Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Aldaezin

2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Argentinan esaten dute, antza, handik atera eta hamar egunera itzultzen bazara, den-dena aldatu dela irudituko zaizula, eta hogei urtera bazoaz, ordea, itzulitakoan gauzek lehengo toki berean jarraituko dutela, aldaezin. Aldatzea ez dela erraza esaten diogu geure buruari, baina, agian, zehatzagoa beharko luke baieztapen horrek. Izan ere, itxurak aldatzea oso erraza den bitartean, egunerokoari eusten dioten zimenduak nekez mugitzen dira, eta, mugitzen direnean, oso astiro izaten da.

Bi urte beteko dira laster mundua hankaz gora jarri zigula pandemia malapartatuak. Egun batetik bestera, ordura arte pentsaezina zena eguneroko ogi bilakatu zitzaigun. Ilarak egiten ikasi behar izan genuen huskeriak ziruditen zeregin hutsaletarako. Etxetik ez ateratzeko agindua errespetatu beharra zegoela esan zion bere buruari sekula inoren agindurik bete ez duenak ere. Etxeratze aginduak, herritik ez ateratzekoak, baita sei lagunetik beherako talde burbuiletan elkartzekoak ere izan ditugu. Elkar agurtzeko modua aldatu egin dugu, begi-keinu soil batez ordezkatuz besarkadak eta musuak, eta ohartu gara kasu askotan, aizu, ongi dagoela hori. Den-dena aldatu dela esaten diogu geure buruari, eta hala ematen du lehen begi-kolpean. Baina sasiko eraldaketa honen gibelean beti-betikoak dirau, zutik.

Bigarren umea iritsi berri da bere etxera eta gure ilobak lana utzi behar izan du, urte pare batez etxeko zaintza zeregin nagusi eta ia bakarra izango baita. Kontatzera etorri denean esan digu ezinezkoa zaiola uztartzea lanpostuak eskatzen dizkion ordutegi-aldaketak eta haurrekiko ardurak, eta berdin-berdin, ezinezkoa zaiola ordura arte bere bizitzaren ardatz izan diren beste hamaika zeregin eta bi haurren kargua batera eramatea. Iloba ez da guraso bakarra, eta bikotekidearekin batera adostu dute bera izango dela lana aldi baterako utziko duena. Azalpen luzea eman nahi izan digu, baina ez da behar izan, zuzenean edo zeharka, beti-betikoa eta guztiona den kontakizuna baitzekarren, hark soilik berea zela uste bazuen ere. Iloba hitzak ez du genero-markarik euskaraz, baina seguru nago, irakurle, emakume iloba irudikatu duzula hau guztia leitzean. Eta zuzen zaude.

Familia-lege berria proposatuko zaio Madrilgo Parlamentuari legealdia amaitu baino lehen, edo behintzat, hori da iragarri duten asmoa. Neurrietako bat jakin dugu aste honetan: zazpi eta bederatzi egun arteko baimen ordaindua ezartzea, etxeko zaintza errazteko, hau da, seme-alabak, edo zaintza behar duten gainerako senide edo bizikideak atenditu ahal izateko. Gure ilobak pozik hartuko luke bederatzi eguneko baimen ordaindua, baina gainerako 356 egunetan orekariarena egiten jarraitu beharko luke, ez erortzeko ahalegin antzuan. Zaintza-krisia ez da zazpi edo bederatzi eguneko auzia, hori ere garrantzitsua izanik ere. Gure bizitzeko modu hau ez da bizitzarekin ezkontzen, eta hori aldatzeko hitzarmen askoz zabalagoa beharko da, etxetik bertatik hasita (nork bere buruarekin ere) eta gure bizitzari eragiten dioten esparru guztietaraino eraman behar dena.

Aukera ederra genuen mundua bera geratu zitzaigunean, baina alferrik pasatzen utzi dugu. Pandemiak askotariko arazo eta buruhauste berriak ekarri dizkigu, eta nekea sortu duenik ezin da ukatu. Bakoitzak daki bere berri, eta ni, adibidez, ez naute irizpide-aldaketek gogaitu, ezta ulergaitz egin zaizkidanean ere. Indarge utzi nauena da benetan aldatu behar denak bere horretan jarraitzen duela ohartzea.

Beste mundu bat posible dela esaten dugu, eta zinez hala dela uste dut. Oraingoz, baina, ez daukat frogarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.