Maitena Salinas Beiztegi.
ARKUPEAN

Ama (eta) hizkuntza

2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Azkeneko asteetan ospakizun ugari izan ditugu. Alde batetik, oraindik taupadaka sentitu dezakegun Korrika;bere kilometroek gure zainetan diraute, harrotasunez eta aldarrikapenez blai. Bestetik, duela astebete ere pasatu ez den honetan, Amaren Eguna izan genuen Maiatzaren 1ean, Langileen Egunean berean, gauza bera izango ez balitz bezala...

Baina lanaldi osoa izateaz gain, mundua bera sostengatzen du amen izanak. Ez dut nahi ama birjina bati egiten zaion omenaldietako lilura erakutsi eurekiko, benetako aintzatespena baizik. Izatearen eta izanaren arteko mugan mugitzen dira, amatasunak ekar ditzakeen albo-ondorio guztiekin, dena ez baita maitasuna eta pairamena. Komunitatean pentsatzeko joera izaten dute, akaso bizitzaren balioa beti presente dutelako, eta badakite umeak saretuta daudenean garapen mamitsuagoa izaten dutela, gizataldeak bakarrik irabazten ez duelako, partaide bakoitzak ere bere ongizatean ezinbesteko bultzada jasotzen duelako.

Ama izateak zor-mordoa uzten du eta horren kudeaketan gizartearen lakioak nabarmen ikusten hasiak gara, nahiz eta oraindik ozen esateko gai ez garen askotan, ondo entrenatutako erruak bere lana egiten baitu sarri. Mitifikazio ugari egon da amatasunaren kosmologian, sufrimendua pairatu beharreko ordaina balitz bezala asumitu dena, saihestezina den patua, benetako ama bat izateko gurutzatu beharreko Kristoren pasioa. Emakumeok sakrifizioak normalizatu ditugu, horretarako entrenatu baikaituzte, gure atsekabea gure ardura bakarrik dela asumitzeko. Baina bada esparru bat non amaren boterea eta honen hedapena ukagaitza den: kulturaren transmisioa.

Kultura, bizitzaren mutatze prozesuaren antzera, amen transmisioaren iturri eta ur-emaria da. Hezkuntzaz arduratzen dira, adimen emozional eta sozialaren zaintzaz, gorputzen babesaz, euren kontraesanak landuz minutuero, zenbaitetan segundoero... baina hor diraute tinko, nekeari muzin eginez eta zaindari diren mandatua gerizatzen.

Hizkuntza bera da horren isladapena. Ama-hizkuntza terminoa ere sortu dugu horri aitorpena egiteko, ze kontzeptu ederra bere sakontasun eta esentzia organikoan. Umetan, 3 urte bete arte, ikasten den lehenengo hizkuntza da. Lau aukera daude: umetan euskara bakarrik ikasi zuten pertsonak, gaztelania (edo frantsesa) bakarrik ikasi zutenak, euskara eta gaztelania (edo frantsesa) ia aldi berean ikasi zutenak, eta, azkenik, euskara eta gaztelania (edo frantsesa) ez den beste hizkuntzaren bat izan zutenak ama-hizkuntza moduan. Beti sentitu izan naiz lekuz kanpo definizio honekin, nire amak euskaraz ez dakielako, ez zekien nire aitak ere, euskararen transmisioa nire birraitonetan eten baitzen duela asko eta etenezina bihurtu, nire ahizpa eta nirekin beranduago, ikastolara eraman gintuztenean. Baina nire amaren nahia, hautua eta apustua gu elebidunak izatea izan da beti. Beraz, nahiz eta ez naizen ordezkatua sentitzen definizio horrekin, niretzat nire ama-hizkuntza euskara ere izango da beti. Eskerrik asko horregatik ere, ama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.