Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Begiraden menpe

2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Lau urteko umeek txangoa daukate auzoko eskolan; hara eraman dut seme txikia. Goizeko bederatzietan sarreran utzi, eta handik hamar minututara autobusera doa klaseko lagunekin, binaka eskutik helduta, irakaslearen atzetik, oinez. Zain daukaten autobusera hogei metro baino ez daude, eta askoz handiagoa da tarte horretan gurasoek ateratako bideo eta argazki kopurua. Pantailaz beteriko ibilbidea! Lagun min batek aitarazziak garela esaten dit, umorez.

Aipatutako eszena hori erabat ohikoa bilakatu zaigu: umeen txangoa izan, Zeledonen jaitsiera edo Igeldoko jolas-parkean igarotako arratsaldea. Den-dena grabatzen dugu. Aurten, oporretan, eszena batek harritu egin ninduen: aireportuan, bidaiari heldu berriak agurtzera edo besarkatzera joan beharrean, senideek eta lagunek irteera grabatu egin zuten lehendabizi. Irteera espektakular baten zain ote?

Guy Debordek 1967. urtean geurea espektakuluaren gizarte izendatu zuenetik, irudien kopuruak gora baino ez du egin. Edonon ageri zaizkigu, eta badirudi bi aukera baino ez dagoela: pantailari begira egotea edo pantailan agertzea. Ustezko espektakuluak begira egotea eskatzen digu, une oro arreta mantenduz, adi honi eta hari: web-orri, iragarki, telesail, txat edo whatsapp izan. Eta, nola ez, horren ondorio zuzena da arreta mantentzeko gero eta arazo gehiago ditugula. Goza dezagun ikuskizunaz! Mundua handitu, txikitu, gerturatu edo urrundu dezakegu, pantaila gainean atzamarrak jarriz.

Hauxe da tokatu zaigun garaia, bizi dugun mundua: irudiz eta pantailaz betea. Bizitzako edozein pasarte kamera digitalean grabaturik daukate, jaiotzatik hasita, Z belaunaldikoek (1994 eta 2004 artean jaiotakoei jarritako etiketa). Zein izango ote da une oro begi digital baten menpe egotearen ondorioa epe luzera? Aztertu beharreko kontua.

Oraingoz, zer zaila den umeak eta gazteak (eta helduak) pantailetatik ateratzea! Zenbat liskar egungo etxeetan horren kontura! Elkarrekin eserita, banku baten inguran, nor bere pantailari begira egon ohi dira egungo gazte-kuadrillak. Elkarrekin, baina bakarrik. Japonian izen bat jarri diete beren gelatik irteten ez diren gazteei: hikikomoriak; ziberespazioan preso bizi dira, erabateko konexioan, espetxe gardenari lotuak.

Eric Schmidtek, Googleren akziodun nagusienetakoak, txalotu egingo luke hikikomorien jarrera. «Tele-everything-en garaia heldu da!». Horixe aldarrikatzen du gogotsu, etxetik atera gabe eta pantaila batekin harremanetan, edozer egiteko gero eta aukera gehiago daudela ospatuz: lana, osasun-kontuak, harremanak, aisialdia, erabaki politikoak... Geure etxeak kolonizatu nahi dituzte enpresa digitaletako agintariek. Etxeak aterpe, sutondo edo babesleku izateari utzi behar dio, eta gimnasio, bulego, hitzaldi-areto, medikuaren kontsulta zein merkatal-gune telematiko bilakatu.

Baina ez dezagun ahaztu etxe barruko pantailak guri begira daudela, datuak eskuratzeko irrikaz. Benetan kontu kezkagarria da: guk begiratzean, pantaila guri begira dago. Ez al daramate ordenagailuek webkam bat une oro grabatzeko ahalmenarekin? Grabazio horrek, gainera, begirada unibertsalarekin bat egin dezake: mundu mailan ikusgarria da. Oraingoz, dena den, ez dugu begiratzen gaituen horri buruz hausnartzeko tarte handirik hartu nahi, pantaila ikusteko premia baitugu.

Epikurok, pentsalari greziarrak, emandako aholkutik ezin urrutiago gaude: «Zoriontsu bizitzeko, ezkuta gaitezen», zioen. Oso bestelakoa da egungo fede berria: bihur dezagun dena ikusgai! Posible ote da begiradaren totalitarismoa apur bat ahultzea, iluntzea, politizatzea?Hasteko, ikusezinarentzakoeremuak babestu behar ditugu. Ez al ginen denok ezkutaketan jolastu haurrak ginenean? Nahikoa izan zitekeen aurpegia tapatzea eta begiak ixtea jolasa martxan jartzeko, barrea eragiteko, emozionatzeko: «Banago ala ez nago?». Desagertzeak eta agertzeak poza eragiten zuen. Zein ote da hain ohikoa zaigun jolas horren funtzioa? Ezkutatzea ezinbestekoa da sinbolizazio prozesua gauzatzeko: horrela jartzen dugu jokoan, bai gure nia, eta baita besteen desira ere. Uneren batean desagertu, eta bat-batean agertu: «Ni bilatzeko adina maite nauzu?». Psikologikoki zein politikoki ezinbestekoa da ikusezinaren eremua babestea. Eta, poetikoki? Printxe Txikiak esan bezala: ikusezina funtsezkoena da begientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.