Errusia gertuago dago Ukrainako zerealen blokeoa kentzetik

Lavrov Turkiara joatekoa da gaur, zerealen aferari konponbidea emateko. Kremlinek Kievi eskatu dio portuetatik minak kentzeko

Errusiako armadako gerraontzi bat, Turkiako kostazainena istriborrean duela, Itsaso Beltzean, Turkian. ERDEM SAHIN / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Errusiako Gobernuko ordezkaritza talde bat Turkiakoarekin batzartzekoa da gaur, Ankaran, Ukrainako zereala eta gainerako elikagaiak esportatzeko beharrezkoak diren mekanismoez eztabaidatzeko. Negoziazio horren barruan dago, besteak beste, Ukrainako portuetatik minak kentzea, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek atzo ziurtatu zuenez. Hura ere Ankarako bileran izango da, eta, adierazi zuenez, bi aldeek Ukrainako zereala Itsaso Beltzetik garraiatzeko proposamen bateratu bat lantzea dute xede. Izvestia Errusiako egunkariaren arabera, zereala esportatzeko aurreakordio bat lortu dute Errusiak, Turkiak eta Ukrainak, baina inork ez du hori baieztatu.

Errusiako Atzerri ministroak oroitarazi zuen garrantzitsua dela Ukrainak bere portuetatik minak kentzeko «konpromisoa hartzea». Horrez gain, eskatu zuen elikagaiez beteta Europara eta beste herrialdeetara doazen ontziak «babesteko». Gaur-gaurkoz, Ukrainako portuetan blokeatuta daude hogei milioi tona zereal baino gehiago, ez aurrera, ez atzera, otsail amaieratik, «Mendebaldeak Moskuren aurka ezarritako zigorren eraginez», Kremlinen hitzetan.

Lavrovek, bestalde, nabarmendu zuen Errusiako presidente Vladimir Putinek eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoak «aintzat hartu» dituztela munduko elikagaien segurtasunak eragindako arazo eta kezkak.

Bien bitartean, atzo Erresuma Batuko Defentsa ministro Ben Wallacek ohartarazi zuen litekeena dela Ukrainako gerra «beste koska bat igotzeko arriskuan» egotea. Horiek horrela, Londresek «irismen handiko» misilak emango dizkio Ukrainari, Errusiak herenegun Kiev inguruan egindako bonbardaketei erantzunez.

Kremlinek «helburu militarrak» aldatzen dituen heinean Mendebaldeak Ukrainari ematen dion laguntza ere «aldatu eta egokitu» behar dela iradoki zuen Wallacek. Halaber, aurreratu zuen Erresuma Batuak Ukrainako soldaduak bere lurretan trebatuko dituela, jaurtigailu berriak erabiltzen ikas dezaten. Erabaki hori AEBekin adostuta hartu dutela erantsi zuen Erresuma Batuko Defentsa ministroak.

Washingtonek esana du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ez duela zuzenean Ukrainako gerran parte hartuko, baina AEBak eta Europako bere aliatuak Ukrainara armak bidaltzen ari dira Errusiak otsailaren 24an inbasioa hasi zuenetik.

Bada, Putinek Mendebaldeari atzo ohartarazi zion Errusiak «beste helburu batzuei» erasoko diela Ukraina irismen handiko misilez hornitzen badute. Putinek, ordea, ez zuen helburu horien inguruan xehetasunik eman, baina esan zuen Mendebaldeko arma hornidurek eragin duten «zalaparta» gatazka «luzatzeko» egituratuta dagoela.

Gerra frontean, Ukrainako armadak Errusiako beste jeneral bat hil zuen atzo. Donbass eskualdeko Luhansk oblastean izaten ari diren borroketan hil zuten Roman Kutuzov jenerala, Popasna hiritik gertu. Errusiako Gobernuak ere baieztatu zuen Kutuzoven heriotza.

Sievierodonetsk, jomugan

Bi aldeen arteko oldarraldirik gogorrenak Sievierodonetsk hirian (Luhansk probintzia) izaten ari dira azken egunotan. Ukrainako presidente Volodimir Zelenski Donbass eskualdean izan zen atzo, eta onartu zuen Errusiako soldaduek «aurrerapen asko» egin dituztela hiri horretan. Moskuk Sievierodonetsk kontrolpean hartuz gero, Luhansk probintzia osoa okupatuko luke. Halere, hiriko alkate Oleksandr Striukek argi esan zuen: «Ukrainako tropek ez dute amore emango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.