Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Orratzen kamusdura

2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Amari josteko makinaren orratza hautsi zitzaion duela egun gutxi. Jostun izatea afizio, hamaika magia trikimailu egiteko gai da lau oihal zati, hari kiribildu metroak eta pare bat botoi hartuta. Merezitako erretiroa hartu zuenetik, Ikastolako haurrei agur esan eta jostun lanetan paratu zen, etxeko hurrengo belaunaldioi eskuz eginiko altxor txikiak sortzen eta oparitzen.

Galera txikia izan arren, lortu zuen orratza aldatzea, zorroztu zitzaion puntada txiki eta sendoak emateko ahalegina, oihal zatiak josteko aukeratu zuen haria uste baino ahulagoa zela konturatu zen arte. Pazientzia gaindosia gutxitu zitzaion hain preziatua dugun denbora galbidean zuela ikusita. Lortu zuen azkenean balantza orekatzea, eta buruan zituen joskintza planak burutzeko gai izan zen, orratza eta titarea utzita geratzen den denbora probestu ahal izateko.

Egun argiz lanean aritzea nahiago izanik, gaua moztu eta eguna hazten omen da gaur, eta ohiturak jostunen eguna dela esaten du. Gero eta urriagoak diren jostunak ibiliko dira gaur han eta hemen, eta bereziki Urolan; Urretxun eta Zumarragan egun handia baita gaurkoa. Ganadua, ardoa, fruta eta barazkiak. Eta fruten artean mahatsa, uste baino gertuago dagoen 2023aren itzalean dagoen lekukoa.

Hegoaldezentrismoari josita bizi gara azken hamarkadetan: mahatsen usainean mozkortzera ohitu gara eta ezjakinak gara mahatsen tradizio arriskutsu bezain inozoa Espainiako aristokraziatik datorkigula. XIX. mendearen amaiera arte aberatsen kontua zen hamabi mahatsen istorio hori, harik eta urte batean mahatsen ekoizpenean sekulako soberakina izan zen arte. Garai hartako marketin adituek aberatsen ohitura herriari zabaldu nahi izan zioten usteltzeko bidean zeuden mahatsak saldu nahian. Aristokraziaren ispiluan islatzera eraman zuten herria, eta baita lortu ere; jokaldi biribila izan zen. Atera kontuak: oraindik orain, Hegoaldeko lau lurraldeetako etxe askotan Espainiako estatuko telebistarekin batera ematen zaio ongi etorri itxaropentsua urte berriari.

Mahats kontuekin eta orratzekin gabiltzala, hainbat euskaldunek betertzarekin begiratzen diote Madrildik datorrenari: Anne Igartiburuk ez omen du aurten 2023ko lehen segundoak erakutsiko dituen ordulariaren orratz zuzenen berri emango. Zalaparta han eta hemen, gure mahats festa nork gidatuko ez dakigula.

Halaber, orratzen zorroztasuna igandean sentituko dugu Iruñean. Mihia zorrotz, belarriak adi, ezinezko hitzen joskintza lanak entzungo ditugu gure hiriburutik. Ez dakidana da azken edizioetan bezala Anne Igartiburu izango ote den bertsolarien lana telebistaz ikusten ari direnei aurkezten ibiliko dena. Agian mahats jana egin beharko du batek baino gehiagok zortzikotea eta telebistako aurkezlea ikusten ari dela.

Bera izan edo ez, ez dadila hain gertakizun garrantzitsua zoo bateko animaliak erakustean bilakatu. Berben jostunei begira mahats zukua bezain gozoa den lerdea eroriko zaigu, aurkezleari begira ala jaramon zipitzik egin gabe. Probestu nadin nire lerro hauetaz: bihotza uzkurtuko zait nire aberri txikiko bertsolariaren alde, aberri txikiko ama duen bertsolariaren alde eta hauspo bereziz Maialenen, Nerearen eta Alaiaren alde. Kamustasunik gabe josi ditzatela denek ere hitzen korapilo neurtuak, eta zorroztasunak irabaz dezala, telebista bidezko animalientzakokakahueterik gabe.

Gure amak dio Santa Luzia egunean trapu batez begiak igurzten zizkiotela haurra zela, ikusmen arazorik izan ez zezan. Guk geuk ez ditzagun begiak eskuez igurtzi: domekakoa orratz zorrotz kamustu gabeen eguna izan dadila nahiz eta badakigun hamaika ikusteko jaioak ere bagarela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.