mikel elorza
ARKUPEAN

Erremedioak erreketan

2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Gizakion ahalmenak itzelak dira benetan, txundigarriak. Txosten batzuk direla-eta, atzera plazara jalgi da kutsadura farmakologikoaren gaia. Naturari lur, aire eta itsasoz eraso egitearekin nahikoa ez, zain bidez ere ziztatzen diogu pozoia. Eta gure ibai eta erreketara isurtzen ditugu antsiolitikoak, antibiotikoak, barbiturikoak eta batek daki zer gehiago, baita Afrikara bidali ez ditugun txerto iraungiak ere. Medioa errez. Covid gutxi ibiliko da (ur) bazterretan.

Farmazia-industriak erruz egingo du, noski, eta botikak eta «hondakinak» zuzenean jaurtitzen ditugu, guk prozesatu gabe esan nahi dut; baina finduta ere joaten da, gure gernu eta kaketan.

Eta hor irudika ditzakegu amuarrainak dardarak jota, uharrien azpian barik gainean anfetaminen menpeko dantza eroan; eta karpak, berriz, erabat ergelduta egunez, eta aztoratuta gauez gure gorotzetako lorazepam anoa harrapatu ez badute. Ezkailuak harro asko igerian butroi eta sagardo-botilei iskin eginez, gaitzen beldurrik gabe, isatsetik bururaino antibiotikoz enpo; eta aingirak ese infinitu batean, Sargazoetaraino gabe bidaia latzak egiten!

Cristina Enea Fundaziokoei irakurrita, unibertsitateren batean esperimentua ere egina dute metanfeminetara menpekotutako arrainetan abstinentzia sindromea ageri ote den ikertzeko.

Izokinak estasia jaten, eta gu ohartu gabeko dealer, ez al da mundiala? Ketua dagoela jarriko du etiketan, eta ketua ez dakit, baina arrabetaraino jarria, hori bai seguru!

Eta gu, orain arte, otarrainxken burua zurrupatzeko uzkur kadmio kontzentrazio handia dutelakoan. Eta hala da, eta taula periodiko osoa, eta noski mikroplastikoak denek. Itsasoetako bizidunen erdiak laster mutanteak izango dira eta ur gezatakoak jonki errariak.

Etxeko txikiari esango diot parkeko putzuko arraintxo gorrientzat ez eramateko ogi apurrak, hartzeko hornigaiak aitona-amonen mesanotxetik.

Eta okela ere debekuaren fokupean dagoenez, arrazoi etiko eta anabolizanteak medio, hausnarrean bukatuko dugu, aurretiaz ez hausnartu izanaren ondorioz.

Kutsatze kimikoarena kate trofikoaren paradoxatzat ere har liteke, neurri batean, txikien mendekutzat: agi denean, zenbat eta «janaldi» gehiago, orduan eta arriskutsuagoa —osasunaren ikuspegi ofizial batetik ari naiz— pozoia. Kontzentratuz joaten baita. Eta beraz krustazeo txikiak duen beruna tira, akaso kopurua ez da esanguratsua, baina hura jango du arrain txikiak, eta handiago batek txikia, eta handiago batek ertaina eta... Guk arrain handia jaterako hainbat bider kontzentratu izanak kaltegarriago egina izango du substantzia. Mendekuak gu, halere, ez gaitu bereziki kezkatu behar: guk denak jaten ditugu, handiak, ertainak, txikiak, eta inork ikusten ez gaituenean, baita txikiegiak ere.

Kimikaren garapenak aldatu ez duen kontua da hori, dena den: handiak txikia jatearena.

Gizakiok naturaren irakaspena perfekzionatu egin dugu, une sublimeetara eramanez batzuetan. Arrain handiak txikia jaten du, baina txikia hainbeste eta batzuetan hain sotilki koipeztatuz, txikiak eskertu eta dena egiten duela.

Eta hala, El buen patrón filma saritzen dute arrandiaz Espainiako Akademiakoek —eae-tarrok sari horiei eta izena gogoratu nahi ez dudan beste glamuroso batzuei zenbat kasu egiten diogun latza da, gaixo gaude—, eta saria jasotzera ugazaba ona bera igotzen da, in person, saria jasotzera berea bezalako jokabideak salatzen dituen filma ekoitzi izanagatik.

Baina dena ondo dabil XXI.ean, halaxe dira kontuak Nahasmenaren Mendean. Mende bat non nahasian ez garen ibiliko, alegia elkarrekin handi eta txiki, nahastuta baizik: ezin igarri txikiak txiki garela eta hala garela beste batzuk handiak direlako eta edozein unetan jan gaitzaketelako, jango gaituztela eta hala ere igualak garela sinetsarazi.

Eta ez dago hori sendatzen duen botikarik, ezta gure erreka zikinenean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.