Puigdemont garaile

David Bonvehi da PDeCATeko presidente berria. Cridarekin bat egitera deitu du. ERCk berriro uko egin dio proiektu berrian integratzeari
Quim Torra Generalitateko presidentea, David Bonvehi PDeCATeko presidente berria zoriontzen.
Quim Torra Generalitateko presidentea, David Bonvehi PDeCATeko presidente berria zoriontzen. MARTA PEREZ / EFE

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 24
PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanak JxC Junts Per Catalunya bereganatu zuen duela bi aste pasa, baina, asteburuan, PDeCATek bidea hartu du bat egiteko Crida Nacional per la Republicarekin, Carles Puigdemontek hauspotutako «independentzia lortzeko» mugimendu politiko «transbertsal» berriarekin. CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoaren ondorengoak larunbatean eta herenegun egin zuen biltzar nazionala, eta zuzendaritza berriko buruek bere egin dituzte Generalitateko presidente erbesteratuaren tesiak. «Inor ez dadila Cridan parte hartzeko beldur izan. Izan daiteke PDeCATekoa, eta Cridan parte hartu. Areago: PDeCATekoa bazara, Cridakoa izan beharra daukazu», nabarmendu zuen, herenegun, David Bonvehi PDeCATen presidente berriak. Alderdia udazkenean da Cridarekin bat egitekoa. Beraz, Puigdemont atera da garaile biltzarretik.

Marta Pascal zen alderdiko buru berria izateko hautagai nagusia; azkeneko bi urteotan PDeCATen koordinatzaile nagusia izana da. Baina Puigdemontek hura baztertu nahi zuen, iritzita ez dutela estrategia bera prozesu subiranista garatzeko orduan, eta konpromiso independentistarik ez edukitzea leporatzen dio Pascali. Pascalek larunbatean uko egin zion zuzendaritza berriko kide izateari. Kataluniako Gobernuko presidente kargugabetuak, hortaz, bidea libre du bere bide orria ezartzeko. «Tokatzen zena egin dugu, baita egun hauetan ere», esan zuen Puigdemontek herenegun, bideokonferentzia bidez. PDeCATek errepublika «ahalik eta azkarren» gauzatzeko konpromisoa jaso du bere estatutuetan.

Halere, kontsentsua ez da erabatekoa alderdiaren barruan. Bonvehi eta Miriam Nogueras Espainiako Kongresuan PDeCATen diputatua dena buru dituen zerrenda bateratuak botoen %65 bereganatu zituen joan den igandean, baina alderdiak biltzarrean eta aurreko egunetan erabilitako moduengatik protesta egiteko zerrenda bat aurkeztu zen azken orduan, eta botoen ia %30 lortu zuen.

Uda eta gero, ikusi beharko da PDeCATek nola bat egiten duen Cridarekin. Batzorde bat eratu dute horretarako, eta Jordi Turull, Josep Rull eta Joaquim Forn kontseilari ohi presoak eta Lluis Puig kontseilari erbesteratua izango ditu buru. Puigdemontek eta haren ingurukoek nahi dute integrazioa erabateko izatea; horrek PDeCAT desagertzea eragingo luke. Zenbait sektorek, ordea, alderdiari eutsi nahi diote. Eta hori guztia udal hauteskundeetarako urtebete baino gutxiago falta denean.

Kataluniako beste indar subiranistei ere dei egin die Puigdemontek, Cridarekin bat egin dezaten. Lehengo astean, ERC Esquerra Republicanak mugimendu «zentro-eskuinekotzat» jo zuen Crida, eta uko egin zion integratzeari. Errepublikanoek jarrera horri eusten diote. Marta Vilalta bozeramaileak atzo adierazi zuenez, «ekintza batasuna» eta «estrategia partekatua» ezinbestekoak izan beharko lirateke errepublika gauzatzeko.

Bestetik, Noguerasek atzo azpimarratu zuenez, hemendik aurrera zailago izango du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak PDeCATen babesa lortzea. Hain zuzen, Sanchezi kontzesio gehiegi egitea aurpegiratzen diote Pascali. Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak erantzun zion, eta esan zuen espero duela PDeCATek ez jotzea eremu «ezinezkoetara».

Ponsatiren kausa

Atzo, Eskoziako justiziak erabaki zuen artxibatzea Clara Ponsati Generalitateko kontseilari erbesteratuaren kontrako kausa judiziala. Izan ere, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak haren aurkako Espainiaratze agindua baliogabetu zuen joan den astean. Ponsati atzo zen Edinburgon deklaratzekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna