Inaki Galdos
ARKUPEAN

Naufragoa

2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Finalaurrekoetan dugu dagoeneko aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia. Azken saioa Iruñean izango da, justu Xabier Amurizak Donostiako Carmelo Baldan bere bigarren txapela jantzi zueneko 40. urteurrenaren biharamunean. Lau hamarkada hauetan zientoka aldiz irakurri, entzun eta kantatu ditugu etxanotarraren naufragoaren bertso historikoak. Kataluniakoa hizpide, naufragioa bizitzen ari zirela esan zidan etsita pasa den astean hango adiskide batek, eta ordutik ezin burutik kendu doinu zirraragarri berrian Donostian botatako zortzi puntuko hiru harribitxiak.

Independentismoa egoera zailean zegoenean (itxaso hori dago zatarra/ nire oihua eta negarra) iritsi zen itxaropena ematera Procés izeneko ontzia (untzi bat horra nun azaltzen den/ nik behar nuen izarra/ oraintxe sartu zait harra/ berriz piztutzeko garra). Baina hortik aurrerakoa ezaguna da, egunetik egunera izaten ari gara lekuko (baina hau da zoritxarra/.../ai hau destino baldarra). Zer gertatu da? Nola iritsi gara egoera honetara? Ez da erraza hainbeste erpin dituen gai korapilatsuan iritzi borobilik ematea, baina onar dezagun gutxienez badaudela datu objektiboak, hemerotekak oso arrasto garbiak utzi dituelako. Eta hauetan garrantzitsuena da, 2017ko urrira Katalunia iritsi zen bezala iritsi bazen izan zela neurri handi batean ERCk sekulako presioa sartu zielako CiUri eta handik sortutako espazioari; lehenengo Artur Masi eta gero Carles Puigemonti.

Oriol Junquerasek behin eta berriz aldarrikatzen zuen 68 diputatu nahikoa zirela independentzia deklaratzeko; nahikoa zela 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan independentismoak gehiengoa lortzea, ez zegoela erreferendum gehiagoren beharrik (72 aulki eskuratu zituen).Eta hori gutxi balitz, bi urte beranduago, 2017ko urriko egun zalapartatsu haietan Santi Vilaren eraginez Carles Puigdemontek zalantzak izan zituenean eman beharreko urratsei buruz, eraso izugarria izan zen, nola ahaztu Gabriel Rufianek botatako txio negargarri hura, Judasen zilarrezko 155 txanponak gogoratzen. Madrilen diputatu gisa soilik 18 hilabete egingo zituela lau haizeetara zabaldu zuen Rufianek, bide batez esana.

Gero iritsi zen aldaketa, sekulako aldaketa, ez nolanahikoa. Eta inkesta guztiek gobernu berria zuzentzea euren esku egongo zela iragartzen zutenean (gero Junts izugarri gertu izan bazuten ere), are gehiago helburu hori lortu zutenean, lehen besteei exijitzeko 68 aulki (nahiz eta botoen erdiaren azpitik) balekoak baziren, orain 74 aulki (eta botoen erdiak baino gehiago) ez omen da nahikoa. Eta ziaboga justifikatzeko, bost urte lehenago nork eta Santi Vilak erabili zituen argudio bertsuak (edo berberak) erabiltzen hasi ziren, horretan dihardute gaur egun ere. Bide batez, hau ere ezin utzi idatzi gabe, bitxia da ikustea 2019ko otsailaren 28ko epaiketan Vilak Iñigo Urkullu lehendakariari eskua eman zionean hemen bata zein bestea zerrien askara bota zituztenetako asko orain Kataluniako politikari ohiaren arrazoibide berdina erabiltzen. Badirudi hemengo batzuentzat ere ERC defendatzeko oro dela baleko, argumentu bat zein kontrakoa.

Hilda jaio zen negoziazio mahai bat omen da orain bidea. Eta nobedade (!!) gisa Quebec berriz agendan, duela urte pila batetik ehunka aldiz beste askok alferrik aldarrikatu dutela ahaztuta. Egia da egoera zail honetan CUPek eta Juntsek ere ez dutela lortu alternatiba eraginkor bat gizarteratzea. Zilegi da gainera iritziz aldatzea, eta baliteke beste biderik ez egotea, baina ideologia, estrategia eta taktika guztiarekin batera zintzotasuna ere beharrezkoa du politikak. Eta ERC, sentitzen dut hain gordin adieraztea, tranpati ibili da, azpijan gehiegirekin. Xabier Amurizak ia hiltzat jo zuen naufragoa bere azken bertsoan. (Niri ukatu batela/ hau da hilaren eskela/ edo zer esan bestela). Alderdikerien ontziak batela ukatu dio independentismoari, baina kapitainak du errurik handiena, ez lehengoek, oraingoak baizik. Zer esan bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.