garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Gerraz harago

2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Komunikabide guztiek Putinen bidegabekeriak eta Le Penen botere-nahiak dituzte hizpide, munduan beste ezer ez balego bezala kasik, baina bizitzak haiez gaindi darrai inguruotan. Gure auzokide zaharrenak goizeko zazpi eta erdietan zabaldu du bere etxe aurreko ataka, hamaika gaitzen ondorioak goxatuko dizkion erizainari autoz barru-barruraino sartzen uztearren, kanpoan aparkatzeko lanik hartu behar izan gabe. Errepidearen bestaldeko emakumeak, berriz, poz handirik gabe eta berandu atera du bere zakur urduria. Bestetan baino dezentez geroago.

Eguneroko zirkuituari jarraitu diote halere, hasteko eta behin beherantz, okindegia baino apur bat lehenago dagoen autobus-geltokiraino, eta handik trenbidepeko tunel aldera, hura pasa eta biribilgune txikira iritsitakoan kalean gorantz jotzeko, eskuinetik.

Izan zitekeen, betiko ordutegia ez errespetatzeak aztoratu duelako, edo izan zitekeen, aurretik inoiz usnatu gabeko zerbaitek bere arreta osoa erakarri duelako, auskalo, baina hortxe, biribilgunetik gorantz doan kalea hartzeko zorian zirela alegia, zakur urduriari errepidea gurutzatzeko grinak eman dio kurbaren erdian. Jabeak aurreikusi egin du mugimendua ez dituzte urte aspertuak elkarrekin alferrik pasa, eta zakurra buru-gorputzak biratzen hasi orduko, tiratu egin dio zakar, bertan tinko gera dadin, espaloi estuaren mugetatik harago egin ez dezan. «Madarikatua oinezkoak fideoa bera baino zabalagoa ez den pasabidetik joatera kondenatu zituena» pentsatu du bere kolkorako. Zakurrak, zorionez, oin bakar bat ere ez du atera errepidera, baina orduantxe pasatzen ari zen auto-gidariak sustoa hartu du, gurpilen azpian harrapatuko zuela iruditu baitzaio. Pare-parean gelditu, leihoa beheratu eta sermoian hasi zaio emakumeari.

Kontuan hartzeko ezer izan ez delakoan, barkamena eskatu du emakumeak, eta zakurra estuago hartu eta aurrera egin du, sobera erreparatu gabe. Baina gidaria apaltzen ez. Eguerdiko itzala balitz bezala jarraitzen dio emakumeari, ia ukitzen duela eta espantuka: «Motzean eusten ez badakizu, zertarako hartu duzu zakurra tar-tar-tar zu bai kalamidadea tar-tar-tar». Emakumeak ez daki barkamena eskatzeaz harago zer gehiago nahi lukeen, eta begira jarri zaio. Gizon gazte bat ikusi du, atzeko aulkian haur txiki bat duela, eta belarrian telefonoa. Umearen aita baino gehiago, zirkuko malabarista begitandu zaio, bere parean daraman denbora-tartean hiru gauza egiten ari baita batera: bolantea esku bakarraz gobernatu, telefonoz bestalde dagoenarekin hitz egin eta gainera berari errietan eman. Dena, aldi berean.

Zein gudatan sar zitekeen pentsatu gabe, «ni beharbada gaizki, baina zu okerrago», esan dio kopetilun, telefonoa seinalatuz, eta malabaristari ezin arranpaloago jarri zaizkio begiak. Zuloetatik aterako zaizkiola ematen du. Ordura arte tonu normal samarrari eutsi badio ere, in crescendo ozendu ditu zibismo-asmoz mozorrotutako purrustadak, harik eta, emakumeak, buelta erdia eman eta jarraitu ahal izango ez dion bidezidorretik ihes egin nahi ziola konturaturik, armamentu astuna atera duen arte. «Zorra» egin dio orro telefonoa askatu gabe betiere, «zorra» bigarren eta hirugarrenez, ilargitik ere entzuteko moduan, eta eutsiko ziola uste izan du emakumeak, baina «fea» heldu da gero, inolaz inori onartuko ez liokeen iraina, eta putasemeka ekin dio, erdiko hatza luzaturik eta zintzurra lehertu beharrean bera ere.

Gertatutakoa bazterretik ikusi duen batek nik eskerrak eman dizkio existitzen ez den jainko santuari, AEBetan bizi ez garelako, edo han bezala, armen jabe izateko eskubiderik ez dugulako. Batek daki nor eroriko ote zatekeen lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.