mikel elorza
ARKUPEAN

Urte berriko desioa: alternatiba

2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gu artean gazte eta berde ginela —gu benetan berde, ez orain zentral atomikoetako argindar margotu berria bezala—, gure inguruan baziren automobilak eta autotxokeak. Automatikoa ere bazen, etxean argindarra joatearekin zerikusia zeukana, eta autoeskolak, eta ez askoz auto- gehiagorik. Gehienak motor eta gurpilekin zerikusia zutenak. Gutxira, autonomoen berri izan genuen, eta autogestioarena, eta kasu horretan historiaren motorrak zeukan garrantzia, ez kotxearenak, eta liluratu gintuen horrek —gutako batzuk, behintzat—, baina ez zuen luze iraun, historiaren motorra ez dakit baina bolantea norabidez aldatzen ari baitzen eta autonomoak itzali eta autonomia hasi zen dirdira egiten, eta autogestioa gaztetxe eta antzeko periferia mikroetara zokoratu zuten eta autogobernua nagusitu zen makroan. Nagusigo isila zen, autodeterminazioarenak harrabots handiagoa egiten baitzuen autogobernuarenak baino, baina, onar dezagun, harrabotsak harrabots, bolantea autonomiako autoritateek oratua zuten. Historia utzita, atzera makinetan instalatu zen motorra, makina-erremintan bereziki. Besteak, autokritika eta autozentsura egitera jo behar izan zuten, historiak zalantza gutxi izaten du-eta idatziko duten autoreak aukeratzen.

Eta pixkanaka, politikaren autotxokeak aurrera egiten zuela autodromo gero eta estuago batean, autogintza —eta ez naiz industriaz ari— beste hainbat eremutara hedatu zen, lidergoa hartuz. Zergak autolikidazioekin ordaintzen ditugu; autodefentsa garatu beharrean gara baina autokontrola galdu gabe; autokontsumoa bultzatu; besteren istorioak asmatzeari utzi eta euren bizitzak literaturagarriak zirela deliberatu dute idazleek —eta irakurleek— eta autofikzioa hartu besoetako; musikariek ere auto-tunearen abantailak deskubritu dituzte; selfie hitza gureganatu dugu auto esan nahi duela ohartu gabetanik ere; autosexua besarkatu dugu —tira, hori betidanik, abertzale izan edo ez, gure esku egon da—; autoestimua zaindu behar dugu zoratuko ez bagara; inork gaitz autoimmune aipatuz gero dardarka jartzen gara... eta oro har arlo guztietara zabaldu da norberegintzaren urrezko aroa: hiztegian auto- aurrizkiaz hasten diren hitzen zerrenda begiratu besterik ez dago. Edo hedabide eta sare sozialetan txango bat egitea, ohartzeko exhibizionismoa dela boladakoa. Sotanadun jeneralean xirri-zale bati egiten zitzaizkion konfesioak garai batean, publikoarentzat eta ozen egiten dira XXI.ean autortzak. Auto-stopik apenas egiten den egun, hori hala da, baina izenak identitate arazoak dauzka, auto letrekin hasiagatik ere elkarren laguntza baitu oinarri. Gainera, salbuespena da. Amaierak berak ere ederto laburbiltzen gaitu: hiltzen garenean, autopsia.

Eta egunotan, pandemiaren olatua marea bizia denean, paroxismora iritsi da autoritateen autismoa, eskatzen baitzaigu autodiagnostikoa egin dezagun, autokonfinatu, autozaindu eta automedikatu. Izan dezagun konfiantza, autokonfiantza. Pasatuko da, dena pasatuko da. Bai, baita bizitza bera ere, gu auto-ez-dakit-zertan gabiltzan bitartean.

Eta ni hainbeste autok alteratu egin nau dagoeneko, eta alternatiba behar dut, alteritatean oinarrituta. Burbuiletan bizitzera kondenatu nahi gaituzte, edo nahi gaitugu, eta burbuilak onak dira oxigenoa dakartenean, bizitza ematen dutenean; edo karbonikoak direnean, horiek ere bizitzen baikaituzte; baina gainerakoan, haiexetan hilko gara, autoitota, autonomia amaiezineko automata autoktono bihurtuta. Orduan bai,auto-stop.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.