garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Absolutismoa

2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Neke pandemikoaz eta bestez ari ziren irratian, sofan botea zegoen alabak begirada pantaila hipnotikotik jaso, katu begiak ipini eta gaixoaren apeta desesperatuaz, erregu egin zidanean: «Ama, brazo gitanoa janen nuke». Galdetuko niokeen zer dela-eta janen zukeen preseski hori, eta zergatik justuki bapo gosaldu berritan; youtuberren batek piztu ote zion gose bitxi hori ala pantailan nerabezaroko granoak bezala azaltzen diren iragarki horietariko batek zirikatu ote zuen.

Galdetuko nizkiokeen horiek eta gehiago, hari. Eta galdetuko niokeen aireari, zer zentzu ote leukakeen izendapen horrek, zergatik eta noiztik diren bizkotxo kiribildu horiek literalki ijito edo buhame besoak gaztelaniaz, ezeren antzik izatekotan, enbor zatiarena baldin badute, frantsesez dioten moduan. Galdegin nion neure buruari, zein metafora asmatu beharko ote geniokeen euskaraz. Baina galderarik galdera urtxintxen gisan jauzika entretenitu ordez, berokia eta oinetakoak jantzi, autoan sartu eta errondan hasi nintzen, gutizia zilindrikoa non aurkituko, halakoxea baita brazo gitanoa jan nahi zuen alabaren ama prestua. Halakoxea, baita halakoxea ez dela zin egiten duenean ere.

Banan-banan pasa nituen Hendaiako gozotegiak. Baina ezertxo ere ez. Enborrik ez inon, «horiek Eguberrian» esaten zidaten, artaburuari egiten zaion moduan. Iruna jo nuen gero, eta han ere lanak, ezer txukunik aurkitzen. Han, nonahi eta beti, errege opila, kartoizko koroa eta hortzen bat apurtzeko sorpresatxoa barne.

Porrotaren zaputza sentitzen hasia nintzen —eta elementu monarkikoek eragiten didaten amorrua ozen espresatzen, bide batez esanda—, jada aldirietan, Behobiarantz nindoala, bazter guztiak kirasten zituen hiltegi mitiko hura zegoen tokian, Ogiberri delako bat ikusi nuenean. Ogi berria bai, eta atrezzoa zirudien brazo gitano bakar bat ere bai, izozkailuan. Hurra. Errege eguna izan eta errege opilak barra-barra ari ziren ordea saltzen, eta otu zitzaidan, une hartan brazo gitanoa eskatzea, tabako-denda batean sartu eta erretzeari uzteko nikotina-partxeak erosi nahi izatea bezalatsu izan zitekeela, baina hor konpon, nork bere misioa.

Ilaran jarri nintzen. Hamabost minutu aspergarri neramatzan zain, ez belauniko baina otoitzean, nire aurretik zihoazen bezeroak txanpon txikiak zenbatzen edo saltzaileari azalkeriak esaten has ez zitezen. Ordu laurden luze aspergarri bat nik, eta beste horrenbeste nire autoak, espaloian erdipurdika igota. Baina ez zen luzerako izango.

Heldu zen heldu, halako batean, nire txanda. Ahoa zabaltzeko zorian nintzela, tipo batek hartu zidan aurrea, autopistan baimendu gabeko abiadan aurrea hartzen dutenek nola, muturra luze eta ukondoak zabal, gizaseme torpedoa. Erakustokian zer jenero ote zegoen arakatu nahian ote zebilen? Ez. Konturatu nintzenerako, ilaran ginenoi muzin egin, txanpon parea atera, saltzaileari «bi ogi eta errege-opil bat» esan, eta hark, isil-isilik, eman!

Ez noa hemen errepikatzeragizaseme belozipedo, handiuste, zimelari esan nizkion guztiak—nik neronek ez ezik, baita ilaran nire atzean zeuden guztiek ere—. Aski bedi aipatzea, auzo horretan bertan zegoen hiltegi mitiko hura bera etorri zitzaidala akordura, eta hango kiratsa, eta ibaira jariatzen zituzten odolak eta barrenkiak.

Buka zitekeen modu bakarrean amaitu zen historia hura. Marmarrak utzi, autoa hartu, albait arinen abiatu, urrea dakarren erregina magoa banintz bezala etxean sartu, alabaren aurrean jarri eta brazo gitanoa eskaini nion.

«Krema?!» —leporatu zidan, inoizko dezepziorik handienaren keinua eginez—, «esnegainaz betea nahi nuen!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.