garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Agur telebista

2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Aspaldian ez bezala, ahanzteko modukoa izan nuen igandea. Ordu txikitan hasi zen atarramentua, sarri berritzen zaidan kezka batek, beti bezain temoso, zakar esnatu ninduenean. Haren erruz, goiz antzean jaikibehar izan nuen, jaiegunari dagokion ohealdia hurrengo baterako utzita behintzat, lotarako ez denean ez baitakit luze etzanda egoten, eta une hartan horixe zen egia absolutu eta frogagarri bakarra: loak ez zuela nirekin ezertxo ere nahi.

Seiak inguru izango ziren etxeko eserleku guztiak probatzeari utzi eta gosari legea egingo nuela deliberatu nuenean. Sagar bat zuritu, bizpahiru ogi xerra xigortu, katilukada bat kafesne berotu eta sukaldea txukuntzeko saiakera alferraren ondotik, telebistaren aurrean jarri nintzen, ohean lortu ez nuen barea hogei hazbeteko sabel hiztunak eman ziezadakeelakoan.

Katerik kate jitoan ibili eta ezer handirik ez zegoela ikusirik, La1n eman nion atseden teleaginteari, eta hantxe agertu zen, nire amesgaizto guztiak bakar batean trinkotu eta hezurmamitu izan balitu bezala, Fernando Savater, azken urteetan bistatik galdua nuen gizon martimuiloa. Tuntunduta egon izan ez banintz, lo faltaz neuronak uzkurtuta izan ez banitu, berehala egingo nukeen ospa handik. Aski nuen txinparta txiki bat burmuinean, besoa luzatu, teleagintea berriro hartu eta ttapaka kanal bat aurrera edo atzera egiteko. Hurrengo leiho berri horrek iragarki amaiezinetan kateatu eta saltzaileen tonu euforikoaz nardatuko banindu ere. Telezaborrak beti izan du funtzioa. Ez dago kamutsegia izan beharrik.

Baina beranduegi erreakzionatu nuen. Konturatu nintzenerako, estu-estu helduta nindukan atzaparren batek. «Zer nahiago, nazionalismo erregionalak ala nazionalismo espainola?», galdegin zion elkarrizketa dinamizatzen zuen kazetariak, zakurrari zaunka eragin nahian. «Nazionalismoak oso bobalikoiak dira, eta aski barregarriak beren irizpide eta gorespen merke horiekin», erantzun zuen Savaterrek, ume sortzez garbiaren plantak eginez. Elkarrizketatzaileari irribarrearen antzeko keinua ikusirik, hura limurtzera jo zuen jarraian: «Ez dut arazo berezirik nazionalismoen aurka. Separatismoaren aurka ordea bai. Separatismoa baino gaitz okerragorik ez dago tar-tar-tar, gurea den demokrazia osoa apurtu, harmonia gaiztotu tar-tar-tar».

Hura eta gero, ipurdipean txintxeta jarri izan balidate bezala supituan altxa eta telebista berehala itzaltzeko argitasuna izan nuen arren, aitor dut entzungor egitea ez dela ni moduko egoskorrek errazen egiten duguna. Atzaparretan erori garenean ez dakigu isiltzen, eta ahoa itxita mantentzeko minutu erdiko saio zapuztuaren ondotik, goitika hasi nintzaion telebistako leihotik desagerrarazi berri nuen jaun zipokariari. «Horra inoiz gainditzen ez dugun langa», ondorioztatu nuen azkenik, beste hari epelak bota ostean.

Berdin da non garen eta zer egiten dugun. Berdin da tripetako hizkera den, joko politikoa den, legea eta eskubide historikoen aldarria den, edo zein demontre den gure momentuko estrategia. Savatertarrei beti irudituko zaie arma, sua eta kanoia. Eta beti izango dute pulpitua, logika unibertsal zuzen bakarraren ordezkari agertzeko, manikeismorik merkeena ere pentsamendu gorenaren babesaz eta katedra baten bermez azaltzeko. Eta guk, separatismoak baino gehiago euskararen eta Euskal Herri urratuaren batasunak definitzen gaituela uste dugunok, dena arbuio eta debeku. Dena egur, mehatxu eta ilegalizazio.

Gaur, asteazkena, hilak 17,zapalduaren sindromeak pozoituta sentitzen naiz oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.