Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

(Aurre)Iritziak eta erabakiak

2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Epaileen eta magistratuen funtzioa da lege demokratikoak zaindu eta bete daitezen bermatzea. Praktikak ere halaxe beharko luke, baina, zoritxarrez, eredugarri ez diren kasuak ez dira gutxi. Gertakizun larri bat aipatzearren, zirkunstantzia dramatikoetan bizitza galdu zuen Maguette Mbengou-ren ustezko erailtzailearen aurkako epaia dago abian egun hauetan. Duela hiru urte gertatu zen hura hemeroteketan ageri da gordintasun osoz; esaterako, garaiko Euskadiko Auzitegi Nagusiko presidenteak aitortu zuen Maguette-ri babes poliziala eta judiziala ukatu izana epailearen jokabide guztiz okerra izan zela. Errakuntza horrek ez du izan ondorio ezagunik. Ez dakigu tamaina horretako falta egin ostean espedienterik zabaldu zenik eta, are gutxiago, proportziozko ondoriorik izan denik.

Epaile batek akusatu edo biktima baten gainean erabakiak hartzeko orduan gertakizunak edota frogak soilik erabili ordez bere iritzien —eta aurreiritzien— arabera jokatzen duenean, kalte handiak ondorioztatzen dira, aipatu kasuan emakume baten heriotza. Eta ez da bakarra. Nola zaindu herritarrak, nola babestu gizartea, oker horien nondik norakoak ikertu eta ondorioak publiko eginaz ez bada?

Epaile eta magistratuen eremuan jauzi bat eginaz, egun hauetan eratu berri den Espainiako Konstituzio Auzitegiarekin egiten dugu topo. Erakunde hori hainbat urtean joan da oinarri juridiko urriko erabakiak hartzen bere burua baliogabetzeraino, Europako auzitegi desberdinek gogoratu dioten bezala, epaile eta aditu askoren lotsarirako.

Luze eztabaidatu izan da nork eta nola hautatu behar dituen erakunde horren kideak, zein den hautaketa prozedurarik zuzenena, hots, bere jardunaren kalitate juridikoa ziurtatzeko egokiena. Nik hobesten dut herritarren ordezkariek (kasu honetan Espainiako Gorteak) bere eskutik eduki ditzaten azken hitza eta erabakia. Halere, argi dago beranduegi etorri den eraketa honek hauta-sistemaren funtsa bera ere bortxatu egin duela. Alde batetik, hiru talde politikoen artean ez da adostu epaile eta magistratu talde bat; prozedura burutzeko ezinbestekoa zen boto kopurua biltzea izan da arrazoia. Horretarako, lau izen lotu dira, bazter utzita erakunde bat eta bakarra osatzen ari zirela. Nekez esan daiteke, bada, erakundearen egokitasuna zenik helburua. Zein irizpide lehenetsi behar zen? Erakustea eratu dela Auzitegi Konstituzionala, edozein preziotan izanda ere, ala maila goreneko erakunde juridiko horren duintasuna, sinesgarritasuna eta jardun etikoa zaintzea?

Albo-kalteak ere izan dira. Diziplina eten eta euren talde politikoek erabakitakoaren aurka bozkatu zuten diputatu batzuek. Zaila da barruak eskatzen duenaren aurka bozkatzea, batez ere norbere balioekin gurutzatzen denean boto hori. Ez da bigarren mailako gaia. Eztabaida lasaia eskatzen du hauta-zerrenden osaerak. Oraingo sistemak baditu indarguneak eta ahuleziak, denak kontuan hartzekoak, denak bizitza politikoari eragiten diotenak. Esaldi biribiletatik eta aurreiritzietatik urrun, badugu zertaz jardun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.