina denak zuriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.