Inaki Galdos
ARKUPEAN

Deseroso

2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Benetan daude harrotuak hautsak Espainiako politikagintzan, estatu kolpeak gauzatu nahi izanaren salaketak tarteko norabide guztietan. Hitz potoloegiak direla ezin ukatu, ahoberokerien tenpluan botatakoak izanda ere, baina aldi berean ezin ukatu ondo islatzen dutela bizi den giroa. Badaukat susmoa, gogoeta hau idazten ari naizen bitartean, edo bidali eta berehala, nobedadeak izango direla, ez nolanahikoak gainera. Baina tira, ez dirudi aurreikusitakotik oso urruti egongo direnik.

Sekulakoa izaten ari da blokeen arteko polarizazioa. Eskuin eta eskuin mutur politiko, mediatiko eta judiziala alde batetik eta inbestidurako blokea bestetik, 2018an Mariano Raxoi kendu eta Pedro Sanchez jartzeko eraikia eta hurrengo urteko hauteskundeetatik aurrera berretsia. Bigarren fronte honetan, EAJ eta EH Bildu zintzo asko, leial Espainiako presidentearekiko, Sanchezen partetik nork fereka eta muxu politagoak jasoko lehia estua dutenaren itxura plazaratzen sarri.

Ironiak ironia, argi dezagun ulergarria dela egiten ari direna. Beharrezkoa ere bai. Mehatxuak handiegiak dira eta horrelako egoeretan ezinbestekoa da arduraz jokatzea. Kontua da, ordea, gero eta sarriago galdetzen ari garela batzuok geure buruari ea ez duten posible Andoni Ortuzar eta Arnaldo Otegirenek Madrileko euren jardunetan gobernuburuarekiko zirrikitu gehiago erabiltzea, diskurtsoetan ñabardura gehiago azaleratzea, desadostasunak oldarkorrago adieraztea. Legealdia luzatzearen eta eskuinari bidea ixtearen helburuari eutsita, horretan pitzadurarik sortu gabe, burua gehitxoago erakustea.

Pedro Sanchez ez da fidatzeko pertsona. Are gehiago, gezurrontzi izugarria da, gauza bat eta kontrakoa bata bestearen segidan botatzeko gaitasun izugarria duena. Azken urteetako bere ibilbidea ikusi besterik ez dago zertaz ari garen jakiteko: berea bezalako hemeroteka eta bideotekaren errepasoak birrinduta utziko luke beste edozein politikari, baina honi bost axola. Euskal alderdiei dagokienez, kontaezinak dira zenbat aldiz jan dituen bere hitzak Espainiako presidenteak, zenbat aldiz egin dion muzin hitzartutakoa betetzeari, hemen lorpen izugarritzat hartu izan genituen akordioak, bide batez esana.

Disimulurik gabe, 2008ko hauteskundeen eszenatokira eraman nahi gaitu Sanchezek. Bera (orduan Rodriguez Zapatero) edo deabrua. Gogora dezagun orduan EAJ behera etorri zela; ERCk jipoia hartu zuela (eta senaturako sozialistekin joan zela ezinbestean); IUk ere taldea galdu zuela. Ezker Abertzaleak abstentziorako deia egin zuela (ETAk berretsia), bere baitako zenbat jendek jarraitu ez zuena. Hego Euskal Herrian sozialistak oso nagusi, EAEko hiru lurraldeetan sekulako diferentziarekin eta Nafarroan UPN-PP koaliziotik oso gertu. Hori guztia ez zen posible izango eskuinaren kontrako lubakirik egokiena PSOE zela pentsatu zuen milaka abertzaleren botorik gabe, edo normalean alderdi abertzaleen hautua egiten zutenenak. Ez Katalunian, ez hemen.

Ez da erraza oreka mantentzea, ez da erraza giro honetan xede politiko nagusia lortzea, norberaren blokearen buru dena nahi gabe indartu barik. Baina saiakera handiagoa egin beharko lukete euskal alderdiek salbatzaile bakarra irudikatu nahi duen prozesu arriskutsu hau (berriro) gauzatu ez dadin. Onartu behar dugu gero eta deserosoago gaudela batzuk alderdi abertzaleek gai batzuetan Madrilen erakusten duten jarrerarekin. Adibidez, bekaizkeria puntuarekin ikusi genituen pasa den astean Junts, CUP eta BNG. Pentsatzekoa da Aitor Esteban, Mertxe Aizpurua eta enparauak ere sarri egongo direla deseroso babestu beharrean aurkitzen direnarekiko. Agian, gure deserosotasuna baretzeko modurik egokiena euren deserosotasuna ageriago -eta sarriago- uzten hastea izan daiteke. Agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.